Genetika, genomika ta beste

Jainkoen elikagaiaren genoma

Dakizuen bezala #kzjaia rekin bat egiten duen sarrera bakoitzari taula periodikoaren txokolate ontza birtual bat ematen zaio. Honako hau kosk egiten diodan 10. denez, ospatzeko zeozer berezia bururatu zait. Bai, kakaoaren genomari buruz idatziko dut.
 
Kakaoaren izen zientifikoa Theobroma cacao da. Theobroma grekotik dator eta “jainkoen elikagaia” esan nahi du, cacao aldiz mayek kakaoa izendatzeko hitzetik eratorri da. Baina nola dago osatua jainkoen elikagaiaren genoma?
 

 
20140226145336
 
Txokolate ontza bateri kosk egiten. Nerabeak bezala selfie bat egiten, baina kalera begira, ez bainugelan.
 

 
Kakaoaren genomak 430 milioi letra (ATCG segida) inguru dituela uste da eta 10 kromosometan (argibide-liburuaren liburukiak) antolatzen da. 2011n argitaratutako lan batean txokolatearen genomaren %76a sekuentziatu zuten, hots, genomaren hiru laurdenetan ATCG segida zein den irakurri zuten. Genoma osoa ez bada ere hainbat datu interesgarri batzuk lortu zituzten:
 
– 29000 gene inguru ditu kakaoak. Hauetatik 2000 inguru kakaoak berezkoak ditu, antzeko landareetan ez baitira aurkitu, 680 familia ingurutan sailkatzen direnak.
 
– Hainbat gene-hautagai identifikatu zituzten modu naturalean gaixotasunei aurre egiteko gai izan daitezkenak. Benetan horietako zeintzuek babesa ematen duten esperimentuen bidez balidatu behar da. Puntu hau interesgarria izan daiteke hobekuntza genetikorako programetarako.
 
– Baita ere hainbat gene-hautagai aurkitu zituzten kakaoak berezkoak dituen ezaugarri bikain horiekin lotura izan dezaketenak. Beste landare batzuekin erkatu zituzten gene-talde ezberdinetan eta horrela kandidato horiek aurkitu.
 
– Hain gustoko ditudan transposonak kakaoaren genomaren %25a estaltzen dute. Pareko landareek baino gutxiago. Gehien errepikatzen den transposona Gaucho du izena eta 1100 aldiz agertzen da kakaoaren genoman.
 
– Beste landare batzuen genomaren egiturarekin konparatuz, kakaoaren genomak zer nolako eboluzioa izan duen ondorioztatzen saiatu ziren. Genomaren zati ezberdinak hainbat aldiz bikoiztu zirela ikusi zuten eta transposonek kromosomen fusioan eragina izan dezaketela proposatu zuten.
 

 
Baina hau ez da sekuentziatu den kakao genoma bakarra. Aipatutakoa Criollo motakoa da eta beste ikerketa talde batek 2013an Matina 1-6 kakao mota sekuentziatu zuen, landatzen diren kakao moten ordezkari gisa. Lan honetan 29000 balizko gene aurkitu zituzten eta horietatik 18000 inguru benetazko izan zitezkela ondorioztatu zuten. Transposonei dagokiola, aurreko lanean baino azkoz gehiago aurkitu zituzten, genomaren %41a transposonez osatua dagoela kalkulatu baitzuten. Badirudi Matina 1-6 motan Criollo motan baino transposon gehiago aurkitzen direla. Azkenik, oro har, bi genomek antzeko egitura azaltzen dute, espero daitekeen moduan. Azken lan honetan ere kakaoaren lekaren kolorearen oinarri genetikoa aztertu zuten. Eta hautagai bat aurkitu ere.
 

 
Ikusi duzuenez gure txokolate ontzak egiteko beharrezko kakaoaren genomak bere kontutxoak baditu. Eta baita bi ikerketa talderen arteko norgehiagoka genomaren sekretuak aurkitzeko. Eta sekretuak aurkitu ostean, orain txokolatea dastatzera!
 

 
Bibliografia.
 
Argout et al. 2011. The genome of Theobroma cacao. Nature Genetics, 43(2):101-108. doi:10.1038/ng.736
 
Motomayor et al. 2013. The genome sequence of the most widely cultivated cacao type and its use to identify candidate genes regulating pod color. Genome Biology, 14:r53. doi:10.1186/gb-2013-14-6-r53
 

 
20140226145313
 
Txokolate bero-beroa. Goxo-goxoa.
 

 
20140226145235
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.
 

One comment on “Jainkoen elikagaiaren genoma

Utzi erantzuna