Hitz egiteko dudan aukera ia guztietan, izan mintegi, izan hitzalditxo, esaldi hau sartzeko aukera izan ohi dut (momentuz euskaraz, ingelesez eta erderaz)
“Zientzia sukaldatzea bezalakoa da: bakoitzak bere ikutua ematen dio eta maitasunez etxean eginda eta senide eta lagunekin partekatua zapore hobea du. Eta txarto ateratzen bada, berriro hasten zara! (Baina zure jakiak gogoko ez dituena egongo da beti)”.
Euskaldun on bat bezala sukaldatzea (eta sukaldatzen dudana jatea) oso gogoko dut. Sutartean ibiltzeak asko erlaxatzen nau eta, sukaldearen musa agertzen zaidanean, katxarreatzen hasten naiz jaki berriak egiteko edo ezagunak ditudanak beste modu batera egiteko. Edo interneten barrena sartzen naiz jakien ideiak hartzeko. Bulegoan ordenagailuaren aurrean ikertzen nagoenean zer uste duzue egiten dudala? Besteek egiten dutena irakurri, pentsatu ea nire ikerkuntzari aplika ditzakedan eta programa informatikoekin katxarreatu (eta burrukatu) ikerketa berriak egiteko. Behin eta berriz nahi dudana lortu arte.
Egia esan metaforak laborategiarekin errezagoak direla. Errezetak/protokoloak jarraitu, bai, baina azkenean begimetroak ondo funtzionatzen du. Eta sukaldeak laborategiak bihurtzen direnean, aseptikoak eta bere xarma galtzen dute. Laborategiak sukaldeak bilakatzen direnean, kalitate akreditazioak galduko dituzte, baina dibertigarriagoak dira.
Badakigu azken urteotan sukaldaritza berria dugula eta azkenaldian telebistan sukaldaritza lehiaketetan sukaldaritza egiteko modu bat saltzen dela. Guztiak guruak, sukaldaritza zer den erabakitzen duten epaileak. Modak eta itxurakeriak, egia esateko. Indabak bere sakramentuekin egonda, kendu daitezela dekonstrukzio guztiak. Zientzian ere gure guruak, modak eta ke saltzaileak ditugu, kamera eta fama guztia daramatenak. Baina benetan sukaldaritza gure amek mantentzen eta transmititzen duten bezala, zientzia ikerkuntzako langileak mantentzen eta transmititzen dute. Agerian inoiz gelditzen ez den berebiziko lana.
Gero eta ohikoagoa da entepresek hainbat ikerketa zerbitzu saltzea edo lan-talde handiak sortzea ikerketa egitasmo handiak aurrera eramateko. Sukaldatzeko denborarik ez duzunean etxetik kanpo erosten duzu bazkaria, izoztua dela, jatetxe/fast food batera joatea dela. Edo jende asko bazarete katering edo jatetxe espezializatuetara jotzem duzu. Baina horietatik pasa ostean beti etxean bezala ez dela inon jaten pentsatzen dut. Edo ordaintzen duzunarekin etxean aste baterako duzu. Eta, onar dezagun, kokreta izoztu eta amaren kokreten artean ez dago kolorerik.
Hala ere etxeko sukaldearen alde egitea zaharkitua dagoela uste dutenak daude. Etxean egindako jakia ez dela egokia edo kalitate minimo batera heltzen. Zakarregia dela, zuzena ez dela. Guztiok gure sukaldera ohituta gaudenez, sukalde edo kultura ezberdinak frogatzerakoan gustoko ez izatea gerta daiteke. Eta gurea beti hobeagoa da. Zuk egindako ikerkuntzari ere halako zeozer gerta dakioke: gustoko ez dutenak egotea eta, beraiek arrazoia dutenez, zurea errefusatzea. Hartu-eman eraikigarri bat eduki beharrean, zaporeak eta ideak nahastu beharrean, bakoitza gurean tinko mantendu eta denok aberasteko aukera galdu. Baina, zorionez, askotan modu positiboago batean, guztiok borondate ona jarrita, kudeatu daitezke ideiak eta ikerkuntza aberastu.
Sukaldaritza eta ikerkuntza, Hobbiak izan daitezken bi lan. Eta gustora hartzen direnak egiten dituen pertsona jatorra eta atsegina denean.