Kafepintxo

Azkenengoa

Izen handiegia gertaera honetarako. Etxetik eta bizitza ulertu eta bizi dudan bezala idazten ditudan azken hitzak. Lau zabor-poltsa, garbigunera bisita bat eta bizitza enpaketatu ondoren geratzen dena geratzen da.
 
Apustu bat da, aldaketa handi bat da, ezberdina izango da, mundu guztiak nahi duen guztia baina, azkenean, gauzak berdin jarraituko dute. Joan-etorriei garrantzia gehiegi ematen zaie. Onartzen dut aldaketak ez ditudala gustoko baina, egia esan, errutina batetik besterako trantsizioa besterik ez da. Bai, hiri berria, lan berria, bizimodu berria eta nahi beste, baina behin behineko gauza bat moduan ikusten dut. Eta denbora arin pasatzen da.
 
Azken finean ordenagailuaren, telefonoaren eta bestelako gailuen beste aldean jarraituko dut. Bisitak egingo ditut eta egingo dizkidate. Moldatze eta borondate kontu bat besterik ez da.
 
Egia da eguneroko gauza txiki horiek faltan botako ditudala. Baina gauza txiki berriekin betetzea espero dut. Eta norbaitek faltan botatzen banau nire hutsunea modu batera edo bestera beteko duelaz ziur nago.
 
Bidean ikusiko gara.
 

 
Bihotzez,
 
Koldo.
 

Utzi erantzuna