Zure zelulen barnean borroka handi bat dagoela esango banizu, zer esango zenidake? Eta borroka hori bera zure inguruko pertsonengan ere gertatzen dela? Eta zure inguruko animalia eta landareetan ere? Interesa piztu badizut, goazen pausoz pauso.
Askotan esan dizut gure genomak, gure funtzio biologikoak idatzita dituen argibide-liburu hori, geneez gain beste osagai batzuetaz osoturik dagoela. Horiei DNA zabor deitu izan zaie ageriko funtziorik ez dutelako. Baina, geneak funtzioak badira ere, zerbait egiten badute ere, ez dira argibide-liburuaren zatirik handiena gizakiotan. DNA zaborra, ordea, gizakion genomaren zati gehienak dira. Horien artean hain gogoko ditudan osagai mugikorrak daude, gizakion genomaren erdia eta bi heren artean osotzen dutenak. Bai, nahiko arraroa badirudi ere, gure argibide-liburuaren erdia eta bi heren artean “kopia nazazu eta liburuaren beste leku batean itsas nazazu” funtzioa osotzen dute. Zeren elementu mugikorrek hori bakarrik egiten dute: bere burua kopiatu eta genomaren beste leku batean txertatzen dira. Horregatik DNA berekoi moduan ere ezagutzen dira, bere “helburu” bakarra ahalik eta gehien bere burua kopiatzea baita.
Osagai mugikorren kopia nahi honek bi arazo handi sortzen ditu. Alde batetik non txertatzen diren. Suposa dezakezunez gene batean erdian txertatzen badira gene horren funtzioa hondatzen dute. Eta funtzioa hondatzen bada zelula horrek ez du funtzionatuko. Geneek osagai mugikorrak nahieran txertatzea ekiditeko “borrokatu” behar dute. Bestetik espazioaren “borroka” dago. Genoma oso bat kopiatzeak (zelula bat bikoizten den bakoitzean gertatzen dena) energia behar du eta ez dirudi oso eraginkorra funtzio agerikorik ez duen DNA zatiak kopiatzen ibiltzea. Liburuaren espazio gehiena zaborrez beteta badago energia zerbait ez erabilgarrian xahutzen da.
Orduan eszenatoki interesgarri eta konplexu bat dugu: gure argibide-liburuaren baitan “interes” kontrajarriak dituzten bi osagai mota ditugu: ring-aren alde batean geneak, genomaren eskualde “kooperatiboa” bezala deitu dezakeguna, berain arteko kooperazioari esker izaki bizidunok gure funtzio biologikoak betetzen baititugu; eta ring-aren beste aldean osagai mugikorrak, genomaren eskualde “berekoiak”, bere burua kopiatu besterik nahi ez dutenak.
Eboluzioan zehar, milioika urteetan zehar, bi osagai mota hauen arteko elkarrekintzak (borrokak) izaki bizidunon argibide-liburua moldatzeaz gain, berrikuntzen iturri izan da. Ikertzaile batzuk “Armamentu-norgehiagoka” bezala izendatzen dute elkarrekintza hau. Alde “kooperatiboak” alde “berekoia” kontrolatu behar du genoma ez kolonizatzeko (eta, bukaeran, funtzionala izateari ez uzteko) eta alde “berekoiak” kontrol hori saihestu eta modu askean bere burua kopiatu.
“Guda hotz” honek hainbat ondorio eta albo-kalte izan ditu. Horietaz oporretatik bueltan arituko naiz. Orain genomikari eta eboluzioari buruz idaztean bi asteko etenaldia egingo dut blogean. Itzuleran gene vs elementu mugikor borrokak izandako ondorio batzuk azalduko dizkizut. Bitartean spoiler moduan irudi hau uzten dizut eta ondo pasa udan.
Kontuz! Spoilerra
One comment on “Gure barneko borroka”