Genetika, genomika ta beste

Eboluzioa, kode irekikoa

Hackatibismotik jakin badakigu programek kode irekia behar dutela informazio eta funtzio horiek ulertu eta berrerabiltzeko. Geneak eta genomak, DNA hizkuntzan idatzitako informazio eta funtzio zatiak diren heinean, eta informazio trukearen bidez edo dagoen informazio aldatuz funtzio berriak lortzen diren heinean, eboluzioa kode irekikoa dela esan genezake.
 
Partekatzea gehien gustoko duten izaki bizidunak bakterioak dira. Uste ez baduzu ere guztiok ezaguna dugu hau. Bakterio batzuek antibiotikoei erresistenteak direla edo erresistentzia hori lortzen dutela ezaguna egingo zaizu. Baina nola lortzen dute erresistentzia? Erresistente den bakterio batek informazio hori, erresistentzia ematen die(te)n gene(ak) ematen diolako. Bai, bakterio batek hobekuntza bat lortzen duenean, ez du soilik bere buruaren onerako erabiltzen, baita inguruan duen bakterio komunitatearekin parteka dezake, kasuan kasu.
 
Sekretu bat kontatuko dizuet. Bakterioak nahiko promiskuoak dira eta DNA zatiak, informazio zatiak, partekatzeko edo ingurunetik hartzeko joera dute. Honen erredun nagusiak elementu genetiko mugikorrak dira (bai, hain gogoko ditudan elementu transposagarrien parekoak bakterioen munduan), bakterio baten genomatik beste bakterio baten genomara informazioa mugitzen baitute.
 
Izaki konplexuagoetan (landare, onddo eta animaliatan) partekatze hori ez da hain agerikoa edo ohikoa. Genomen arteko informazio trukea ez da hain erraza genomen egitura eta izaki bizidun konplexuen egitura dela eta. Hala ere ikertzaileren batek bai proposatzen du uste duguna baino ohikogoa dela. Izan ere, adibidez, hausnarkarien genoman (behi, ardi, etab) oso hedatua dagoen elementu transposagarri bat sugandiletatik salto egin zuela uste da.
 
Halaber funtzio berriak lortzeko (gene berriak), dauden funtzioak berrerabiltzen dira edo genoman zehar barreiatuta dauden informazio zati galduei beste erabilera bat ematen zaie.
 
Lehenaren adibide gisa, gene duplikazioak deitzen ditugunak ditugu. Gene bat bere osotasunean (zoriz) bikoizten da, kopia batek bere funtzioa mantentzen duen bitartean besteak aldaketak pairatzen ditu. Aldaketak jasotzen dituen kopiarekin bi gauza gerta daitezke: aldaketa horiek kaka bat izatea eta funtzionaltasuna galtzea (pseudogene deitzen duguna) edo zorizko aldaketa horien ondorioz kopia horrek funtzio berri bat egitea.
 
Berrerabiltzearen adibide bezala elementu transposagarriak ditugu. Hauetako batzuk “domestikatu” dira genomak funtzio berriak eskuratuz. Esate baterako hainbat ugaztunen plazenta garatzerakoan garrantzitsua den gene bat elementu transposagarri baten zati bat da. Bai, sekuentziak, informazio zatiak, berziklatu egiten dira funtzio berrietarako.
 
Imagina ezazue, eboluzioarekin lotutako dena da hain irekia, ezagutzen goazen sekuentzia guztiak edonork eskuragarri dituela datubase publikoetan. Europako ENA EEBBko Genbank eta Japoniako DDBJ datubaseetan informazioa erreplikatuta dago eta sekuentziak (ATCG segidak) hor daude eskuragarri.
 

 
[kontuz iritzi pertsonala]
 
Horrexegatik hain arrotzak egiten zaizkit sekuentzia zatiak patentatzeko saiakerak edo modu irekian sekuentzia sortak partekatzen ez direnean. Ze, egia esateko, ez dira ikertzailearenak, eboluzioaren poderioz sekuentziak honaino heldu dira. Eta sekuentzia horien gain lan egin ostean, sekuentzia horiek “ixtea” pixkat azal lodia edukitzea dirudi. Arestik idatzi bezala “nire poesia oso merkea da / herriaren ahotik hartu nuen debalde / eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Eboluzioak debalde eman badigu…
 
[iritzi pertsonaleren bukaera]
 

 
Ikusi dugunez, dagoen informazio genetikoa partekatu, kopiatu, berrearabili eta aldatzen da funtzioak hedatzeko edo berriak sortzeko. Eboluzioa nahiko irekia da eta, agian, horregatik, hain zoragarria.
 

 
Bibliografia sakontzeko
 
Frost et al. 2005. Mobile genetic elements: the agents of open source evolution. Nature reviews Microbilogy, 3(9):722-32.
 
Volff. 2006. Turning junk into gold: domestication of transposable elements and the creation of new genes in eukaryotes. BioEssays, 28(9):913-22
 

 
20140319105229
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.
 

Utzi erantzuna