Genetika, genomika ta beste

DNA zaborraren garrantziaz (I)

Aurrekoan DNA zaborrak niretzat duen xarma azaldu nuen eta bere garrantziari buruz idatziko nuela mehatxatu nuen. Mehatxua betetzeko unea heldu da. Eta metafora egiteko janaririk ez zait bururatu, hortaz, gilda batzuk eskaintzen dizkizut azalpena hasteko
 

 
20131018113322
 
Gilda goxo-goxoak. Pintxopotea egiteko bikainak. Eta zientziaz hitzegiteko pintxopotea leku aproposa izan daiteke.
 

 
Tranpa egin nezakeen eta orain dela pare bat aste irakurri nuen albiste batean oinarrituta DNA zaborrak minbiziarekin zerikusia izan dezakela esan nezakeen. Eta ez nuke ezer gehiago azaldu beharko. Minbiziaren karta jokatzen duzunean eztabaida bukatzen da eta egiten duzun hori oso garrantzitsua da bai ala bai.
 
Baina ez dut karta hori jokatuko. Handira enbido joko dut. DNA zaborra eratzen duten osagaiak hainbat minbizitan edo gaixotasun autoimmune batzuetan (esklerosi multiplean, esatarako) aktibo daudela ikusi da. Bai, gaixotasun horietan aktibo daude, zeozer egiten dabiltza. Zer? Auskalo, baina hor daude. Hala ere behaketa honekin nahiko eszeptikoa naizela onartuko dizut. Aktibo badaude ere gaixotasun horiek ez dituztela sortzen uste dut, gaixotasunaren ondorio direla baizik. Beste modu batera esanda, zelula barneko prozesuetan zeozer txarto doalaren adierazle dira, ez prozesu horiek txarto joatearen errudunak. Hasieran ez behintzat.
 
Gogoratzen al duzu nola aurrekoan marmitakoa txarto ateratzen bazen prozesu guztian atzera joan zintezkela arazoa non zegoen aurkitu arte? Horregatik DNA zaborra garrantzitsua dela iruditzen zait: gure zeluletan gertatzen diren prozesuak hobeto ulertzen lagundu dezaketelako eta belaunaldietan zehar gertatu den eboluzioa ulertzeko balio dezaketelako. Eta bi gauza horiek ulertuta (zer gertatzen da orain eta nola heldu gara honaino) gaixotasun horietan zergatik aktibo dauden hobeto ulertuko genuke eta, ondorioz, arazoak non dauden eta nola sortzen diren.
 

 
Orain gertatzen ari dena. Gure zelulek ondo funtzionatzen dutenean hainbat mekanismo dituzte DNA zaborra osatzen duten osagaiak kontrolatzeko, hots, aktibo ez egoteko. Imagina itzazu bi bando: aski ezagunak diren geneak eta fama gutxi ta txarra duen DNA zaborra. Lehenengoek zeozer egiten dute eta, hein batean, beren artean elkarlanean dihardute dena ondo joateko (aurreko batean aipatzen nituen argibide erabilgarri horiek); beste bandoak, ostera, bere burua kopiatzea besterik ez du helburu (zeozergatik DNA zaborra, parasitoa edo berekoia deitzen zaio). Hortaz geneek eta bere aliatuek DNA zaborra kontrolpean dute arazo handirik ez sortzeko. Baina makineria (errepresibo) horrek huts egiten duenean DNA zaborra osatzen duten osagaiak askeak dira eta horrexegatik aktibo ikus ditzazkegu. Aipatutako gaixotasunetan aktibo dauden DNA zaborreko osagaiak identifikatuta eta horiek kontrolatzeko dauden mekanismoak aztertuta genoman edo zelulan arazoa non dagoen identifika genezake. Edo behintzat hori uste dut.
 

 
Nola heldu gara honaino. Aipatu ditudan DNA zaborra kontrolatzeko mekanismo horiek ez dira bapatean agertu. Eboluzioan zehar garatu dira ikertzaile batzuek geneen eta DNA zaborraren arteko “armamentu-norgehiagoka” edo “guda hotz” bezala izendatzen duten prozesu luze baten ondorioz. DNA zaborrak geneen kontrola gainditzeko lortzen zituzten lanabesei aurre egiteko geneek lanabes berriak lortzen zituzten. Eta “guda” hori ikertuta gaur egun existitzen diren mekanismoak hobeto ulertuko ditugu, adibidez espezie ezberdinak konparatuta. Horrela eboluzioan mekanismo orokorrak eta espezie jakinei dagozkienak zeintzuk diren ikas ditzakegu, arazoen jatorria hobeto identifikatu eta horien konponbidea aurkitzeko finago ibil gaitezke. Edo behintzat hori uste dut.
 

 
Irakur dezakezuenez nik DNA zaborrari garrantzia handia ematen diot, baina beste ikertzaile batzuek garrantzia kentzen diote. Horri buruz burutazio hauen bigarren partean arituko naiz. Bitartean, irakurritakoaren ostean, DNA zabarrora genomen eboluzioa den istorio honetan gaiztoaren papera egokitu zaiola pentsa dezakezu. Bai, egia izan daiteke, baina zenbat eta gaiztoa bikainagoa izan, istorioa hobeagoa da. Eta istorio hau bizitzan idatzi den onena da.
 

Utzi erantzuna