Kafepintxo

Korrika, izan nahi dugun herria

Azken egunetan honako txioak idatzi ditut:
 

 
#korrika EH magikoaren adierazpenik indartsuena da: herri bat bere hizkuntzaren alde 10 egunez korrika
 

 
– Herri honen handitasuna zoro ikaragarriak garela da, milaka pertsona #korrika hunkituta
 

 
– Gaur Basaurira #korrika heltzen da, irrikitan gaueko 23:15 izateko! 😀 @EuskalakariAEK
 

 
– Basaurin dena prest #korrika egiteko! ttipi-ttapa @EuskalakariAEK pic.twitter.com/f3vt8HShln
 

 
#korrika n parte hartzea hunkigarria da beti. ordu batzuk gutxiago lo egin EH euskaldun bat amesteko. #korrika 19rarte! @EuskalakariAEK
 

 
Korrika guztiz hunkitzen nauen gauza gutxietako bat dela onartu beharra daukat. Eta niri korrika egitea etzaidala batere gustatzen. Baina bi urtean behin metro batzuk mezu misteriotsu hori daraman testiguaren atzetik, dozenaka pertsonekin batera, korrika egiten dut. Barkatuko didazue metro batzuk bakarrik izatea baina Basauri aldapatsua da.
 
Hamar egunez zehar ehundaka pertsona testigu bat eskuz eskua ematea eta testigu horren atzean korrika egitea magikoa iruditzen zait. Hunkigarria, kasik miraria. Herri honek euskadun izan nahi duelaren aldarria herri honen txoko eta bazter askotatik eramanda. Eguzkia, euria, errepide zurituak, herriak, hiriak, haurrak, nagusiak, hemengoak, hangoak, eskuz esku mezu sekretu bat garraiatzen euskaldunon herri honetatik.
 
Eta Amets Arzallusen mezua primerakoa Lekukoaren atzetik joan ginenean ez genkien nork idatzia zen eta zer idatzi zuen. Baina mezua txapela kentzekoa da. “Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen”.
 
Azken finean Korrika, zentzu zabal batean izan nahi dugun herriaren islada dela iruditzen zait. Korrikan zehar milaka istorio txiki, ehundaka aldarri eta, zergatik ukatu, malkoak. Guztiek izan nahi dugun herria irudikatzen dute, gizarte moduan joan nahi dugun lekura, eskuz esku, arnasez arnas, ezberdinen arteko laguntza helburu bat lortzeko. Hamar egunez milaka pertsonek lekukoa lagundu dute Andoaindik Baionara bidea egiteko, existitzen omen ez den herri honen zehar. Niretzat, modu erromantiko batean lekuko horrek herri honen itxaropenak irudikatzen ditu. Pausuz pausu, ttipi-ttapa hiritar euskaldunon herrira.
 
Guzti honek bere itzalguneak ere dituela ezin daiteke ukatu. Oraindik gauza asko egiteke eta egiteko daude, gabezi eta ahultasun asko ditugu Euskal Herri euskalduna lortzeko baina hau ez da momentua horretan sartzeko. Euskaldunok badugu sufrimendurako joera, poztasun txikiak hartzeko eskubiderik ez bagenu bezala. Eta nire ustez Korrika euskaldun/euskaltzale (euskaldun izan daiteke euskaltzale izan gabe?) guztiok gozatzeko momentua da. Nik behintzat horrela egin dut.
 
Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Ko-rri-ka.
 
Korrika 19rarte! Ea azkenengoa den!
 

 

 

Utzi erantzuna