Aste honetako gomendioak.
Liburua: Autobiografia (Charles Darwin, 1887)
Darwinen lana bizitzari buruz genuen kontzeptua irauli zuen eta aurten bere urtea den heinean berari buruz jakitea nahiko interesgarria da. Asko harritu ninduen liburua, tipoak humore nahiko kaustikoa zuekan (ingeles on bezala) eta gauzak nahiko argi azaltzen ditu. Batez ere bere familiari zion maitasuna txunditu ninduen.
Filmea: The Big Lebowski (1998)
Coen anaien filmekin jarraituz, euren beste klasiko bat. Jeff Bridges-ek kristolako lana egiten du ‘The Dude’-ren papera egiten, bere itxura, harropa horiekin eta beti errusiar txuri bat (vodka, kafe likorra eta nata) eskutan . Ezin daiteke ahaztu John Goodman-en pertsonaia eta egiten zituenak. Puntu batzuetan filmea oso surrealista bilakatzen da, baina kriston puntazoak ditu, adibidez boleran John Turturrok egiten duen agerpena edo bolera kanpoan ‘errusiar’-ekin duten tira-bira.
Seriea: The Big Bang Theory (2007)
Modako seriea. Kriston engantxada dekot. Serie frikiak gero eta eragin handiagoa dute eta, serie honen kasuan, normala da. Sheldon Jainkoa da. Gainontzekoek euren gauzak dituzte eta Leonard eta Penny artekoa nahiko topikoa da, baina Sheldon beste mundu batekoa da. Ikaragarriak botatzen dituenak, sarkasmoak harrapatzen ez dituenean, bere maniak, besteak mesprezatzeko duen modu hori,… kriston fenomenoa.
Diska: Ajuste de cuentas (Quique González, 2006)
Diska hau azaltzerakoan, Quiquek abesti bat egiten duen bakoitzean kontu-garbitze baten modukoa dela dio. Nik abesti asko egin beharko nituzke. Quiquek zuzeneko diska honetan kontu-garbitze bikaina egiten du. Bere abestien moldapenak oso zainduak daude, diskak hartzen duen soinua oso berezia eta, bere beherakadak baditu ere, diska borobila ateratzen zaio. Batez ere, Hotel Los Angeles-en kriston bertsioa egiten du, jatorrizkoaren zeharo ezberdina. Eta “Y los conserjes de noche” eder batekin bukatzen du, “zortea primerako emagaldua da.”