Eboluzioaren teoria
) plazaratzeak hainbat ondorio izan zituen. Horien artean izaki bizidun guztiak aurreko batetik garatu ginelaz ohartzea eta, ondorioz, izaki bizidun guztiak hasierako izaki bizidun berdinetik garatu ginela. Izaki bizidunak sailkatzeko egitasmoak antzinatik badatoz ere, eboluzioak izaki bizidunak sailkatzeko ikuspuntu berri bat eman zion eta, gerora, lanabes oso baliatsuak garatu dira.
Izaki bizidunak sailkatzeko metaforarik politena bizitzaren zuhaitzarena da. Enborra hasierako izaki bizidun komun hori izango litzateke, adar ezberdinak izakidi bizidunen talde ezberdinak eta adaxkak espezie bakoitza.
Haeckel-en bizitzaren zuhaitza
Baina nola taldekatu izaki bizidunak? Noski, orain dela bi mende ez zeuden eskugaragarri gaur egun ditugun lanabesak. Hortaz ezaugarri fisiko esanguratsuak erabiltzen ziren taldeak egiteko, hitz batean esanda, antzekotasuna erabiltzen zen. Baina hurbilketa honek arazo bat izan dezake, zein ezaugarri dira esanguratsuak eta zeintzuk ez? Nola ziurta daiteke ezaugarri bat espezie horien arbaso komunean agertu zela eta ez espezie horiek ezaugarri hori izatea modu independientean gertatu izana, hots, zoriz antzekoak direla? Arazoa ez da makala, ez horixe, baina erregistro fosila modu batean edo bestean lagungarri izan zen.
Denborak aurrera jarraitu zuen, espezie berriak deskribatzen eta zeudenak modurik egokienean taldekatzen. Baina azken hamarkadetan, DNA sekuentziazioari esker (ATCG segida zein den irakurtzea), espezieak beren material genetikoaren bidez konparatzea ahalbidetu da. Honek filogenetika deitzen den eremua garatzea ahalbidetu zuen.
Bizitzaren zuhaitzak (momentuz) izan dezakeen itxura
Espezie ezberdinetan parekoak diren sekuentziak konparatuz espezie horien arteko harremanean sakondu daiteke. Eta ezaugarri fisikoetan oinarritutako sailkapenak findu. Eta batzuetan ezusteko ahaidetasunak aurkitu. Behi, ardi eta txerriak beren artean gertu daudela, espezie ahaidetuak direla, modu intuitibo batean ondoriozta dezakegu (adibidez beren oinean oinarrituta). Baina espezie hauek bale eta izurdeetatik zalditik baino hurbilago daudela esaten badizut arraro egingo zaizu. Baina hala da, gure landetako animali hauen eta ugaztun urtar hauen arbaso komuna beste animaliekin dituzten arbaso komunak baino gazteagoa da. Agian euskaldunak hortaz konturatu ginen eta basurdeak eta izurdeak izendatzen ditugu, auskalo (bai, txantxa bat da).
Eboluzioak ezusteko harremanak uzten dizkigu
Egia esan bi espezie ahaide direla esaterakoan bata bestetik datorrela ez dugu esan nahi. Baizik eta espezie horiek arbaso komun bat dutela. Adibidez, hartu zure lehengusuak eta zeu. Ahaideak zaratela ez du esan nahi zu zure lehengusutik zatozela, baizik eta aitite-amama berdinak dituzuela eta horrexegatik antzekoak zaretela. Hortaz, bai, tximinoak gizakion lehengusuak dira, guztiok birbirbirbirbirbiraitite-amama partekatzen ditugu.
Bestalde azterketa filogenetiko hauetan ez dira beti harremanak argi ikusten. Kontutan izan aztertzen den sekuentziaren araberakoak direla azterketa hauek. Zuhaitza bere osotasunean aztertu nahi duzunean izaki bizidun guztiok ditugun sekuentziak (genomaren eskualdeak) aztertuko dituzu. Eta gainera aldaketa gutxi izan behar ditu eskualde hori antzemateko eta parekatu ahal izateko. Eskualde (sekuentzia) hauek talde handien arteko (adar nagusiak) konparaketak egiteko baliogarria dira baina gertu dauden espezien artean (adaxkak) ezin da ezberdindu. Hauetarako beste eskualde (sekuentziak) batzuk erabiltzen dira, aldaketa gehiago jasotzen dutenak, talde barruan aztertzeko balio dutenak baina ez taldeen artean. Bai, zer aztertu nahi den arabera genomaren eskualde bat edo beste erabiltzen da.
Beste aukera bat genoma osoak erabiltzea izango litzateke, filogenetikatik filogenomikara salto egitea. Genomak txikiak direnean (bakterioak esate baterako) teknikoki eta diruaren aldetik posible da eta halako azterketak egiten dira. Baina izaki handiagotan oraindik genomen sekuentzia osoak lortzea garestia da eta genomen arteko harremanak aztertzea teknikoki zaila. Hala ere, erdibidean edo, eskualde asko batera erabilita egindako lanak badude eta lan horiek ikuspuntu zehatzago bat ematen dute.
Oraindik lan handia dago bizitzaren zuhaitza marrazteko. Teknikak hobetuz, metodo berriak asmatuz eta sekuentziazioa merketuz zuhaitz egokiago bat lortzea posible izango da. Edo agian ez da inoiz lortuko, espezie berriak beti aurkitzen baitira!
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.
Oso interesgarria! Zorionak eta eutsi horri!