Genetika, genomika ta beste

Ebola, beldurra eta egin behar ez dena

Bai, azken egunetan pil-pilean dabilen gaia jorratu behar dut orain oporretatik itzuli naizela. Nahiko kuriosoa da, Ebolari halako maitasuna diot. Gaztetxoa nintzenean, Outbreak bezalako filmeek birusei eta halako birus hain kaltegarriei buruzko jakin-mina piztu zidaten. Gauza horiek ikasi nahi nituela ulertu nuen eta hara, beste birus mota batzuei buruz tesia egin eta orain ebolari buruz idatziko dut.
 

 
20140818133908
 
Ebola. Gaizkilearen argazkia
 

 
Birusen genoman (funtzio biologikoak idatzita dagoen argibide-liburu horretan) beren burua kopiatzeko eta biderkatzeko beharrezko funtzioak idatzita daude. Nola egiten dutenaren arabera birusak mota batzuetan edo besteetan sailkatzen dira. Adibidez nire erretrobirus kuttunak beren burua biderkatzeko zelula-ostalariaren genoman txertatu behar dira lehenengo. Ebolaren kasuan behin zelula-ostalarira sartuta bere burua kopiatzen hasten da, bere genomarekin batera zelularen osagaiak bere zerbitzura jartzeko beharrezkoa baitarama. Ebolaren genomak 19000 hizki inguru ditu. Ideia bat izan dezazun, gure genomak baino 158000 aldiz baino gutxiago. Azken finean ebolaren genoman, gainontzeko birusetan bezala, bere burua kopiatzeko argibidea bakarrik dute.
 
Hau kontuan hartu beharreko lehen puntua da. Gure zilborrari begiratzeko ohitura dela eta birusak “gaiztoak” direla iruditzen zaigu eta geu beren “biktimak”. Baina birusak bere burua kopiatzen duten partikulak besterik ez dira. Beren “biktimetan” (ostalarietan) eragiten duten kaltea ez dute kontrolpean: zelula batean sartzen saiatu eta sartzen badira bere buruaren kopiak egiten hasi. Besterik ez. Ostalaria birusaren kopiak jasateko eta moduren batean kontrolatzeko gai bada, ez du kalterik jasoko. Ostalaria eramailea izatea edo birusa latente gelditzea esaten zaion hori. Adibidez gizakion %90a herpesvirusen batek infektatu gaitu eta gehienok modu latentean daramagu. Deserosoa baina jasaten dugu. Ebolaren kasuan ez gaude prestatuak birusaren ondorioak jasateko. Diotenez, baina hemen gauza asko esan esaten dira eta egi gutxi, saguzarretatik etor daiteke. Hau onartzen badugu, agian saguzarrek ebolaren eramaileak dira baina ebolari ohituta daudenez (hautespen naturalaren ondorioz egokitu dira) ez dira kaltegarriak beraientzat. Baina gizakietara pasatzerakoan, infektatzeko gai direnez baina geu egokituta ez gaudenez, kontrol barik ebolak kopiak egiten ditu eta geu kaltetu, hil arte.
 
Honen ondorioz dator, nire ustez, gai honen korapilo nagusia: beldurra. Komunikabideetan azken asteetan ageri zaigu birus hau, otsailetik agerraldia ezaguna bazen ere, mendebaldarrak infektatzen/hiltzen hasi direnean. Esatea krudela da, baina afrikarrak hiltzen ziren bitartean ez zitzaigun axola. Baina mendebaldarrak izan direnean alarma guztiak piztu dira. Zergatik? Sendagairik ez dagoelako. Bakarrik neurri aringarriak hartu eta hiltze bidea ahalik eta min gutxiagorekin egin. Zeren ebolak duena zera da, motaren arabera (bost mota ezberdin ezagutzen dira) hilkortasuna %90a heltzen da. Egia da Afrikan malariaz edo HIESaz ebolaz baino pertsona gehiago hiltzen direla. Baina malariaren eta HIESaren kasuan arazoa politikoa da, ebolaren kasuan, ordea, osasun arazoa. Beste gaitz horietan arazoa politikoa dela diot beraiei aurre egiteko baliabideak eta neurriak badaudelako. Eta mendebaldera heltzen badira gure botikak eta protokoloak ditugu, sendatzeko edo kronikoak egiteko. Afrikara heltzen ez direnak arrazoi ekonomiko eta politikoengatik, eta erlijiosoak HIESaren kasuan. Bi gaixotasun horien zorigaitzari aurre egin daiteke baina beharrezko erabaki politikoak ez dira hartzen. Ebolaren kasuan, ordea, ez dago sendabiderik eta, hortaz, arazoa osasun-arazo bat bilakatzen da. Ez badira hartu beharreko neurriak hartzen, Afrikar herrialdeak baliabideekin ornitzea esateko, ebolak ezusteko asko eman ditzake.
 
Baina, nire ustez, egin behar ez dena, beldurra dela eta, balizko serum hori edozein modutan jendean probatzea da. Hori ez da Afrikar herrialdeak baliabideekin ornitzea, hori akuri moduan afrikarrak erabiltzea da. Entsegu klinikoak ez dira horrela egiten, Helsinkiko adierazpena (gizakiotan entsegu klinikoak nola egin behar diren ezartzen zuenak) pikutara bidaltzea da. Nola egingo dira entseguak? Bioetikako zein batzordek onartu du? Nola erabakiko da nori eman plazeboa eta nori serum hori? Edo ez dituzte kontrolik erabiliko eta serum-a eman guztiei? Eta, batez ere, zein egoeratan ematen da informatutako baimena? Beldurragatik, etsipenagatik edo presagatik gauzak behar bezala egiteko arauak pikutara bidaltzen baditugu, jai daukagu. Hau kriston lardaskeria izaten bukatu daiteke.
 
Egia esan lotsa eta haserre puntu bat daukat kontu guzti honekin. Egin behar ez diren hainbat gauza ari dira egiten balizko izua dela. Benetan ebolak arduratzen bagaitu irtenbide bakarra ganorazko zientzia egitea da: zehaztasunez eta prozedura egokiak erabilita. Alarmismoak, pelikula batetik ateratako lekualdaketek eta ia mirariak diruditen su artifizialek ez dute ezer lortuko.
 

Utzi erantzuna