Egunotan hainbat artikulurekin bueltaka nabil (zuzenketak direla, beste batzuk prestatzen, etab) eta Schekman Nobelak aldizkari handitan argitaratzeari utziko diolari helduz publikazio zientifikoi buruz idatziko nuela esan nuen. Eta, gainera, badirudi ikertzaileon kalitate indizeak neurtzeko sistemaren batek huts egin dezakela . Hortara noa.
Egiten duzun ikerkuntza, dituzun hipotesiak, egiten dituzun esperimentuak, beraien emaitzak, emaitza horietatik ateratzen dituzun ondorioak eta dakigunarekin erkatzeak ez du ezertarako balio gainontzeko ikertzaileak ez badakite egin duzunik. Horretarako argitaratzen dugu, gainontzekoek egin duzunaz jabetzeko eta, horrela, ezagumendu orokorra handitzeko. Lan guzti hori egin baduzu baina ez baduzu argitaratzen, egin ez bazenu bezala da. Gainera ideia pixkat erromantikoa bada, zure lana partekatzen duzu guztion onurako eta ideien elkartrukerako. Baina gauzak ez dira hain politak.
Hasteko zein aldizkaritan argitaratuko duzun erabakitzen duzu. Irizpidea aurkezten duzun lan konkretu hori aldizkariaren gai-eremuarekin bat datorren izan beharko luke. Eta izan bada, baina ez guztiz. Ikertzaileok, gure lana baloratzekoan, artikuluen kalitatea baloratzen da. Nola egiten da hori? Argitaratzen duzun aldizkariaren arabera. Eta nola dakigu aldizkari batek puntu gehiago edo gutxiago emango dituen? Inpaktu faktorea deitzen den zenbaki magiko batengatik. Inpaktu faktorea aldizkari batek jasotzen dituen zita eta publikatzen dituen artikuluen artean kalkulatzen da, famaren indizetzat jo dezakegu. Gero eta altuagoa izan, hobeagoa omen da aldizkaria. Baina gure lana baloratzerakoan ez da bakarrik aldizkariaren inpaktu indizea begiratzen, baita ere aldizkari hori bere gaiaren barruan zein postuan dagoen (lehen laurdenean, bigarrenean, etab). Laburbilduz, aldizkaria aukeratzerakoan bere inpaktu indizea eta bere kokapena (lehen laurdenean daudenak batipat) garrantzitsuak dira. Gero artikulua moldatuko dugu aldizkariaren eremuan sartzeko.
Behin aldizkaria aukeratu duzula eta artikulua behar bezala moldatu duzula aldizkarira bidaltzen duzu. Orduan peer-review (berdinen arteko errebisioa) deitzen den prozesuan sartzen da. Idatzi duzun artikulua bizpahiru begiraleri bidaltzen zaie, gaian adituak direnak (zuk batzuk proposa ditzazkezu) eta zure artikulua errebisatzen dute bere ahuleziak bilatzeko. Berez oso idea ona da, gaian aditua dena baina lanean sartuta egon ez denak ikuspuntu interesgarriak izan ditzake, zuk ikusi ez dituzun ahuleziak aurkituz eta artikulua hobetzeko ideiak proposatuz. Guzti honek zure lana hobetzeko abagunea ematen du. Begirale kabroi bat egokitzen ez bazaizu, edo zure lana lehiakidetatz jotzen ez badu, noski. Zeren orduan zure lana atzera bota dezakete. Bai, leku guztietan bezala, guk ere gure miseriak ditugu. Adibidez ingelesa kaskarra dela eta ez dela ezer ulertzen esanez. Kritikak eraikitzaileak badira, aldizkariak aukera ematen dizu artikulua hobetzeko. Eta azkenean, elkarrekintza horiekin, artikulu dotore bat ateratzen zaizu. Kritikak bortitzak badira, aldizkariaren ateak ixten zaizkizu eta inpaktu faktore txikiagoa duen batean saiatzen zara. Prozesu hau hainbatetan gertatu daiteke zure artikuluak bere lekua aurkitu arte.
Egia da sarbide irekia (open access) duten aldizkariekin batera egoera aldatu dela. Baina ez dakit onerako. Eredu zaharrean artikuluak irakurri ahal izateko ordaindu behar zenuen, baina sarbide irekiari esker artikuluak doain irakurri ditzazkezu. Baina oso handi bat dago. Artikulua publikatu duen ikertzaile (talde)ak ordaintzen duela. Eta ondo gainera. Gero eta aldizkari gehiago sarbide irekikoak dira baina horrek zure lana publikatzeko dirutza uztera behartzen zaitu. Egia da eredu zaharra mantentzen duten aldizkariak egon badaudela, eta horietako askotan ordaindu behar dela (ez sarbide irekikoak beste), baina agian beraien inpaktu indizeak beherantza doaz.
Eta behin zure artikulua onartzea lortzen duzunean (eta ordaindu), aldizkari on edo ez hain on batean argitaratuta, norbaitek zure artikulua irakurtzea eta noizbat zitatua izatea espero duzu. Eta bai, hori ere neurtzen zaizu, H indizea deitzen den zenbaki magikoaren bidez. Azalpen teorikoa inoiz ulertu ez dudanez, adibide batekin azalduko dut. Nik 5ko H indizea daukat, horrek esan nahi du 5 artikulu ditudala 5 zita edo gehiagorekin. Tipo batek 20ko H indizea badauka, 20 artikuluk 20 zita edo gehiago dituela esan nahi du. Gero eta H indize altuagoa, gero eta hobeto, zure artikuluak oso “famatuak” direlako.
Ikusi duzuenez oso polita eta ia erromantikoa den sistema bat guztiz maltzurtu daiteke. Horrexegatik Schekman-ek egin duena oso ausarta iruditzen zait. Egia da berak hori egin dezakeela Nobel bat delako (ez dut uste inpaktu faktore, H indize eta kaka horiek begiratu behar dituenik), baina horrek ez dio merezimendurik kentzen. Hamarrekoa berarentzat sistema honen maltzurkeria salatzeagatik. Zeren, alde batetik, aldizkari batzuek beren inpaktu indizea handitzeko zita asko izango dituzten artikuluak bakarrik onartuko dituzte, gai batzuk baztertuz, edo artikulu gutxi onartu eta horrela, pixkat zitatuak badira inpaktu faktoreak gora egingo du. Ikertzaileok inpaktu faktorea eta aldizkariaren kokapena begiratzeaz ez ezik, gure H indizea bermatzeko agian lan batzuk ez argitaratzeko tentazioa izan dezakegu. Edo lan batek hainbestetan ezetza jasotzen du amore ematen duzula. Dena gure kalitate indizeen izenean, bikaintasuna deitzen duten horren mesedetan. Ikertutakoa, aurkitutakoa, egindakoa, zure gaia nori axola zaizkio adierazle bikainak badituzu?
Ba niri bai. Erromantikoa edo idealista dei nazazue baina niri gaia, edukia interesatzen zait ez non publikatu duzun, ez zenbat patente dituzun, zure H indizea edo zenbat artikulu dituzun lehen laurdeneko aldizkarietan. Niri zuk egindako zientzia eta jorratzen duzun gaia interesatzen zaizkit. Niri berdin zait DNA zaborrari buruzko lana Nature-n, Genome Biology-n edo Gene-n argitaratu izana. Lana polita iruditzen bazait, lana da polita irudituko zaidana, ez non argitaratzeagatik. Egia da Nature-n ikusgarritasun gehiago izango duzula, baina gaur egungo bilatzaileekin lana behin publikatuta aurkitu aurkituko dut. Idazten ditudan artikuluak badakit nora bidali behar ditudan, egia da batzuetan oso baikorra eta ausarta naizela, baina beti saiatu behar naiz. Batez ere begiraleen kritikak jasotzeko eta horrela beherago dagoen aldizkari batera bidaltzerakoan artikulua hobe bat bidaltzeko. Eta zitatzen nautenean beti testuingurua begiratzen dut, nire lanak ze harrera jaso duen jakiteko.
Badakit nire txepeltesun honek, zientzia onean interesa edukitzea, adierazletan ez erreparatzeak, ikerkuntza sistematik kanpo utziko nauela. Bizpahiru Gaur Egun gelditzen zaizkidala izen handiko guru eta arduradunentzat niri interesgarria iruditzen zaidan eremua txikikeria bat iruditu ahal zaielako eta, hortaz, nire curriculum-ak kalitate adierazleak kaxkarrak izatea. Baina norbaitek eremu horiek ikertu beharko ditu, ezta? Faktore inpaktuak eta indizeak kaxkarragoak badira ere egindako lana, azpian dagoen zientzia, bikainak izan daitezke eta. Hemendik hilabete batzutara, kanpoan gelditzen naizenean, atzera begiratu eta egindako lanaz pozik eta harro egongo naiz, lan duina eta itsurosoa egiteagatik, zientzia ona egiteagatik. Kalitate adierazleak bakarrik adierazleak dira. Zientzia hori baino askoz gehiago da.
3 Comments on “Artikulu zientifikoak eta argitaratzeko presioa”