Genetika, genomika ta beste

Dena idatzita al dago? (II)

Aurrekoan gure argibide liburua (genoma) nola interpretatzen den argibidea bera (geneak) bezain garrantzitsua dela iradoki nuen. Hau azaltzeko berriro ere janariak erabiliko ditut.
 

 
20131124190938
 
Arrain zopa
 

 
Zopak bero-bero jateaz gain negu partean goxoagoak egiten zaizkigu eta gogotsuago jaten ditugu udan baino. Nork nahiko luke mingaina erre udan? Ez, uda entsalada eta halako jaki arinagoentzat aproposagoa da. Edo indabak. Sakramentu guztiekin neguan gustora jaten dituzu, baina udan, beno, indabak bakarrik badira eta epeltxo jarrita jan daitezke.
 

 
20131124191209
 
Indabak sakramentuekin
 

 
Gure geneekin, gure argibideekin, antzeko zeozer gertatzen da. Gure zelula guztiek argibide liburuaren kopia bat dute baina ez dute berdin interpretatzen. Odoleko zelula batek eta gibeleko zelula batek gauza ezberdinak egiten dituztenez argibide liburua modu ezberdinean irakurri eta interpretatzen dute. Agian biek indabak egiten dituzte baina modu ezberdinean, beharren eta garaiaren arabera. Edo batek arrain zopa bero beroa, baina besteak ez du behar. Biek errezeta guztiak badituzte ere, kasuan kasu eta egoeraren arabera zer sukaldatu erabakitzen dute.
 
Bai, egia da, dena idatzita dute zelulek genoman, baina ez dute zertan dena irakurri behar eta gero modu berdinean interpretatu behar. Genetikatik at baina genetikarekin oso lotua dagoen hau epigenetika izen ponposoarekin izendatzen dugu.
 
Eboluzioan zehar hainbat mekanismo garatu dira geneak noiz eta nola irakurtzen diren kontrolatzeko. Gainera kontrol hau maila ezberdinetan ematen da, dena dagokion bezala eta dagokion momentuan behar den bezala irakurtzen dela ziurtatzeko. Konplexua dirudi, baina imagina ezazu hegazkin bat hartzeko pasa behar dituzun pausu guztiak eta puntu bakoitzean pasa behar dituzun segurtasun neurriak (maletak direla, txartela dela, poltsan daramazuna, likidorik ez, etab luze hori), ba gene batek daramatzan argibideak ere halako segurtasun neurriak pasa behar ditu benetan funtzionatu arte. Eta bidean aldaketak jaso ditzazke neurri horiek betetzeko.
 
Bai, agian dena idatzita egon daiteke, baina egoeraren arabera parrafo gaizto hori ez da irakurri behar eta, hortaz, gauza txar horretaz libratu egiten zara. Edo idatzitakoa kontrolatzen duten segurtasun neurriek gauza txar hori ekidin dezakete. Horrexegatik ez da bakarrik ulertzea genomaren hizkuntza, baita ere hizkuntza hori nola eta noiz irakurtzen den eta genomak berak eraikitzen dituen segurtasun sistemak ezagutzea. Horrela, gaixotasunen baten interpretazioa eta segurtasun neurriak huts egin dutela ikusterakoan, nola konpondu daitekeen bilatzea errezagoa izan daiteke.
 
Nola ordea? Oraindik bide luzea dugu aurretik.
 

Utzi erantzuna