Genetika, genomika ta beste

Genetika zientzia-fikziozko telesailetan (II)

Aurreko sarrera arrakastatsuaren ostean oraingoan beste telesail batzuk aztertuko ditut genetikaren ikuspuntutik.
 

 
Txintxoa izango naiz eta zientzia-fikziozko telesail batzuen pasoteak errepasatu baino lehen genetikaren lotutako ohiko kontzeptuak nahiko ondo lantzen zituzten telesail batekin hasiko naiz. Regenesis 2004-2008 urteetan The Movie Network eta Movie Central kateek emandako telesaila izan zen. Gaixotasun misteriotsuak edota bioterrorismoa bezalako mehatxuak ikertzen zuten zientzilari talde bat zuen protagonista. Bioinformatikaria eta guztiz. Egia esan nahiko ondo lantzen zituzten gaiak, eskua pixkat joaten zitzaien baina dena parametro onargarrien barruan, ohulkulari zientifikoa baitzuten. Gainera arazo etikoak eta ikerkuntza berriek gizartean zituzten inplikazioak lantzen zituzten ere.
 

 
20140522150631
 
Lan-talde honek lan txukuna egiten zuen.
 

 
Egia esan telesail honetan arma biologikoak, mutazioen ondoriozko gaixotasun berriak, klonazioa, terapia geniko, zelula-amen erabiltzea etab. bezalako kontuak landu zituzten. Agian lotan zeuden geneak aktibatzea kontzientzia maila berri bat lortzeko kontuan pasatu ziren. Baina asko estimatu nuen erretrobirus aktibo bat zuten diabetesa osatzen zuten zelula-amen istorioa. Badakizue, bakoitzak bere zaletasunak ditu.
 

 
Zientzia-fikziozko telesailen artean Stargate SG1 eta bere spin-off-ek (Stargate Atlantis eta Stargate Universe) txoko berezia dute nire oroimenean, lehen biak oso atseginak izan nituen. Azkena, beno, soberan zegoen, horregatik 2 denboraldi iraun zuen (2009-2011 artean Syfy katean).
 

 
Stargate SG1-n (Showtime eta Syfy kateek 1997 eta 2007 urteen artean emanda) genetikaren inguruan ez dut gehiegikeri handirik gogoratzen. Agian eboluzioarekin lotutako kontu batzuk zur ta lur utzi ninduten. Adibidez hibridazio arraroak. Zaharrak deitutako espezie aurreratu batek Esne-Bidean (eta beste galaxia batzutan) hedatuta zeuden. Lurretik joan ziren, gero itzuli ziren eta itzulitako gutxi batzuk hasierako gizakiekin hibridatu ziren. Hori dela eta gizaki batzuek Zaharren genea zuten, Zaharren makinak erabili ahal izateko genea. Guzti hau pintzekin. Alde batetik aurrekoan aipatu bezala, hibridazioak gertatzeko antzeko espeziea izan behar dute. Bestetik gizaki batzuk gene extra bat edukitzeak pixkat nahasten nau. Agian geneak duplikatzerakoan gertatzen den antzeko zeozer izan daiteke? Beno, olagarroa onartuko dut.
 
Zur ta lur utzi ninduen beste kontua Asgard-ak dira. Hauek esne bidean dauden beste espezie bat dira. Alien tipikoak. Beren eboluzioagatik (ze arraio!?) ez ziren sexualki ugaltzen eta ugaltzeko klonazioa erabiltzen zuten beren kontzientzia klon berrian txertatuz. Klonazioa posiblea da. Ondo. Orain, ez dakit zer den eboluzioagatik ugalketa sexuala posible izaten uztea. Eta kontzientzia transferitzea, beno, bai, zientzia-fikzioa. Gainera, dena dramatikoagoa egiteko, klonazioaren akatsen ondorioz, beren material genetikoa endekatzen joan zen eta azkenean desagertuko zirenez bere buruaz beste egin zuten. Oso tristea izan zen atal hori baina material genetikoaren endekapena ez pentsa hain gehiegikeria denik, beste kontu bat endekapenaren ondorioak dira. Adibidez Dolly ardiak
 
, klonatutako lehen ugaztunak, bere adinarentzat telomero laburrak zituen.
 

 
20140522150719
 
Thor, Asgard bat, oso maitagarriak ziren estralurtar hauek, baina bere espeziea hilzorian zegoen.
 

 
Stargate Atlantis-en
 
(Sci Fi-k 2004 eta 2009 artean emanda) ordea, bai, genetikaren ingurukoekin pasa ziren. Asko eta askotan.
 
Serie honetan maltzurrak Wraith deitutako izaki beldurgarri batzuk ziren, gizakien bizitzaz elikatzen direnak. Literalki. Beren jatorria asmatutako Iratus araknidoan dago. Honek gizakietaz elikatzen hasi zen, Zaharren esperimentu kaskar baten ondorioz, eta bere material genetikoari gizakien DNA eransten joan zen. Ze arraio? Ez dakit hibrido bat saldu nahi zuten edo transgenikoen aurkako zeozer. Baina kakanahaste bat gelditu zitzaien.
 

 
20140522150747
 
Wraith-ak itsusiaz eta beldurgarriaz gain, hankarik ez bururik duen esperimentu baten ondorioz sortu ziren.
 

 
Baina, zergatik bere horretan utzi Wraith-en genetika potologoa egin badaiteke? Zeren, gizaki DNA badute eta araknido DNA badute, araknidoaren DNA desaktibatzen badugu, alderdi txungorik gabe geldituko dira eta bakarrik gizakiak izan! Txorakeria dirudi, ezta? Ba gidolariei ideia bikaina zela iruditu zitzaien. Terapia genikoa erabilita, erretrobirus baten bidez, Wraith-ak gizaki bilakatu nahi zituzten. Eta erdi-lortu. Harretan. Baina ez badute tratamendua jarraitze erdibidean gelditzen dira.
 

 
20140522150817
 
Michael gixajoa, Wraith izaten uzteko terapia genikoa jasan eta erdi gizaki erdi Wraith gelditu zen.
 

 
Hau nahikoa ez balitz, zergatik ez gehiago nahastu eta protagonistetako bat Wraith bilakatu eta gero berriro berera itzuli? Festa! Bai, serie honetan terapia genikoa erretrobirusen bidez edozertarako erabiltzen zuten. Baita Zaharren gene hori gizakietan txertatzeko, baina ez guztietan, terapia ez baitzen guztiz eraginkorra. Ene bada.
 

 
Zientzia-fikzioa eta genetika uztartzen dituen sarrera hau bukatzeko Futurama (Fox kateak 1999-2003 artean eta Comedy Central-ek 2008-2013 artean emandakoa) aztertuko dut. Simposntarren sortzailearen serie honetan matematika eta fisikaren inguruan egindako txantxak ezagunak dira. Baina genetikak ere bere lekua du.
 
Alde batetik klonazioa dugu, Farnsworth doktorea Cubert deitutako klon bat baitu. Garatxo batetik garatua. Klonazio tanketik ateratzerakoan (txerri sudurra gelditzen zaio arnasteko hodia dela eta) nerabe nahiko jasangaitza da. Hau Futuramaren aldeko puntu bat da, zientzia-fikzioan klonak “garapen bizkortua” izan ohi dute eta tankeetatik ateratzerakoan helduak dira. 3000 urtea izango da baina gizakion garapen erritmoa errespetatzen da. Seriean bien arteko harremana lantzen dute eta, txantxa eta umore artean bada ere, zera heltzen zaigu: klona izango da baina ez dira fotokopiak. Eta horretan asmatzen dute ere. Bikiak fotokopiak ez diren bezalexe, klonak ez dira fotokopiak. Oinarri genetiko berdina izango dute baina bakoitzak bere berezitasunak izango ditu.
 

 
20140522150907
 
Farnsworth doktorea eta bere klona, Cubert
 

 
Futuraman Leela 3 denboraldiz estralurtarra zela pentsarazi ziguten. Baina 4. denboraldian benetan mutante bat dela azaldu ziguten, oso hunkigarria den “Leela’s Homeworld” atalean. Zientzia-fikzioan mutanteak superheroiak azaltzeko modu bat izan dira, superbotereak dituzula? DNAn mutazio bat duzu eta superbotere hori lortu duzu. Baina Futuraman beste modu batean mahaigaineratzen dute: estoldetan bizi diren izaki amorfoak dira. Leelaren gurasoek umerzurztegi batean uzteko arrazoia azaltzerakoan zera esaten diote alabari, zori(one)z gurasoen ezaugarri ez-mutanteak zituela eta gauza arraro bakarra ziklopea izatea zela. Hori estralurtartzat jotzea erreztuko luke eta bizitza hobeagoa izango zuela horrela. Egia esan nahiko gogorra da bizitza kaxkarrago bat eraman beharra zure DNA egokia ez delako (arrazismoa) eta ondo garatzen dute heredatzen diren ezaugarrien kontzeptua, gure gurasoen zorizko nahasketa bat garela. Futuramak hori izan du beti, txantxetan eta umorearekin gero pentsarazten dituzten arazoak plazaratzen dituztela.
 

 
20140522150928
 
Leela mutantea txikitan gurasoekin
 

 
Honekin zientzia-fikzioko telesailek genetika nola erabiltzen duten birpasatzen bukatzen dut. Horrela, halako filme edo telesail bat ikusterakoan genetikaz diotena onar dezakezuen jakingo duzue!
 

Utzi erantzuna