Aurrekoan omika garaiak hainbat zailtasun egon daitezkela esan nizun . Arazo horietako bat ingelesezko hype hori da, euskarara oso ondo ez dakidana itzultzen, agian ‘gehiegi saltzea’ edo ‘gehiegi lausengatzea’. Zera, kea saltzea. Egia esan arazo hau ez da bakarrik omika arloetan gertatzen, baita zientziako gainontzeko esparruetan. Orain dela gutxi honi buruz idazten zuen artikulu dotore bat twitter bidez ikusi nuen eta punturik garrantzitsuenak zurekin komentatu nahi ditut.
Artikuluaren jatorria zientzian dauden hype horiei buruz Kanadan egindako mintegi batean dago, kultura zientifikoa sustatzeko egitasmo batek antolatua. Hemen egiten gabiltzanarekin primeran egokitzen zaio beraz.
Artsenikoan haziak? Agian ez…
Ez dakit gogoratzen duzun baina orain dela hainbat hilabete artsenikoa bizitzeko erabiltzen zuen bakterioa aurkitu omen zuten. NASAk ordaindutako ikerketa horretan (beste mundutako bizia nolakoa izan daitekeen bilatzen baitabiltza) bakterioa fosfatoak erabili beharrea artsenatoak erabiltzen zituztela ondorioztatu zuten. Baina Rosie Redfield-en taldeak bakterioa fosfatoak erabiltzen zituen bakterio normal bat dela frogatu zuen. Zera, ez zirela beste munduko ezer. Gertaera honetatik agian interesgarriena Redfield berak publikazio osteko pareko azterketari ematen dion garrantzia da. Ezaguna egingo zaizun bezala, lan zientifiko bat publikatu baino lehenago zure lanak adituen azterketa bat jasotzen du. Baina zer gertatzen da adituek huts egiten badute? Zientzian ohikoa dena, beste norbaitek esperimentua berriro egiten saiatzea eta lortzen ez badu “aizuek, hemen zeozer ez doa ondo” esatea. Eta eztabaidaren ondorioz beste ikerketa talde batzuk saiatzea, ea zer gertatzen den ikusteko. Oraindik artsenikoan oinarritutako bakterioen Sciece-n publikatutako lana ez dute atzera bota, baina pareko sistemaren arazoak agerian gelditu dira. Batez ere ospe handiko aldizkarietan, aurreko batean horri buruzko gogoeta egin nuen .
Beste adibide eztabaidatu bat ENCODE egitasmoarena da. ENCODE nahiko gogoko nuen, aurreko batean idatzi nuen bezala , agian CRGkoak cava ta pintxoetara gonbidatu zigutelako PRBBkoei artikuluak atera zirenean (oso errez saltzen naiz). Baina iazko azaroan Dan Graur-en hitzaldi baten ostean (eta berak buru zuen artikulua irakurri ostean) dudak besterik ez ditut. Dan Graur-en kritikak Euskalnaturarako idatzitako erreportajean laburtuta dituzu .
Dan Graur sututa, ENCODEri egurra ematen.
Canadako mintegi honetan Ford Doolittle-ek ere ENCODEri kritika egin zion. Ez esperimentuei, baliagarriak izango zirelakoan, baizik eta emaitzen interpretazioari. Gakoa Doolittle-entzat funtzio biologikoa zehaztea da. ENCODEko ikertzaileak eskuzabalak izan zirela kritikatu zuen, gizakion ia DNA guztia (%80tik gora) funtzionala zela ondorioztatuz. Horrek genoma handiagotan (diptoietan adibidez) zer iradokiko luke, proportzio handi bat funtzionala dela ere izakia konplexuagoa ez bada ere edo proportzio handi bat DNA zaborra izaten jarraitzen duela? Egia esan ENCODEk hainbeste diru erabili ostean emaitzak gehiegi saltzea edo interpretazioekin
oso baikorrak izatea posible da. ENCODEren inguruko polemikak, bai alde batekoak zein bestekoak hartuta, artikulu oso baterako emango luke.
Florian Maderspacher-ek epigenetikaren inguruan jardun zuen. Epigenetika geneetan idatzita ez dagoen heredatzen diren ezaugarri multzoa da, edo geneetan idatzita dagoen hori aldatzen dutenak. Metilazioa eta histonen aldaketak dira ezagunenak. Maderspacher-en ustez epigenetikan hype-rako lekua dago, bai zientziaren aldetik, bai gizartearen aldetik, oso erakargarria baita gure geneetan idatzita dagoen patuari ihes egin ahal izatea. Adibidez, orain gutxi argitaratutako lan batean saguek usain baterako sentikortasuna ikastea belaunaldi batetik bestera heredatu daitekela ondorioztatu zen. Komunikabideek ‘zure beldurrak zure bilobetara transmititu daitezke’ idatzi zuten, artikuluaren interpretazio oker baten ondorioz. Lana interesgarria zen baina ez iraultzailea.
Sarah Richardson-ek urte dexente direla mikrozefaliarekin lotutako bi generekin egindako lan bat txarto egindako laneren adibide jarri zuen. Lan horretan bi gene hauek hautespenean bakarrik Afrikatik kanpoko populazioetan zegoela ondorioztatu zuten. Eta horrek Afrikatik irten ostean gizakien eboluzio kognitiboaz espekulatzea (eta modu ez zuzen batean batzuek Afrikarrek garun ez hain eboluzionatu bat edukitzea pentsaraztea). Baina gerora egin ziren lanek ez zuten hautespen ezberdintasunik aurkitu ezta zein modutan bi gene horiek kognizioa den ezaugarri konplexua baldintzatu dezaketen, bata DNA konpontzeko makinariarekin erlazionatua baitago eta bestea zelulen bikoizketarekin. Richardson-en iritziz, omika garaian, horrenbeste datu eskuragarri daudenez, halako lotura arriskutsuak egiteko aukera dago. Hortaz, populazio eta funtzioen arteko harremanak ikertzen dituzten lanen aurrean zorroztasun handia eduki behar dela eta testuinguruan hobeto kokatu beharko liratekela.
Jock Murray-k medikuntzan egindako ikerketa bati buruz aritu zen. Esklerosi multiplea hobetzen omen zuen kirurgia benetan hype bat zela azaldu zuen, kirurgia horren ondoriozko konplikazioak zirela eta hainbat paziente hil egiten baitziren. Bere ustez kirurgia horren froga klinikoak ez ziren inoiz argitaratu izan behar ez baitzituzten behar bazala egin. Aldizkariaren akatsa izan zen, gaia zela eta prozedurari ez zioten behar bezalako garrantziarik eman. Ondorioa oso kaltegarria izan zen: pazienteek presioa egin zuten kirurgia hori eskuragarria izateko edota medikuntza turismoa garatu teknika hori beste leku batean egiteko. Esklerosi multiplea gaixotaxun ezezagun eta latza denez gaixoek itxaropena ikusi zuten baina egia esan teknikak ez zuen laguntzen eta, are gehiago, arriskutsua zen. Eta puntu horretan gaixoei hori azaldu behar zitzaien.
Azkenik mintegi horretan hype-ak ekiditeko eztabaida egin zuten. Inork ez du argi, egia esan, zer egin. Agian marketing pixkat ez du kalterik egiten horrela jendea zientziara hurbiltzen bada. Edo ‘zientzia geldoa’ egin, aurkikuntza iraultzaile bat egiten denean, denbora eman irensteko eta gero behar bezala zabaltzeko. Eta sare sozialak erabili ikasteko eta kritikoak izateko. Agian hori da guzti honen ostean garrantzitsuena: kultura zientifikoa hedatzen jarraitzea kerik ez erosteko.
Bibliografia.
Maderspacher F. 2014. Hype in Halifax. Current Biology 24(8):R298-R301.
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du
One comment on “Kea saltzea eta emaitzak puztea biozientzietan”