Genetika, genomika ta beste

Erretrobirus endogenoak eta behien genoma: maitasun-gorroto istorio bat

Tesia irakurri nuenetik lau urte pasa badira ere, oraindik egindako lanen zati bat argitaratzeke dago. Gaurkoan zati horietako bati buruz idatziko dizut. Egia esan artikulu honek zorte onik ez du izan. Denbora luzez bueltak eman ostean eta lau aldizkarik ezetz esan zioten eta azkenean aldizkari xume batean argitaratu dugu . Oso pozik nago, egia esan. Lan hau egin nuenean oso ondo pasa nuen eta asko gustatu zitzaizkidan lortutako emaitzak, baina argitaratzeko gurutze-bidea pasa ostean, gero eta higuin gehiago nion. Lan hau maitasun-gorroto istorio bat izan da.
 

 
Lan hau egiteko bi galdera errez mahaigaineratu genituen: erretrobirus endogenoak geneetatik (funtzioa duten genometako egiturak) gertu agertzen al dira beste espezie batzuetan bezala? Erretrobirus endogenoak aktibo al daude edo genomak beren aktibitatea ekiditen dute?
 
Erretrobirusak hainbat geneetatik gertu daudela ikusi genuen, baina zoriz itxaron daitekeena baino gutxiago. Gainera geneen intron deitutako eskualdeetan agertzen zirenean genea irakurtzen den kontrako zentzuan agertzen dira. Hainbat espezieetan gauza bera ikusi da eta hau azaltzeko zera iradoki da: erretrobirusak genea irakurtzen den norabidean txertatzen badira, genearen funtzioa kaltetu dezakeela eta, hortaz, zelula horiek bideragarriak ez izan. Ondorioz, intronetan bakarrik kontrako norabidean txertatuko erretrobirusak “baimentzen” dira kalterik sortzen ez dutelako.
 
Erretrobirusek geneen funtzioan izan dezaketen eraginaren harira, pseudogene deitutako funtzioa galdu duten geneek zoriz itxaron daitezkeen erretrobirus gertu zituztela ikusi genuen ere. Hau da, behin funtzioa galduta, erretrobirusak gertu edo gene barruan txertatzea “axola” ez duela funtziorik kaltetu ezin dezaketelako.
 
Baita ere erretrobirusetatik gertu agertzen ziren gene hauek funtzio jakiren bat ote zuten aztertu genuen. Batez ere birusen aurreko defentsarekin lotutako geneek (kontraesana dirudi, ezta? birusen aurka erabiltzen diren geneetatik gertu erretrobirusak kokatzen dira, kezkagarria) eta kromatinarekin (DNA irakurgarri edo ez egiten duten egituretako batzuk) lotutako geneetatik gertu agertzen dira. Zergatik? Ideiarik ez baina pare bat kontugatik izan daiteke: erretrobirusek sekuentzia horien segidaren bat “ezagutu” dezaketelako, hots, “joera” dutela horietara joateko; edo sekuentzia horiek momentu horretan eskuragarri egotea eta, besterik ez dagoenez, horietara jo.
 
Emaitza hauek errepasatuz gauza nahiko kuriosoa ikusi genuen: birusen aurkako gene horietako asko interferon deitutako gene-familiakoak (gene-familiak jatorri berdina duten eta antzeko funtzioa betetzen duten gene multzoak dira) zirela. Eta, gainera, gene hauek erretrobirusaren barnean agertzen zirela. Arraroa baina interesgarria. Ez zen gene-familia bakarra izan, beste 4-5 familietan ere halako zeozer ikusi genuen. Guk zera proposatzen dugu, gene-familia batzuetan, horietako kide batzuk erretrobirus endogenoen bidez bikoiztu dira. Hots, erretrobirus endogeno batek bere burua kopiatzerakoan gene hauek barneratzen dituela (oso luzeak ez baitira) eta erretrobirusarekin batera genearen kopia berri bat txertatzen dela. Agian oso animatuak izan gara hau proposatzerakoan, baina gure datuetan oinarrituak posible iruditzen zaigu.
 

 
Egin ginen beste galdera erantzuteko behiaren genoman aktibo dauden eskualdeak aztertu dituzten datu publikoetan oinarritu ginen. EST deitutako sekuentziak dira hauek, hots, zelula jakin batean aktibo dauden sekuentzia zatiak. Horietako zenbat behian aurkitu genituen erretrobirusei egokitu genitzakeen aztertu genuen eta horrela ehun eta organo ezberdinak konparatu. Oro har erretrobirusak ez daude behietan aktibo. Tiroideetan eta enbrioian izan ezik.
 
Tiroideena gizakian ere ikusi da hau. Proposatu zena zera da: erretrobirus horiek tiroideetan aktibatzen diren geneen antzeko eskualde kontrolatzaileak dituztela, hots, aktibo/ez-aktibo kontrolatzeko erabiltzen diren eskualdeak antzekoak direnez albo efektu bezala aktibatzen direla. Guk aktibo zeuden erretrobirusak aztertu genituen eta tiroide-hormonaren menpeko kontrolerako eskualdeak zituztela ikusi genuen, iradokitako mekanismoaren alde eginez. Enbrioietan aski ezaguna da beste espezietan ere erretrobirusen aktibitatea, moduren batean edo beste erretrobirusek amaren immune-sistemaren aurka enbrioia babes dezaketela proposatu baita. Arraroagoa egin zitzaigun plazentan erretrobirusen aktibitaterik ez aurkitzea, beste espezie batzuetan gertatzen den bezala, edo behian hainbat lanek aurkitu bezala, enbrioian bezala, babes funtzioa egin baitezakete eta plazentaren garapenean lagundu. Egia esan aipatutako ESTetan plazentaren datu gutxi daude eta, horregatik ez genuen aurkitu.
 
Bukatzeko bi galderak lotu genituen, hots, erretrobirusak aktibo al daude geneetatik gertu daudelako? Ba askotan bai, hala da. Beste espezie batzuetan erretrobirusak aktibatzea ekiditea gertuko genea ez aktibatzea ekar dezakeela proposatu da eta, hortaz, gene bat aktibo ez egotearen kalteak ekiditeko, gertu dagoen erretrobirusen aktibitatea “baimentzen” da. Guk horren aldeko datuak eskuratu genituen, aktibo dauden erretrobirusen erdiak baino gehiagok gertuko genea aktibo dagoenean aktibo daudela ondorioztatu baitugu. Albo efektu bat.
 
Laburbilduz, lan honekin gertatu zaidan moduan, erretrobirus eta behiaren genomaren artean maitasunezko-gorrotozko harremana da: genomak erretrobirusak erabili ditzake bere onurako baina, baita ere, kalte handiagoak ez izateko jasan beharreko gaitza.
 

Utzi erantzuna