Kafepintxo

Eskerrik asko Celtas Cortos

Ene nerabezaroko soinu-banda duda izpirik gabe Celtas Cortos da. Unian nengoela taldeak guztiz gustoko ez nuen norabide bat hartu zuen eta beste musika mota, talde eta abeslari batzuk entzuten hasi nintzen, eta fans-a egin ere.
 
Bakoitzak bere bidea egin zuen eta 2008an “40 de Abril” atera zutenean aukera berri bat ematea erabaki nuen. Nahiko kuriosoa izan zen, goiz batean zapping egiten nenbilen eta bideoklip batekin topatu nintzen, doinuak entzun eta berehala “hau Celtas Cortos da” esan nuen. Eta hala zen, pixkat aurrerago eurak agertzen ziren bideoan. Abestia (“Retales de una vida”) gustatu zitzaidan eta horrexegatik aukera eman. Egia esan diskoa entzutea hamaika-hamabi urte atzera egitea bezala izan zen. Baina oraindik zeozer zegoen berriro ere gogoko nituela esateko.
 
Iaz arte. Ez dut oso ondo gogoratzen nola baina “Introversiones” diska atera zutela jakin nuen. Interneten bilatu nuen eta pare bat bideo eskegita zituzten eta, zer esanik ez, mordo gustatu zitzaidan, baina pasada bat. Eta disko osoa entzuterakoan euregaz adiskidetu nintzen. Bai, zeozer oso gustoko duzunean daukazun konexio azalezin hori berriro izan nuen.
 
Gainera, disko hori nire bizitza berriaren soinu-banda bilakatu zen, Bartzelonara etorri baino aste batzuk lehenago atera baitzuten. Batez ere “Vida gris”, hori bai abestia, txo. Martxoa aldean Bartzelonara etorri ziren antzerki formatuan eta hara joan nintzen. Sekulakoa izan zen, unkituta egon nintzen, primeran pasa nuen, poz-pozik atera nintzen, abesti guztiak nekizkien, batzuk urteak entzun barik banituen ere. Bai, nire nerabezaroarekin adiskiditu nintzen. Eta ordutik sarri entzuten ditut, batez ere antzerkiko zuzenekoa webgunean eskegi zutenetik , paregabea benetan. Azken urte honetako soinu-bandaren errudun nagusiak dira eta, duda izpirik gabe, guztiz eskertuta nago.
 

 
Eskerrik asko, Celtas Cortos.
 

Utzi erantzuna