Kafepintxo

Palomitak eta kola: True Grit

Coen anaien zale amorratua naizela aski ezaguna da. Western-ak, bakeroen filmeak edo, Atxik deitzen zituen moduan, bakeradak nire gogoko generoen artean ez dira aurkitzen. Baina jakin badakit filme hau bera bizirik balego beragaz ikusiko nukeela.
 
20110212191506
 
Coen anaien maisulana da hau. Egia esan liburuen adaptazioak egiten maisuak direla erakutsi dute berriro ere. Filmea bikaina da, irauten duen ordu ta hiru laurdenak ez dira batere astunak. Erritmoa dauka, istorio txukuna eta aktoreak bikain daude. Normala da 10 Oscar-etara proposatua egotea.
 
20110212191601
 
Bertsio originalean ikusteak Jeff Bridges bikain batez gozatzea ahalbidetu dit. Bere neurrira egindako papera dela ezin daiteke ukatu, bere keinuak eta hitz egiteko era nabarmentzekoak dira. Egia esan Matt Damon inoiz ez zait beste munduko antzezlea iruditu eta filme honetan lan txukuna egiten du, onerako harritu nau. Kuriosoena Josh Brolin-ena iruditzen zait: filme osoa bera harrapatzea bada ere hiru eszenetan soilik agertzen da baina, hala ere, kartelean agertzen da.
 
Eta Mattie-k, Steinfeld-ek antzeztua, bere parrafoa merezi du. Filme guztian zehar eta zinematik ateratzerakoan buruan ideia bakarra neukan: “zelako potroak dituen neskatoak”. Hizkera, izaera. Eta bere nahi guztiak lortu ere.
 
Filmeak bere momentu dibertigarriak ditu, txantxak daude eta zapore gazi-goxoa uzten du bukaeran. Agian ez da filmerik Coen-tarrena baina bere ikutuak ditu: zaldian doan hartza, kotoi-saltzailea, zaratak egiten zituenak,…
 
Bai, gustatu egin zait. Filme handia. 9,5 ematen diot.
 

Utzi erantzuna