Aste honetan denboraldiren bat bukatu zaigu eta beste batzuk gabonetako bidean jarri zaizkigu.
Revenge – 03×10 – Exodus
Azkenean Emily eta Daniel-en ezkontza heldu da. Bazen garaia. Eta denboraldi hasieran ikusi genuena testuinguruan jarri dugu. Ez, ikusi genuena ez zen Emily-ren planaren zati bat. Azkenengo momentuan dena hankaz gora jarri da eta Daniel berak tiro egin dio bere emazteari. Gainontzekoa, ba beno, Emily eta Victoria arteko borrokak, Victoria Conrad eta Lydiaren aurka, Lydia Emily-ren aurka, Daniel eta Sara, Patrick eta Nolan, pixkat denetarik. Kontu batzuk itxi beharrean korapilo berriak zabaldu dira. Gabonak pasa ostean jakingo dugu Emily bizirik edo non dagoen.
Homeland – 03×12 – The Star
Denboraldi bukaera. Denboraldi nahiko irregular baten ostean azkenengo kapitulua ere hala nolakoa izan da. Lehen zatia astuna egin zait, Carrie gero eta gutxiago jasaten dudalaren eragina akaso. Akzioa eta emozioa izan beharko lukeena oso geldoa eta jasanezina suertatu zait. Brody urkan hiltzea ba beno, bai, oso deigarria eta nahi duzuena, baina, tira, hotz utzi nau eszena horrek. Bigarren zatia, lau hilabete ostekoa, atseginagoa egin zait Saul-ek protagonismo gehiago duelako. Eta Carrie-ren kontuak, ba hori, berdin zaizkit. Badirudi datorren denboraldiari begira serie berri bat izango dugula. Ikusiko. Edonola ere, seriaren bukaerako kapitulutzat pasa zitekeen, gauza guztiak nahiko lotuta uzten baititu.
Major Crimes – 02×15 – Curve Ball
Gabonetako berezia. Beno, Major Crimes eran. Zeren kapituluko kasua, hala nola izatetik oso gogorra izatera pasa da. Eta paraleloan Rusty-ren kontuak joan dira. Provenza eta Flynn-en ohiko kapitulua izango zena zirudiena, Buzz-ek gabonetako espiritua izanda eta Gabon barik geratuko zirelakoan, bukaeran, kasu gordin bat jarri digute. Garapena bera ikaragarria izan da eta azken minutuetan egindako gogoetak barne barnekoak izan dira. Gabonetako berezi ezohikoa, egia esan.
Person of Interest – 03×11 – Lethe
Kapituluan aktore handiak izan dira baina gertatu dena, azkenengo eszenan izan ezik, pixkat hotz utzi nau. Reese-n kontua, benetan, ez dakit zertara etorri den eta bukaeran Fusco-rekin burruka are gutxiago. Aurrerago jakingo dugu nora daraman horrek. Harold-i buruzko flashback-ak zuzenak baina kontu askorik gabe. Eta muina, Arthur-en kontua, ondo egon da baina onena azken eszenarako utzi dute, denak zentzua hartuta, bilduta eta kriston cliffhanger batekin.
Blue Bloods – 04×11 – Ties That Bind
Atalak bi korapilo nagusi izan ditu. Alde batetik Danny bere haurtzaroko lagunarekin duen kontua ta bestetik Frank-ek Polizia departamendua polizi lana egiteko dituen arazoak. Lehena, zuzena, Danny-ren erregistro ezberdin bat ikusi dugu ta antzezle onez inguratuta, erredenzioaz edo aritzen. Bestea pixkat agenda sekurokratikoan sakontzen jarraitu dute, azken kapituluetan argi gelditzen ari dena baina, tira, seriea den seriea da. Onena bukaerako eszena asteko afarian Danny-ri adar joka.