Ikertzailearen lanaren helmuga ikertutakoa publikatzea omen da. Baina ikerketa berri baten emaitzak azaltzen dituen artikulua ez da adizkari zientifikoetan publikatzen den bakarra. Baita ere “review”-ak deitzen direnak daude (ez dakit nola euskaratu hitz hori), hots, ingelesek “state of the art” deitzen duten hori egiten dutenak: gai bati buruz dakiguna biltzen eta laburtzen duten artikuluak.
Zaldien erretrobirus endogenoak aztertzen genituen artikulua argitaratu ostean (tesia azaltzerakoan honetaz zeozer kontatu nizun ) Current Genomics aldizkaritik review bat egiteko prest geunden galdetu ziguten. Guk etxe-abereetan erretrobirus endogenoi buruz ezaguna zena birpasatzen eta laburtzen zuen review-a proposatu genien, eurak ideia onartu, artikulua idatzi, errebisio positibo bat pasa eta orain gutxi artikulua onartu ta publikatu zuten . Egia esan zailena review-a bera idaztea izan zen, modu fin batean esateko, oso astuna izan zen. 72 artikulu zitatzea eta, hortaz, (ber)irakurri izana lana da.
Goian erretrobirus endogeno baten selfie eskematikoa, behean birpasatu ditugun espezieen profilak.
Zergatik erretrobirus endogenoak etxe-abereetan? Ondo ezagutzen dugun gaia izateaz gain (behietan, zaldietan eta ardietan aztertu baititugu), aurretik inoiz ez da bildu etxe-abereetan erretrobirus endogenoi buruz ezaguna dena. Egia esan, erretrobirus endogenoak oro har lantzen dituzten review-ak daude, baita gizaki eta karraskarietako (saguak batipat) erretrobirus endogenoie buruzkoak edota erretrobirus endogenoekin lotutako gai espezifikoak. Baina etxe-abereak osotasunean aztertzen zituenik ez zegoen.
Etxe-abere dioadanean zentsu zabalean ari naiz, bai abereetaz bai etxekotutako animaliataz. Birpasatu genituen 7 espezieak aukeratzeko genoma sekuentziatua, erretrobirus endogenoen bilaketa egin izana eta erretrobirus endogenoak aktibo ote zueden aztertu izana izan ziren irizpideak. Horiek betetzen zituztenak txerria, txakurra, katua, zaldia, ardia, behia eta oiloa izan ziren. Eta bi ataletan banatu genuen, zeintzu erretrobirus endogeno ezagunak diren espezie bakoitzean alde batetik, espezie horietan aktibo ote dauden bestetik.
Halako lan batean gauza askorik azaltzerik ez dagoenez, batez ere argitaratutako lanen eta datuen bilketa besterik ez denez, niri deigarriak iruditu zaizkidan datuak emango dizkizuet:
Txerrien erretrobirus endogenoak gainontzeko etxe-aberetakoekin alderatuz oso ikertuak dira, batez ere PERV-g1 deitzen diren taldekoak. Talde hauetako kopia batzuk gizakien zelulak infektatzeko gai direla ikusi da eta horrek txerri-gizaki transplanteetan arrisku iturri dira. Hortaz talde hori nahiko aztertzen da txerri-gizaki transplanteek arrisku hori izan ez dezaten. Txerrian ezagunak diren gainontzeko erretrobirus endogeno taldeek edo ez dute aktibo izateko gaitasunik edo ez dira gizaki zelulak infektatzeko gai. Hortaz ez dira txerri-gizaki transplanteetarako arazo.
Ugaztunak diren etxe-abereetan ere (txerrietan eta zaldian ez dago argi), primate eta karraskarietan ezaguna zen bezala, plazentaren garapenean erretrobirus endogenoak beharrezkoak dira. Baina animalia talde bakoitzean erretrobirus hori ezberdina da. Egia esan ugaztunetan plazenta garatzeko modu ezberdinak daude eta autoreren batek erretrobirus endogenoak aniztasun hori erreztu dutela proposatu du.
Erretrobirus endogenoak, elementu genomikoak izateaz gain, espezie batek jasan dituen infekzioen erregistro fosilak dira ere. Espezie batzuek (behia, katua eta txakurra esaterako) hainbat infekzio ezberdin azaltzen dituzte, baina beste batzuk berriz (zaldia esaterako) oso gutxi. Honen arrazoiak infekzio gutxiago jasan izana edo beren defentsa sistemak eraginkorragoak izana izan daitezke. Baita ere etxokotze prozesua berak izan dezakeen eragina izan daiteke alboratu, espezie bakoitzean modu ezberdinean gertatu baita eta erretrobirus endogenoen erregistro fosila horren islada izan daiteke.
Egia esan askotarako eman lezake gai honek baina hiru puntu horiek interesa pizteko baliagarriak izan daitezke. Azkenik etxe-abere gehiagoren sekuentziak eskuragarri izanda eta etxe-abere bereko arraza ezberdinen informazioa lortzen goazen heinean erretrobirus endogenoak hobeto ezagutuko ditugula iruditzen zait. Eta genomen eboluzioan duten garrantzia nabarmentzen joango dela.
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du
Oso interesgarria gaia!. Nik ere review euskaratzeko arazoak izan ditut. Eta ez nekien plazenta eta erretrobirusen arteko loturarena.