Genetika, genomika ta beste

Giza zelula amak pluripotenteak al dira erretrobirus endogeno baten ondorioz?

Aste honetan erretrobirus endogenoekin lan egiten dugunontzat ikerkuntza zinez interesgarri bat argitaratu dute. Askotan erretrobirus endogenoei buruz hitz egin dizuet
 
) , Teknopolis barne , eta genomaren osagai hauek oso interesgarriak direla esaten nabil beti. Eta hara, beraien garrantziaz beste froga bat izan dugu.
 
Nature structural & molecular biology aldizkarian argitaratuta , lan berri honetan zera ikusi dute: erretrobirus endogeno familia bat beharrezkoa dela gizakion enbrioietako zelula amak pluripotenteak izateko. Eta ze arraio esan nahi du honek? Ezaguna egingo zaizue, zelula amek beste zelula mota batzuk sortzeko gaitasuna duten zelulak dira eta horri esker gure gorputzan aurkitzen diren zelula mota ezberdinak sortu ditzazkete. Zelula ama mota ezberdinak daude egiteko gai direnaren arabera eta zelula ama plurpotenteek beste edozein zelula mota sortzeko gaitasuna dute.
 
Ikerketa honetan erretrobirus endogeno talde jakin bat aztertu dute, HERV-H deitutakoa, enbrioietako zelula ametan aktibo zeudela ikusita zegoelako. Eta talde honetako erretrobirusak desaktibatuz enbrioietako zelula amak bere ezaugarriak galtzen dituela ikusi dute. Hortaz, HERV-H talde hau, edo talde honetako elementu batzuk, beharrezkoak dira gizakion enbrioietako zelula amak direna izateko. Izan ere, laborategian pluripotenteak izatera itzuli diren zelulak aztertzerakoan, erretrobirus endogeno hau aktibo zuten.
 
Dirudienez bi mekanismo molekularren bidez erretrobirus endogeno honek eragiten du zelula ama pluripotenteetan. Alde batetik gertu duen gene baten adierazpena kontrolatuz (gene hori pizteko/itzaltzeko gaitasuna) eta bestetik sortzen duen sekuentzia-kontrol baten bidez.
 
Bi datu interesgarri: HERV-H talde honek gure genoman kopia gehien azaltzen dituen erretrobirus endogeno taldea da. Bestea, pluripotentziarekin erlazionatutako HERV-H taldeko kopiak primateetan agertzen dira soilik. Hortaz, eboluzioan erlatiboki berriki gure genoman txertatu diren eta gure genomaren parte bilakatu diren birus jatorrizko sekuentzia hauek gure zelula amak pluripotenteak izatea ahalbidetzen dute.
 
Egia esan guzti honek urteetan eman dudan matraka baieztatzera dator: erretrobirus endogenoak garrantzitsuak dira eta DNA-txatarra diren heinean, eboluzioa ulertzeko behar-beharrezkoak dira. Eta honako hau beste adibide bat da.
 

Utzi erantzuna