Mastodonen @mikelgs -ek txerriek saihets estrak dituztela adierazi zidan, gizakiok egin diegun hautespena dela eta. Horri tiraka etxabereekin dugun harremanak gene-mailan zein eragin duen aztertzea ariketa polita izan zitekela iruditu zait.
Mikelek aipatu zidan bezala, txerriek saihets sorta estra bat dute gure eraginez. Berez txerrietan arraroa zen gene-aldaera baten ondorioz txerri batzuk luzeagoak ziren saihets estra horiek zituztelako. Hori abeltzainentzat interesgarria zen haragi gehiago lortu zezaketelako. Hortaz, halako txerriak gero eta gehiago aukeratzen ziren eta ezaugarri hori hedatzen joan zen; eta gaur egungo txerri gehienek hasieran oso gutxik zuten mutazio hori dute. Gainera, txerrien kolorea ere aldatu dugu, orain kolore argiago dute. Gizakiok egindako hautespen hau urte askotan zehar egin bada ere (txerriak etxekotu genituenetik beren gene-ondarea aldatzen gabiltza), azken 60-70 urteetan eragin hori bere geneetan nabariagoa da, abeltzainek batez ere hazi dituztelako haragi ona eta gantz gutxi dituzten txerriak.
Txerria ez da bere gene-ezaugarriak moldatu dizkiogun animalia bakarra. Gizakiok egindako hautespena etxabere guztietan gertatzen da: behietan esne gehiago edo haragi gehiago eman dezaten; oiloetan arraultza gehiago emateko; txakurrak gure gustuetara doitzeko; zaldiek gehiago korrika egiteko; astoetan lan gehiago egiteko edo zama gehiago eramateko; ardietan esne-kopurua, haragi-kopurua edo ilea moldatzeko; etab. Espezie hibridoak sortzea barne, mandoa esate baterako.
Egiteko modua oso antzekoa da: nahi diren ezaugarri “on” horiek sustatu, horiek dituzten animalien arteko gurutzaketak sustatuta; edo arraza barneko gurutzaketak sustatu arraza horren ezaugarriak indartzeko. Bai, noski, guzti horrek gene-materialen eragina du eta gure hautespenak espezie horien gene-ondarea moldatu du. Bakarrik ikusi behar dira nolakoak ziren etxabere batzuk edo arraza batzuk orain dela ehun urte eta nolakoak diren orain.
Noski, desiragarriak ziren ezaugarri horietaz gain, kaltegarriak diren ezaugarriak zabal daitezke hautespen eta gurutzaketa horien ondorioz. Gaixotasunak sor ditzaketen gene-aldaera arraroak populazioan heda daitezke, horregatik gurutzaketak oso ondo kontrolatu behar dira gene-aldera horiek ez sustatzeko. Baita ere, hautespen horren ondorioz, etxabereak zaurgarriagoak izan daitezke patogeno berrien aurrean, horiei aurre egiteko gene-aniztasuna mugatuagoa baitute.
Hala ere, ez dugu bakarrik etxabereen gene-ondarea aldatu hautespen horren ondorioz. Gurea ere. Adibiderik argiena esnea edatea da, Ipar Europan sortu zen mutazio hori, behien abeltzaintzarekin batera zabaldu zen Europan zehar. Hau da, behien gene-aldaerak aukeratzen genituen aldi berean, gure gene-aldaera bat hedatzen ari ginen. Kultura eta biologia gurutzatzen diren lekua. Eta ko-eboluzio pixka bat ere, hau da, bi espezie moldatzea beren onurako. Zeren, eboluzioan, elkarrekintzak anitzak dira eta hainbat norabidetan gertatzen dira.
Hortaz, abeltzaintzarekin batera, etxabereen gene-ondarea gure beharretara moldatu dugu. Eta bidean, gurea ere.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-diberitsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua
54) Bizi(tz)a konplexua da
One comment on “Itxialdirako genetika (55): Etxabereak eta gu”
Comments are closed.