Aurrekoan #kzjaiako ontzei kosk egiten bukatu nuela idatzi nuen, baina ostegunean legamiaren kromosoma sintetiko bat egin zutela Science-k plazaratu zuen, Elhuyar aldizkarian bikain azalduta . @txonimatxain ek zirikatu ostean, eta @eidercarton eta @AnaGalarraga1 medio (eskerrik asko!), jatorrizko artikulua irakurri nuen.
Sekretu bat kontatuko dizuet, politikoki oso zuzena ez dena, Science eta Naturen publikatzen diren artikuluak irakurtzea ez da atsegina. Oso laburrak izan ohi dira eta mamia informazio gehigarrian egon ohi dira. Egia esan artikulua bera Science-k bere webgunerako egindako laburpena bezain luzea da.
Urteak dira DNA zatiak idazten direnetik. Bakteriotan genoma minimoa modu sintetikoan (laborategian eginda) idaztea lortu zen 2010an. Bakteriotan genoma funtzional bat idaztea errezagoa da izaki konplexuekin alderatuta. Legamia, berriz, bakterioak baino konplexuagoa da eta hor dago esperimentu honen esanahiaren garrantzia.
Ez dute legamiaren genoma osoa sintetikoki eraiki, bakarrik dituen 16 kromosometatik bakarra berridatzi dute. Collage baten moduan egin dute: lehenengo zati txikiak itsatsi dituzte, pieza handiagoak sortzeko eta gero pieza handi horiek kromosoma naturaleko sekuentzia ordezkatzen joan da. Guztiz sintetikoa izan arte. Kuriosoa da, zati txikien itsasketa graduko ikasleak egin zuten, hori bai dela karrerako praktikei saltsa jartzea. Dirudienez kromosoma sintetikoa daramaten legamiak legami normalak bezalakoak dira, ez dago ezberdintasun esangarririk eta berdin-berdin jokatzen dute ia egoera guztietan. Alde horretatik krosoma sintetikoak funtzionamendu egokia du.
Kontu guzti honetatik interesgarriena: kromosoma sintetikoki berreraiki dutenean gene bakoitza piztu/itzaltzeko etengailua jarri diotela. Behin krosoma guztiak ordezkatzen dituztenean, eta legamia bizirik jarraitzen badu, geneak itzaltzen hasiko dira behar-beharrezkoak zeintzuk diren jakiteko. Eta zeintzu gen zeintzu geneekin halabeharrez egon behar diren legamia funtzionala izateko.
Guzti honek eboluzioa ulertzeko lanabes berriak emango lizkiguke. Orain arte eboluzioan gertatu dena jakin badakigu baina ez gerta zitekeena. Beste bide batzuk al daude edo dagoena dago? Gene bat itzalita beste batzuk ez dute funtzionatzen edo beste moduren batean genoma moldatzen da? Legamia belaunaldiak arin lortzen direnez konbinazio asko egin daitezke eta horrek joko asko eman.
Hori bai, legamietan egindakoa izaki konplexuagoetan egita, momentuz, zaila dela iruditzen zait. Erabilitako teknika eta genomen konplexutasuna dela eta, hainbat oztopo egon daitezke. Baina, tira, agian hemendik urte gutxi batzutara izaki sintetiko konplexuagoak ikusiko ditugu. Auskalo. Genomak berridazten ikasten gabiltza ta.
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.