Genetika, genomika ta beste

Umorea zientzian: probabilitate kontu bat

Barretartian asteko txiolaria izendatu nautela baliatuta zientzia eta umoreaz hausnartzen ausartuko naiz. Zientzian lan egiten dugunok beti duda puntu batekin hitz egiten dugu. Horregatik probabilitateak erabiltzen ditugu: benetan esaten duguna %100an ezin dezakegulako esan. Biologian zoriz 20tik 1 arraroa izan daitekela onartzen dugu, horrexegatik %95ko ziurtasunarekin hitz egiten dugu. Zientzia gogorragoetan lan egiten dutenak (fisikariak eta matematikariak) horregatik (hainbeste) gorrotatzen gaituzte: zoria gure faktore magikoa. Esperimentu bat 100 aldiz errepikatuta 4 alditan emaitza ezberdin bat lortzen badugu, cap problema, zoriaren eragina da (izorra zaitezke, puretak).
 
Hortaz %95ko probabilitatearekin ikertzaileok umore selektiboa dugula esan dezaket.
 
Selektiboa pertsonagatik. Hitzaldia edo egin beharreko lekutik kanpokoa bazara, batez ere anglosaxoia bazara, nahi dituzun txiste eta txantxak egin ditzazkezu. Etxekoa bazara, probableagoa da umorea erabili ahal izatea gero eta status altuagoa edukita. Piramidean behan bazaude, hitzaldi bat umorez egin nahi baduzu, zure gainbegiralearen bronka jasotzeko probabilitatea erraldoia da. Doktoregai nintzela, galdereei erantzuteko modua zela eta oharterazpen bat izan nuen. Doktore naizela erantzunak oraindik ere trufariagoak dira, baina orain irri egiten dute. Kanpokoek umorez egiten badute laostia da, zuk egiten baduzu lekuz kanpo dago.
 
Selektiboa tokiagatik. Tribuaren Berbak euskarazko umorea nolakoa zen aztertu zuen eta, egia esan, euskal ikertzaileon umorea euskarazko umorearen islada besterik ez da. Labur esanda: umorea egon badago baina gutxik erakusten dugu. Kataluina aldean bizi izan nintzenean katalanei buruzko hiru gauzaz konturatu nintzen: euren hizkuntza zenbat estimatzen duten, egiten duten bederatziterditako arraro hori eta duten umore beltza (eta batzuetan eskatologikoa). Lehenegatik begirune handia diet, bigarrenagatik heretiko batzuk iruditzen zaizkit eta hirugarrenagatik maite ditut. Han egon nintzen ikerketa institutuko buruak “itxaropena ez da galtzen den azken gauza, umore beltza baizik” esaten zuen. Hango hitzaldiak imagina ditzazkezue, zehaztasun handiarekin baina umore beltzarekin. Onartuko dizuet nire saltsan nengoela, hitzaldi zirikatzaile eta trufariak egiteko aukera bainuen. Bai, zienzian umorea tokiz-tokikoa da, beste edozein esparrutan bezala.
 
Oro har ikertzaileak pixkat hotzak, serioak eta aspergarriak garela onartuko dizuet. Egon naizen hitzaldi gehienetan zainak moztu nahi nituen, hizlariarenak eta nireak. Baina zehaztasuna eta seriotasuna nahasten ez dituen hizlariarekin topo egiten duzunean eta bere gaia umorez azaltzen dizunean, oraindik itxaropena dagoela pentsatzen duzu. Inguruan dituzunak parre egin ez dutelaz ohartzen zarenerarte. %95ko probabilitatearekin arraroa zu zara.
 
Zientzia umoretsu baten alde. #kafepintxo batekin, hobe.
 
20140305185533
 

Utzi erantzuna