Ongi da. Atzo urtebete bete zen tesia irakurri nuenetik baina, gauza batzuengatik edo besteengatik, ez dut egin dudanari buruz idatzi. Beno, alperkeria izan da, ez besterik.Hala ere, zeri buruz egin nuen tesia? Ba beno, erretrobirus endogenoei buruz, behietan batez ere eta zaldietan ere. Eta hori bota ostean beti galdetzen didatena, Koldo, ze ostia dira erretrobirus endogenoak?
Niri birus arima duten elementu genomikoak direla esatea gustatzen zait. Zeunden bezala utzi zaitut. Ongi da. Gure genomak, gure DNA, geneak baino zeozer gehiago dira. Ziur geneak ezagunak egiten zaizkizula, gutxiro komunikabideetan eztakitzerregaz erlazionatutako geneak aurkitu dutela agertzen da. Ba, berri txar bat eman behar dizut, geneak gure genoma/DNA/eskuliburuaren zati txiki bat besterik ez dira, oso eskuzabala izanda, gizakiotan %10 gehien jota. Erretrobirus endogenoak, gizakiotan, %8a. Bai, erretrobirus endogenoen presentzia geneen presentziaren parekoa izatera hel daiteke eta orain zure buruari galdetzen ibiliko zara zergatik ez duzun erretrobirus endogenoi buruz inoiz ezer entzun hainbeste badaude/badira. Lasai, ez da zure errua, elementu hauei buruz gutxi ikertu baita. Imagina ezazu, erretrobirus endogenoak elementu transposakor deitzen diren elementuen barruan sailkatzen dira (izen oso exotikoa salto egiten duten elementuak esateko), eta hauek gizakion genomaren %45a eratzen dute… bai gure DNAren ia erdia elementu jauzilariak dira, genomaren parte batetik bestera salto egin dezaketenak! Eta zer dakigu horiei buruz? Ia putaidearik ez. Jauzilariak diren elementu hauei buruz gutxi badakigu, imagina bere taldetxo bat…
Orduan, zer egiten dituzte berezi? Genoma berberean jauzi egiteaz gain, beren birus jatorriagatik, beste genoma batzuetara jauzi egin dezaketela. Edo beste genometara salto egin ahal izateagatik birusak dira? Zer izan zen lehenago, arraultza ala oiloa? Kasu honetan genomaz genoma salto egiteko gaitasuna lortu zuten elementu jauzilariak dira. Bestalde, eta hau oso eraginkorra da, erretrobirus endogenoek hainbat gaixotasunetan partu har dezaketela iradoki dute, hala nola, minbizi mota batzuetan, esklerosi multiplean edo eskizofrenian. Honekin, bai, ziur zure harreta lortu dudala. Beste kontu bat da euren partehartzea nolakoa den, nire ustez, gaixotasunen ondorioz gertatzen da, ez dira jatorria.
Nire lana lau urte t’erdiz (formalki, ze oraindik ere lan ematen didate) erretrobirus endogenoak behietan batez ere, baina ere zaldian eta beste ugaztun batzuetan, aztertzea izan da. Bioinformatikaren bidez, bata jantzi ta laborategiko kontuak egitea ez da nirea, baina datuak ordenagailuen bidez aztertzea eta interpretatzea ondo ematen zaidala dirudi. Zer egin dut? Hainbat gauza, ze, esan bezala, elementu hauei buruz gutxi dakigu. Jakin badakigu ornodun gehienetan agertzen direla eta lan sakonen bat primate eta karraskarietan egin dira. Guk (halako gauza bat lan-talde baten barruan eta zuzendari baten begiradarekin egiten dira) beste animalia batzuetan zer gertatzen zen jakin nahi genuen, hausnarkarietan batez ere, lan-taldeak horretan lan egiten baitu eta. Eta lortu ere, horrek buruhauste eta galdera berriak sortu baitzigun ere. Baina guzti hau, biharko.
Koldo, ze ostia dira erretrobirus endogenoak? (I)
Iruzkinak
2 erantzun “Koldo, ze ostia dira erretrobirus endogenoak? (I)” bidalketan
-
[…] 2011/06/18 Koldo, ze ostia dira erretrobirus endogenoak? (I) […]
-
[…] Erretrobirus endogenoak jatorri birala duten osagai genomikoak dira. Erretrobirusek (GIBa kasu) bere burua kopiatzeko duten modua dela eta beraien material genetikoa ostalariaren material genetikoan txertatzen dute. Gerta liteke hori gertatzea hozi-lerroko zeluletan (obuluak eta espermatozoideak sortzen dituzten zelula-aitzindarietan) eta ostalariaren material genetikoan txertatuta gelditzea, beste edozein osagai genetiko bezala. Berez kaltegarriak diren birusak genometan harrapatuta gelditzea, paradoxa eder bat. Karraskarien kasuan saguan lan asko egin dira erretrobirus endogenoen inguruan, batetik animalia eredu bat delako, bestetik gainontzeko ugaztunekin alderatuta erretrobirus endogenoen kontu hau berezia delako saguetan. Ugaztunetan I motako (ez, ez zioten imajinazio asko bota taldeak izendatzerakoan) erretrobirus endogenoak dira nagusi, bai kopuruan, bai taldeen kopuruan (erretrobirus talde esaten zaio jatorrizko txertaketa batetik beranduago eratorri diren kopiak). Baina saguetan II klasekoak dira nagusi, oso nagusi, eta III klasekoen presentzia azpimarragarria da, nahiko deigarria dena. Eta, hedaduraz, arratoietan hala zela uste zen. Baina horretan jarri garen arte ez da erretrobirusen bilaketa sakonik egin arratoiaren genoman. […]
Utzi erantzuna
Iruzkinak bidaltzeko saioa hasi behar duzu.