Genetika, genomika ta beste

Bioinformatikaz eta biologia konputazionalaz

Pasaden astean ordenagailu praktika batzuk eman nituen master bateko ikasgai batean eta graduko beste ikasgai batean. Eta biologia eta ordenagailuen uztartze horri buruz idaztea bururatu zitzaidan, zer egiten dudan kontatu beharrean nola egiten dudan azaltzea. Biologian, txantxa moduan, hiru biologo mota daudela esan ohi da: batadunak, botadunak eta botedunak. Baina non gelditzen gara ordenagailuak erabiltzen dugunok biologia egiteko?
 
Aipatutako praktiketan azaltzen dugun horri oro har bioinformatika deitzen diogu baina, egia esan, nik biologia konputazionala izendatzea nahiago dut. Bata edo bestea erabiltzea, nire ustez, ñabardura kontu bat da: bioinformatika informatika da batez ere, galdera biologikoei erantzuteko programak diseinatzea eta idaztea; eta biologia konputazionala ordenagailuarekin burrukatzea da batez ere, egin diren programa horiek hainbat datuekin erabili eta erabili funtzionatzen duten arte. Egia da ordenagailuaren aurrean jartzen zarenean batzuetan denatarik egiten bukatzen duzula baina, normalean, nik bigarrena egiten dut.
 
Orain gutxi arte ordenagailuko lanak laborategiko edo laginketetako lana osotzen zuela egia da. Lortutako datuak lantzeko, mapak irudikatzeko, etab. ordenagailuak eta lan horretarako espreski garatutako programak erabili izan dira urteetan. Baina ordenagailua osagarri bat zen, garrantzitsuena laborategiko/laginketako lana zen eta bizpahiru klik eginda eta bizpahiru komando ikasita nahikoa zen ordenagailuak egin behar zuena egiteko.
 
Hala ere, azken urteotan horrenbeste datu eta informazio biologiko eskuragarri dago ordenagailuekin bakarrik lan egitea posible dela. Laborategiko osagarri bat izatetik, laborategiko zentru izatera pasa daiteke. Hitz potoloetan esanda, orain arte “in vitro” (entsaiu hodietan) eta “in vivo” (organismo bizi batean) ikertzen zen, orain “in silico” (berez ez du ezer esan nahi, siliziotik eratorria, ordenagailuak egindako materialetako bat) ere ikertzen da. Laborategi hezeaz (hodiak, mota askotatako produktu kimikoak, etab) gain laborategi lehorra daukagu. Eta nik batarik gabe laborategi lehorrean lan egiten dut.
 
Genetikaria banaiz ere PCRa (genetikan oso oinarrizko teknika dena, oso hedatua eta erabilia) bakarra egin dut nire bizitzan, karrerako praktiketan. Ordutik ez dut hodirik ikutu, produkturik nahastu ez laginik ikutu. Klik-ak egin, komando piloa idatzi, script-en bat edo beste egin eta, batez ere, programen eskuliburu asko irakurri ditut. Baina nola lehiatu laborategiaren xarmarekin eta ikasle, kideei eta jendeari oro har azaldu ordenagailuekin trasteatzeak bere xarma duela ere? Gauzak ez ditunk errezak, amigo.
 
Nik lau abantail nagusi ikusten dizkiot egiten dudan honi, hots, galdera biologikoei ordenagailuen bidez erantzuteari:
 
– Hanka sartzen dudanean bakarrik denbora eta elektrizitatea gastatu ditudala. Laborategian diru asko xahutu daiteke ondo ateratzen ez diren esperimentuekin eta horrek ikertzaileri egonezin handia eragiten dio. Galdu dudan ilea ez da honen eraginez izan.
 
– Hanka sartzerakoan arazoa non dagoen detektatzea erlatiboki erreza da. Programak erabiltzerakoan hainbat diagnosi egin daitezke arazoa non egon den ebazteko. Laborategian esperimentu bat non atera den txarto jakitea zailagoa da eta denboran eta diruan kostu handiagoa du.
 
– Ordenagailuak lan egiten duen bitartean kafepintxo bat hartzera, hondartzara edo etxera lasai joan naiteke. Egia da noiz bukatu dezakeen ezin dezakedala ziurtatu, baina estima dezaket. Eta orduan erabaki nola nire denbora baliatu. Laborategian protokoloei lotuagoak daude, denbora mugatuagoa badago ere. Baina laborategian ezin daiteke “asteburuan” utzi ta etxera lasai joan, esperimentuak bukatu bukatu behar dira, ez dute eguneko asteaz ulertzen. Askotan lasai bazkaltzera noa pentsatzen “ea itzultzen naizenerako hau bukatuta dagoen”. Erlojuaren menpe bizi ez izatea beste lasaitasun bat da.
 
– Gutxi gara biologia konputazionalean. Eta lan asko egiteko. Gaur egun datua biologikoak sortzea erlatiboki erreza da. Botila-zama, zailena, datu horiek aztertzean, programa eta aukera egokiak hautatzean eta ondorio zuzenetera heltzean dago. Hortaz honetan aritzea erronka handia da, batzuetan bakarrik zaude baina gehienetan “hori egiten dakien tipoa” zara. Eta guztiok gure bihotzatxoa daukagunez, jendeak zure irizpideetan fidatzea, erantzukizuna da bai, baina baita esker ona.
 
Azken finean esperimentuak egin egiten ditugu, baina beste mota batekoak. Galdera biologikoak erantzuten, ezagumendua handitzen eta zientzia ona eta dotorea egiten saiatzen gara. Beste edozein ikertzaile bat bezala. Baina eskuak zikindu gabe.
 

 
20131028161326
 
Nire lan-lekua.
 

Utzi erantzuna