Genetika, genomika ta beste

Zergatik HIESari sentikorrak gara?

80ko hamarkadan jaio ginenok Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea (HIES) sinez gogoratzen dugu, gaixotasun honen inguruko beldur, aurreiritzi eta askotako teoriekin hazi ginen. Philadelphia filme bikainak kontatu zituen. Ordutik zorionez egoera aldatu da. Prebentzio, hezkuntza eta ikerkuntzari esker, aurreiritzi asko gainditu ditugu eta HIESa gaixotasun hilgarria izatetik kronikoa bilakatzera lortu da.
 
Bere garaian entzun genituen teoria horien artean tximino batek gizaki bat infektatu zuela zegoen. Primateetan Simioen Immunoeskasiaren Birusa egon badago, Gizakien Immunoeskasiaren Birusaren senidea, baina primateetan ez du gaixotasunik sortzen. Hots, primateen artean gizakiak gara immunoeskasi birusen aurrean gaitxotasun bat garatzen dugunok.
 
Immunoeskasi birus hauek erretrobirus motakoak dira, hots, beren burua kopiatu ahal izateko ostalariaren zelulen genoman txertatu behar dira. Zer gogorazten du guzti honek? Bai, nire erretrobirus endogeno kuttunak Eta ze harreman dute erretrobirus endogenoek, immunoeskasiaren birusek eta HIESari sentikor izateak? Istorio bat kontatuko dizut.
 
Txinpantzea gertuen dugun espeziea da. Gizakiok ditugun erretrobirus endogeno talde guztiak txinpantzean ere agerten dira, baina txinpantzean dauden bi talde gizakiok ez ditugu. Hortaz gizakion eta txinpantzeen arbasoak banatu zirenetik txinpantzearen genoma bi erretrobirus endogeno taldeek kolonizatu dute. Ikertzaile talde batek txinpantzeetan agertzen diren eta gizakian agertzen ez diren talde hautako bat hartu zuten eta “berpiztu” zuten. Beno, bakarrik birusaren zatitxo bat funtzional egin zuten txinpantzearen eta gizakiaren zelulak infektatzeko gai ziren ikusteko. Eta hara non frankestein birus hauek txinpantzearen zelulak infektatzeko gai izan ziren baina ez gizakionak.
 
Honek pista bikain bat ematen digu: txinpantzearen zelulak antzinako birus honi sentikorrak ziren eta, azkenean, txinpantzearen genoman arrastoak gelditu zirela. Gizakiarn arbasoak, ordea, antzineko birus honi aurre egiteko gai izan ziren eta bere infekzioa ekiditeko mekanismoak garatu zituzten. Bere garaian antzinako birus honi aurre egitea abantaila ebolutiboa izango zenez populazioan orokortuko zen eta gizakiak antzinako birus horren aurrean babestu ginen.
 
Oro har birusen (eta beste patogeno batzuen) aurrean babesteko molekula, proteina eta mekanismo ezberdinak ditugu. Horien artean TRIM5a deitzen den proteina dugu. Proteina hau erretrobirus batzuk ezagutzeko gai da eta hauei itsasten da zelulari errotrobirus horiek kaltegarriak direla adierazteko. Dirudienez txinpantzeek duten TRIM5a proteina hau ez da oso eraginkorra aipatutako antzinako erretrobirus hori ezagutzen eta gizakiona, ordea, primerakoa da. Baina gizakion TRIM5a proteina honetan gertatutako aldaketak antzineko erretrobirus horri aurre egiteko Gizakiaren Immunoeskasiaren Birusaren aurrean babesik gabe utzi gaitu.
 
Kontu hau mantarekin gertatzen dena bezalakoa da: burua estaltzeko oinak desestalita geratzea. Antzinako birus horri aurre egiteko hobekuntzak, orduan abantaila ebolutiboa zena, beranduago agertuko zen birus baten aurrean babes hori gabe utzi gintuen. Izan ere gainontzeko primateak immunoeskasiaren birusen aurrean babesteko gai badira ere, antzineko birusaren aurrean ez dira gai. Guri kontrakoa gertatzen zaigu. Horrexegatik sentikorrak izan gaitezke HIESaren aurrean (agian beste mekanismo batzuk nahastuta daude). Paleobirologia, Frankestein bezala berpiztutako birusa eta eboluzioa uztartu ditugu galderari erantzuna bilatzeko. Eta eboluzioan beti gertatzen den bezala, momentu batean egokia dena, baldintzak aldatzerakoan, arazo bat bilakatu daiteke.
 

One comment on “Zergatik HIESari sentikorrak gara?

Utzi erantzuna