Teknopoliseko Atariko frogan egon nintzenean zientziaren hanka-sartzerik handiena eugenesia izan zela erantzun nuen. Eta gaur gai mingarri horretaz idatziko dut. Gure iragana ezin baitugu ahaztu eta egindako kalteetatik ikasi behar baitugu.
Nazioarteko Bigarren Eugenesia Biltzarra, 1921. Wikimediatik eskuratua.
Eugenesia XIX. mendearen bukaeran sortu zen eta XX. mendearen hasieran gorakada izan zuen, ideia eugenesikoak zituzten zientzialarien ospe ona zela eta. Genetika bere hastapenetan bazegoen ere, jada zientzia berri hori gizakion osasunean eragin ikaragarria izango zuela aurreikusten zen. Baina, edozein jakintza eta teknologia berri sortzen denean bezala, erabilera okerrak, gaiztoak eta interpretazio kaxkarrak etorri ziren ere. Oinarrian arrazistek, supremazistek eta, oro har, gizaki batzuk besteak baino nagusiagoak direnek gaixotasunen oinarri genetikoa erabili zuten beren propagandarako esanez, “gure espeziean badira ezaugarri kaltegarriak eta horiek ezabatu behar dira”. Nola? Ba “ezaugarri kaltegarri” horiek dituztenak, “gutxiago” diren horiek, derrigorrez antzutu seme-alabarik izan ez dezaten. Horrela espeziea hobetuko litzateke gizaki osasuntsuago, indartsuago eta arinagoak lortuz. Kaka sasi-intelektual hau zergatik izugarrizko kaka-piloa den azaltzea beharrezkoa ez dela iruditzen zait. Baina bai kaka-piloa dela azpimarratzea. Hala ere, arrakasta izan zuen eta behartutako antzutze programak martxan jarri ziren milaka eta milaka laguni ondorengoak izatera lapurtuta. Ikaragarria eta beldurgarria. Zorionez aberrazio honi amaiera eman zitzaion eta eugenesiak gainbehera izan zuen, baina ikaragarrizko kaltea eraginda.
Zergatik orain hau gogoratu? Ba edizio genomikoaren garaian bizi garelako eta diskurtso batzuek eugenesiatik gertuago daude (neoeugenesia dei dezakeguna) etika zientifikotik baino. Elhuyar Aldizkarian edizio genomikoaren marra gorriez hausnartzerakoan gai hau ere aipatu nuen. Iraganeko okerrak errepikatzeaz beldur gara eta kontu batzuek ez dute lasai egoteko aukerarik ematen.
Adibidez gaixotasun genetikoak konponduko direla eta gure ondare genetikotik ezabatuko direla esaten denean. Hil ala biziko kasuetan ados egon gintezke, baina zer da gaixotasun bat eta nork jartzen du irizpidea? Ez al du honek gizaki osasuntsuago, indartsuago eta arinagoaren kutsua?
Adibidez gizarte batzuetan gaixotasun genetikoak madarikazio bat direnez edozer egiten da horiek saihesteko. Orain arte enbrioien sailkatze eta aukeraketa egin da madarikazio genetikoetatik ihes egiteko, enbrioirik “onena” aukeratuz. Eta edizio genomikoarekin kontu hau maila berri batera eraman daiteke. Enbrioirik onenari nahi diren ezaugarri hobeak gehitzea. Osasuntsuago, indartsuago eta arinagoaren kutsua ez al du guzti honek?
Orain dela bi urte Nazio Batuen Nazioarteko Bioetika Batzordeak gizakion ingeneritza genetikoaren arazo etikoak eugenesiarekin ez nahastea eskatu bazuen ere, mamu hori hor dago. Horregatik Elkarte eta adituen gomendioak edizio genomikoaren inguruan bi oinarri dituzte: edizio genomikoa ikerkuntzarako ohiko kontrolak pasata erabiltzearen alde, haurdunaldian erabiliko den enbrioetan momentuz ez erabiltzea.
Aurreko guztia dela eta, guztioi eragiten digun gai bat delako ere, edizio genomikoari buruzko eztabaida irekia eta zintzoa eduki beharko dugu. Eugenesiaren mamua uxatzeko eta eskutartean izango duen lanabes hau denon onurako erabiltzeko. Hasten gara?
Iruzkinak
2 erantzun “Eugenesiaz hitz egin behar dugu” bidalketan
[…] Francis Galton zientzialariak hainbat esparru jorratu zituen, esaterako estatistika. Berak sortu zuen korrelazio kontzeptua. Baina bada ere ezaguna antropologiarekin eta genetikarekin lotura duen beste termino bat sortzeagatik: eugenesia. Eugenesiak herentziazko giza ezaugarrien hobekuntza du helburu, teknika biologiko eta genetikoak erabiliz. Eugenesiaren historia ardatz hartuta Koldo Garcia genetistak edizio genomikoari so egiten dio eta haren erabilerari: Eugenesiaz hitz egin behar dugu. […]
[…] Mugimendu eugenesiakoak indar handia izan zuen Europan eta EEBBetan XX. mendeko hasieran. Horregatik Huxleyk bere liburua argitaratu zuen: eugenesiaren arriskuaz ohartzeko. Garai hartan Europako eta EEBBetako hainbat estatuetan martxan zeuden programa eugenesiakoen oinarria zera zen: ezaugarri “kaltegarriak” dituzten pertsonek ondorengorik ez edukitzea, hots, antzutzea, ezaugarri horiek gene-ondaretik desagertzeko eta, horrela, gizateria hobeago bat lortzeko. Orain ez ditugu ezabatu behar, ezaugarri “kaltegarri” horiek edita ditzakegu eta gene-ondaretik ezabatu. Gizateria ezaugarri “kaltegarri” horietaz libratuko da eta hobea izango da. Zeintzuk dira ezaugarri “kaltegarriak”? Hor dago koxka. Eta uniformetasunera daraman aukerari atea zabaltzea. […]