Genetika, genomika ta beste

Zergatik ez dut dibulgatzen?

Zergatik ez dut dibulgatzen?
 

 
Aurreko astean Uxune Martinez-en “Zientziaren dibulgazioa: esadazu dakizuna. Publish and market or perish” sarrera harretaz irakurri nuen. Oro har ados nago idazten duenarekin eta egi borobilak direla onartu beharra dut. Eta orduan nire bururari gogoeta hau plazaratu nion “Koldo, ikertzailea zara, zergatik ez duzu dibulgatzen?”. Barrura begirako galdera eta erantzuna blogean idaztea bururatu zitzaidan, gogoeta ariketa bezala. Ez nire burua justifikatzeko, baizik arazoak non dauden bilatzeko eta, horrela, aurrerantzean Uxunek botatako ordagoa hartzeko.
 

 
Ikertzaileok dibulgatu behar dugu. Argi eta garbi, hor ez daukat inolako dudarik. Gure lanaren parte da. Bi arrazoi nagusigatik: transparentziagatik, gure ikerketa ordaintzen duen gizarteak egiten duguna jakiteko eta ulertzeko eskubide osoa du eta gure betebeharra gizarteak egiten duguna ulertzea da; eta erantzunkizunagatik, nire konpromezua gizartearekiko ikertzaile moduan ezagumendua sortzea eta partekatzea da, zeozer berri aurkitzea, zirkulu akademikoetatik at zabaltzen ez bada, aurkitu ez izana bezalakoa da.
 

 
Dibulgazioaren beharra hain argi badaukat, zergatik ez dut dibulgatzen? Korapiloa hor dago. Puntuka joango naiz.
 

 
Zailtasuna. Uxunek Iñakoren berbak dakartza, hots, dibulgatzaileak istorio kontalariak direla. Baina istorio batzuk besteak baino zailagoak dira kontatzen. Iñako irakasle izan nuen eta egiten duzun lana zure amamak ulertzeko moduan azaldu behar duzula esan zigula gogoratzen dut. Baina ez da gauza bera akuikulturari buruz dibulgatzea, arrainen domestikazioa nahiko salgarria baita, edo DNA zaborraz hitz egitea, oso abstraktua baitirudi. Egia esateko, ikerketa aplikatua oinarrizkoa baina errezago dibulgatzen da. Normala den bezala, ikerketa batek ageriko aplikazio bat duenean askoz ere hobeto ulertzen da. Egindako ikerketak ez badu aplikazio zuzenik, publikora heltzea zailagoa suertatzen da. Esate baterako, Roentgen-ek bere etxeko sotoan izpi katodikoen ezaugarriak aztertu zituenean, gai oso interesgarria suertatzen baizitzaion, jendartean hori dibulgatzea errez ez zukeen edudiko; baina kuriositate hutsez egindako esperimentuen ondorioz, txiripaz, X-izpiak aurkitu zituela badiogu, orduan jendartearen interesa pizten dugu, guztiok jakin badakigu X-izpiek gure bizitza hobetu dutela eta urte luze hauetan pertsona askoren bizi-baldintzak hobetu dituela, erradiografien bidez esateko. Istorio batzuk, liburuak bezala, errezago heltzen dira jendartera, eta dibulgatzen den gaiak ere muga hori du. Lan egiten dudan eremua zabala bada ere (hainbat proiektuetan parte hartzearen ondorioa), nire interes eremua (elementu mugikorrek genomen eboluzioan duten eragina, harrapazank!) azaltzea zaila delaz ohartzen naiz. Nire kideen artean ere. Tesia Teknopolis-en azaldu nuen edo hemen bertan baina zenbatek ulertu zuten? Hor dago koska.
 

 
Denbora. Dibulgazioa ikertzaileon lanaren zati bat dela diot. Baina soldatan al doa? Niri ordaintzen diran instituzioak nire lan orduetan ganorazko dibulgazioa egiteko behar dudan denbora hartzea ondo ikusten al du? Edo ikerketan edo foro akademikoetan kontuak azaltzen zentratzea nahiago al du dibulgazioa nire denbora librerako utziz? Ze, egia esan, etxera heltzen naizenean lana ahaztu nahi dut, nire osasun mentala mantentzeko deskonektatu behar dut. Lan hau egiteko nahiko jota egon behar duzu, baina, tira, paseotxo bat egin, pote batzuk hartu edo telesailak ikustea nahiago dut lanerekin zerikusia duen zeozerrekin jartzea baino. Bai, arrazoi guztiz nerekoia da baina ez diot nire buruari lan orduetatik kanpo lanean jarraitzen eskatuko. Izan ere paseotxoan ideiak bururatu bururatzen zaizkit, zer esan, nola esan, baina gero ordenagailu aurrean idazten jartzea aldapan gora egiten zait. Agian nire buruari dinamika positibo bat ezartzen badiot lor nezakeen astean behin dibulgatzea. Agian nire ikasturteko erronka bezala jar dezaket.
 

 
Foroa. Non eta noiz dibulgatzen dut? Blog hau adibidez nire kontutxoak botatzeko erabiltzen dut. Audientzia mugatua du baina blogaren helburua ez da jendartera heltzea, baizik eta nire buruari terapia jartzea. Bai, twitter edo Facebook-en zabal dezaket mezua baina, txo, egia esateko, niri spam-a egitea ez zait batere gustatzen eta facebook-en ditudan lagunak badakite zer egiten dudan, ulertu eztakit, baina zer hori badakite. Agian bisitak dituen portal/webgune baterako idatz nezakeen, baina niretzako konpromezu bat bilaktzen da. Ez dut nahi dudalako egiten, baizik hitza eman dudalako, egin behar dudalako. Eta, egia esateko, halako esperientziak izan ditudanean ez naiz guztiz gustora geratu. Azkenik, nitxo guztiak bezala, okupazio muga bat dute. Baditugu Pope handiak foro guztietara gonbidatuak eta ezezagunok ezagutze ematera zailtasunak ditugu. Gehiago ahalegindu beharko nintzateke? Bai, baina grinak muga bat du ere. Senideekin edo lagunekin pote bat hartzen egiten dudan dibulgazioa nahiago dudala onartuko dizuet. Nire izaera lotsatia izango da edo forma zurruntasunei diedan ezinikusia, publikoan hitze egiterakon formalismo batzuk baitaude. Barne hitzaldi batean esan nuen bezala “niretzat zientzia sukaldatzea bezala da: bakoitzak bere ikutua ematen dio eta etxean maitasunez egina eta familia eta lagukin partekatuta zapore hobea du.”. Hori nire filosofiaren muina da.
 

 
Interesa. Jendearen interesa piztu behar dugu, bai, baina jendea be prest egon behar du. Nire ustez La 2-eko dokumentalaren sindromea gertatzen da: mundu guztiak dokumental horiek ikusten dituela dio baina benetan Salvame da ikusiena. Gehiengoak ikerkuntza garrantzitsua dela argi du, baina zergatik, ez dut argi argi dutenik. Zentzu hortan ikerkuntzaren garrantzia hegemonikoa da baina ez da gauzatzen. Eta guztiz ulergarria da. Nik ere nire denbora librean esfortzu intelektuala suposatzen duen zeozer egitea ez dut gustoko. Gaia interesgarrai bada ere. Adibidez, orain dela hilabete batzuk BBVA Fundazioak Bilbon duen egoitzan Genomika eta medikuntzari buruzko dibulgazio hiltzaldi sorta antolatu zuen. Pare batera lan kontuengatik joan nintzen eta, egia esateko, ordua zela (nire neuronentzat beranduegi) edo gaia ezaguna nuelako, ordutxoa batipat Banco Bilbao eraikina miresten pasa nuen, sinez beirazko mosaiko politak ditu. Hitzaldietara interesarekin baina gutxi ulertuta itzuli zen jendeari ez diot deusik esango, normala da etxera horrela itzultzea. Gai batzuk gogorregiak dira interesa jartzen badiozu ere. Eta gai horietan interesa piztu behar baduzu, jai duzu. Egia da marketing hobea egin beharko genukeela, horrekin Uxunerekin guztiz bat nator. Baina bi defektu profesional ditugu: zehaztasuna eta ziurgabetasuna. Zehatzegiak izan ohi gara, gure hitzek interpretazio okerrik ez edukitzeko. Gainera esaten dugunaz ez gaude ziur, azken finean egi borobilik ez dugu, eta zalantzazko marko horretan bizi gara. Uste duguna ez dugu sinisten. Guzti horrek mezua alrebesten du eta argiak ez izatea ekartzen du. Eta horrek interesaren galera dakar.
 

 
Formazioa. Ez dut dibulgatzeko formazioarik jaso. Eta ondo dibulgatzen jakiteko ikasi behar da. Autodidakta izan ninteke, saiatu eta ikusi zer gertatzen den. Eta ez etsi. Burugogor jarraitu. Ikertzaile moduan gizartearekiko konpromezu hori baitaukat. Baina formazio eza oztopo handi bat dela ez dizuet ukatuko. Oso burugogorra banaiz ere. Edo agian ez dut dibulgatzerako balio. Norberaren mugak non dauden jakitun izan behar gara eta dibulgazioan ez naiz iaioa.
 

 
Guzti honekin ez dut nire burua justifikatu nahi. Hauek nire arrazoiak edo aitzakiak dira. Oraint garrantzitsuena konponbide bat aurkitzea da. Agian bakarrik jartzea da eta dinamika positibo batean sartzea. Nire buruari epe eta helmuga posibleak jarri. Nire lanaren dibulgazioa egiteko Iruzkin eta idea guztiak eskertzen eta onartzen ditut. Urte hasierako asmoak ez bezala betetzea espero dut.
 

3 Comments on “Zergatik ez dut dibulgatzen?

  1. Gogoz irakurri dut zure hausnarketa Koldo! Aipatzen dituzun hainbat arrazoi errepikatu egiten dira ezagutzen ditudan ikerlari askoren ahotan: denbora, formaziorik ez, eginkizunetik at. Egia da.
    Hala ere, gaur idatzi duzun hau bada lehen pausu bat. Horrela ikusten dit neuk behintzat.
    Zure zalantzak eta galderek erantzuna dute (nire ustez). Foroari dagokionez, erabiltzen dituzun blog hau eta twitter iturri egokiak dira. Interesa, jendearen interesari dagokionez, ez badiguzu ezer esaten, nola jakin interesa dugun ala ez? 😉
    Eta zure, hitzak erabiliz: \”zientzia sukaldatzea bezala da: bakoitzak bere ikutua ematen dio eta etxean maitasunez egina eta familia eta lagukin partekatuta zapore hobea du\” Maitasunez egin eta etxean partekatzen duzun hori, partekatu gurekin ere… guk ere dastatu nahi dugu eta!

  2. Oso interesgarria, Koldo, botatzen dituzun hausnarketak. Bost arrazoi ematen dituzu, zergatik ez duzun gehiago dibulgatzen azaltzeko. Bai, gehiago diot, zeren eta artikulu hau dibulgazioari buruzkoa da, eta hortaz, zerbait idatzi duzu horren inguruan.

    Zailtasuna. Egia da, gai guztiak ez direla berdin dibulgatzen. Honen inguruan, mezua jasotzen duenak zailtasun gehiago ditu ulertzeko, azaltzen duenak zailtasunak dituelako azaltzeko. Ados honekin. Baina tortillari buelta emanez, gaian aditua ez den norbaiti ulertzeko moduan azaltzeko, gaia oso ongi menperatu behar da, eta honek dibulgatzailea ikasle bihurtzen du. Gure gaiari buruz gehiago ikasteko balio du dibulgazioa, gauzak beste ikuspuntutik ikusi behar direlako.

    Denbora: Honekin 100% zurekin ados. Agian, dibulgazio lana gure betebeharren zati bat izan beharko litzateke, lan orduen barruan. Dibulgazioan gabiltzanok (ni hasi berria naiz) gure ordu librean nahi dugulako egiten dugu. Disfrutatzen dugulako egiten dugu.

    Foroa: Bloga eta sare sozialak ongi daude dibulgatzeko. Lagunak SPAMekin ez betetzea eritzi pertsonala da eta errespetagarria oso. Nik kezka berdina nuen hasieran. Hori bai, nahi duenak irakurtzen du, eta interesa suspertuz jendeak gustora irakurriko du.

    Interesa: Badirudi jendeak orohar ez duela horrelako gaietan interesa. Baina ez da guztiz egia. Jende askok badu, demanda bat dago, eta euskaraz gehiago. Benetan, hasiko bazina, zur eta lur geldituko zinateke 🙂

    Formazioa: formazioa garrantzitsua da bai, baina batez ere dibulgatzaile profesionalentzat. Afizionatuok, egiten, ekinez, ikasiz goaz. Hanka sartzen. Ez izan beldurrik! Sarrera batzuk hobekiago aterako dira, eta beste batzuk okerrago, baina denborarekin, eboluzioa ikusten da. Eta lehen esaten nizuna, dibulgazioak gure lanaren nondik norakoak kontestu globalago batean jartzen laguntzen digu. Jendea erratuta dago. Uste du dibulgatzaileak dakiena kontatzen duela. Eta ez. Bidean, irakatsi baino askoz ere gehiago ikasten da.

    Nire ondorioa: oso erabaki pertsonala da ikertzaileok dibulgazioa egitean gaur egun. Nire ustez, egin dezakegu, eta egin beharko genuke. Hori bai, merito bezala kontatu beharko luke, gure lanean. Bestela, dibulgazioak (ikertzaileok egiten duguna) ez du bide luzea.

Utzi erantzuna