Genetika, genomika ta beste

Gurekin bizi diren bakterioak

Txikitatik gure gorputzean bakterio onak bizi direla irakasten digute. Edo, behintzat, buruan ideia hori daukat. Gero etxe komertzialek telebistako iragarkien bidez probiotikoak, prebiotikoak eta auskalobiotikoak saltzeko gure digestio-aparatuko bakterioak zaindu behar ditugula esaten digute. Beren produktuen eraginkortasuna marketing hutsa izan daiteke baina gurekin bizi diren bakterioak garrantzitsuak direla dudarik ez dago.
 
Bakterioak barrutik eta kanpotik gu estaltzen aurkitzen ditugu: azalean, zilborrean, genitaletan edota digestio-aparatuan. Milioika eta milioika bakterio nimiño bizi dira gurekin, giza zelulak baino (askoz) gehiago. Txantxa moduan gizaki pixkat duen bakterio multzoa garea esan ohi da. Beste kontu bat da giza zelulen eta bakterioen tamaina eta pisua, horretan, agerikoa den bezala, giza zelulek irabazten dute.
 
Hala ere gure zelulen/ehun/organuen eta bakterioen arteko harremana ez da lehiaketa bat, bi aldeentzako onuragarria den harreman bat baizik. Bakterioek ingurune egonkorra eta behar duten elikagaia lortzen dute, hots, etxe bat; guk babesa, bakterio onuragarriak badaude bakterio kaltegarriek ez dute lekurik hazteko; eta elikagaien digestio hobe bat, gure kabuz ez baikara gai jaten dugun dena prozesatzeko eta bakterioek lan (zikin) hori egiten digute.
 
Guzti hau gizaki/bakterio harremanaren irudi orokorra da. Baina detailera joan nahi badugu, esate baterako, zeintzu bakterio diren edo nola betetzen dituzten bere funtzioak, zeozer jakin badakigu, baina ez asko. Horrexegatik gurekin bizi diren bakterioek osotzen duten “organoa”, mikrobioma edo flora bezala ezagutua, ezagutzeke dugun azken organoa dela esaten da.
 
Ezagumendu eskas hau azaltzeko bi kontu izan behar ditugu kontuan. Lehena bakterioak ezagutzea ez dela erreza, pixkat lotsatiak edo mizkinak dira eta bakterio mota guztiek ez dute erreztasun berdina laborategian hazteko. Bigarrena lagin batzuk lortzea, esate baterako hestearena, nahiko inbasiboak dira. Modu ez-zuzenean gorotzen bidez azter daitezke baina, tira, ez da gauza bera. Hala ere azken urteotan, garatu diden teknika berriei esker eta jendearen borondate onari esker gurekin bizi diren bakterioen misterioak pixkanaka argitzen goaz.
 
Gure gorputzeko atal ezberdinetan bizi diren bakterioak ezberdinak dira, denboran zehar aldatzen doaz eta pertsonaz pertsona ezberdinak dira. Bai, aldakortasun handia dago. Baina bakterio hauek taldekatuz gero, nire sudurzuloan nagusi den talde denboran zehar beti izango da nagusi (partaideak aldatuz badoaz ere) eta zure sudurzuloan talde bera hori aurkituko dugu. Horrexegatik ikertzaile batzuentzat nor diren jakitea baino garrantzitsuagoa zer egiten duten jakitea da. Hau da, dauden bakterioak egonda, funtzio jakin batzuk beti betetzen dituzte. Mikrobiota talde moduan funtzio horiek egiteko gaitasuna du bakterio bata ala bestea izanda.
 
Funtzio hauek, lehenago esan bezala, gure onurako dira. Eta mikrobiota kaltetzen denean gure osasunak nabaritzen du. Esate baterako, nori ez zaio gertatu bidaia bat egin eta leku horretarako ura edaterakoan beherakoa izatea? Lekuz lekuko ura ezberdina denez horrek gure digestio-aparatuan bizi diren bakterioetan eragina du. Eta flora baldintza berri horietara moldatu arte gure digistio-aparatuak ez du behar bezala funtzionatuko.
 
Beste adibide kurioso bat. Ahoan bizi diren bakterioek txantxarretik (bide batez bakterio kaltegarrienak direnak) babes gaitzakete. Ikusi izan da txantxarra edukitzeko joera zuen pertsona batek, bikotea izan eta txantxarra edukitzera utzi. Bere bikotea musukatzerakoan bakterioen elkartrukea gertatu ostean, bakterio babestzaileak gailendu eta horrela txantxarra ekidin. Agian etorkizuneko hortzetako pasta bakterioz beteta datorkigu.
 
Egia esan bakterio onuragarriekin flora aldatzea ez da txantxa bat. Organoak transplantatzen diren bezala, flora transplantatzeko saiakeretan dabiltza. Esate baterako, kolon narritakor kasuetan saiatzen ari dira pilulen bidez bakterio onuragarriak gaixoek hartzea. Eta badirudi kasu batzuetan gaixoak bere egoeran hobekuntza izan dezakeela. Baina ideia hau oraindik hastapenetan dago.
 
Hortaz gero eta gure mikrobiota, flora edo gurekin bizi diren bakterioak hobeto ezagutu gure osasuna hobetzeko edo, behintzat, egoera onean mantentzeko beste pausu bat emango dugu. Eta arazoak daudenean, horiek konpontzeko.
 

Utzi erantzuna