Genetika, genomika ta beste

Jakintza berbanatu

Ezkerreko eta justizia sozialeko ikuspuntutik aberastasunaren berbanaketa oinarrizkoa da. Orain gutxi arte Europako ongizate-estatuaren oinarria aberastasunaren berbanaketa zen, gehiengoarentzat zilegia baitzen zuenari zeozer kentzea ez zuenari laguntzeko. Baina eraso neokontserbadorearen ostean hau kolokan dago. Beno, kolakan baino, zuzean alderantzizko bidea hartu du: ez duenari kentzen zaio duenak oraindik gehiago izateko.
 
Oinarrizko eskubide honen burrukan ulergarria iruditzen zait baliabide/oinarrizko zerbitzuetara mugatzea eztabaida, baina pena ematen dit. Badirudi daukaguna babestera mugatzen garela eta ez esparru berriekin kontraerasotzera. Nire ekarpen xumea nire ustez oso garrantzitsua den aberastasun baten inguruko gogoeta da: jakintza.
 
Baliabideetaz ari garenean zero-baturako jolasa bezala definitzen da: batek irabazten duena besteak galtzen du. Baina jakintza ez da zero-baturako jolasa: norbaitek bere jakintza ematen duenean ez du galtzen, mantentzen du, eta jasotzen duenak irabazten du. Gainera ematen duenarentzat, elkarrekintza dela eta, jakintza transmititzea aberasgarria da.
 
Bestalde, aberasgarriaz gain, jakintza transmiitzea subertsiboa eta solidarioa dela iruditzen zait. Subertsiboa idei, arrazoiketa, ikuspuntu, galdera eta duda berriak transmiitzen direlako, askeagoak egiten gaituelako. Solidarioa, errealitatea, ingurutzen gaituena hobeto ulertzeko lanabesak ematen ditugulako. Gehiago jakiteak zarata eta zabor artean garrantzitsua dena ikusten laguntzen digu, pentsamendu eta diskurtsu kritiko eta arrazoituak garatuta.
 
Hala ere jakintzaren berbanaketa jakintza sortzen dugunon betebehar bat dela uste dut. Ikertzailea naizen einean (niri jakintzaren langilea naizela esatea gustatzen zait) egiten dudana ahalik eta jende gehiagori azaldu behar diodala iruditzen zait, lan honetan gizartearekiko konpremezu hori hartu dudala. Ez bakarrik jendeak nire lana ordaintzen duelako (eta, hortaz, egiten dudana jakiteko eta ulertzeko eskubidea duelako), baita ere gizarte aurrerakoi eta heldu batek bere eskura jakintza arlo guztietako informazioa eskuragarri izan behar duelako.
 
Ahal dudan heinean eta leku xume honetatik, apaltasunez baina gogo askorekin nire jakintza arloa (genetika batipat) hobeto ulertzeko pistak eta gogoetak egiten saiatuko naiz. Jakintza berbanatzeko garaia da. Jakintza karril zentralean jartzeko garaia da.
 

Utzi erantzuna