Udako etenaldia baino lehen genometan ematen den borrokari buruz idatzi nuen . Orain orduko horri jarraiera emango diot.
Irudi honekin bukatu nuen. Ekaian
modu teknikoago batean irudi honetan ikusten dena azaldu nuen. Ideia orokorra zera da, geneek (genomaren alde kolaboratzailea) eta osagai mugikorrek (genomaren alde berekoia) estrategia ezberdinak zoriz lortu eta garatu dituztela genomaren “konkistan”.
Esate baterako metilazio
izena duen mekanismo bat dugu. Mekanismo honi esker genomaren eskualde bat desaktibatu eta aktibatu daiteke. Pentsa gure argibide-liburuak funtzio ezberdinak garatzeko argibideak dituela, baina zelula guztiek ez dituztela behar: ez da gauza bera birikiko zelula bat izan edo gibelekoa. Funtzio biologiko ezberdinak dituztenez gene ezberdinak aktibo izango dituzte. Nola kontrolatu zein dagoen aktibo eta zein ez? Metilazioak ahalbidetzen du. Argibide-liburuan “hau ez irakurri” marka bat jartzea bezalakoa da. Baina, kuriosoena, metilazioa osagai mugikorrak desaktibatzeko “sortu” zela da. Normalean osagai mugikorretatik gertu dauden geneen aktibazioa kontrolatuagoa dago, gene hauek aktibatzea osagai mugikorrak aktibatzea ekar dezakeelako. Eta, agian, osagai mugikorrek geneetatik gertu txertatzen saiatzen dira aktibo egoteko aukerak handitzeko.
Hala ere, genomako eskualde bat aktibo egoteak ez du halabeharrez idatzita dauden funtzio horiek beteko direnik eragin behar. Argibide-liburuan “hau egin behar da” agindua ematen denetik agindu hori betetzen den arte, kontrol-puntu batzuk daude agindu hori bete behar den ekidin dezaketenak. Hizki-zopa galanta dugu: microRNA, siRNA, piwiRNA, etab. deitutako molekulak. Bakoitza mundu bat da baina, funtsean, hori da egiten dutena: beharrezkoa bada, aktibo dauden eskualdeetan agintzen dena ez egitea ahalbidetzea. Horrek genomaren kontrola konplexuagoa baina, era berean, dinamikoagoa baimentzen du. Eta osagai mugikorren ekintza ekiditeko beste mekanismo bat. Bai alde kooperatiboak zein berekoiak mota honetako molekulak garatu dituzte bakoitzaren onuretan.
Guzti honek genoma eszenatoki konplexu eta korapilatsu bat dela erakusten digu. Mekanismo eta molekula asko daude, estatu polizial bat baliran, dena kontrolpean edukitzeko eta geu bezalako organismo konplexuak bideragarriak izatea baimentzen dutenak. Horregatik hain garrantzitsua iruditzen zait eboluzioan zehar alde kooperatibo eta alde berekoiaren arteko guda hau nola garatu den ikertzea eta ikastea. Zeren horrela mekanismoak nola sortu eta garatu diren ulertuko dugu. Eta puntu hau oso garrantzitsua da zeren genomaren kontrol-mekanismoak pikutara doazen gaixotasun askotan (minbiziak kasu), osagai mugikorren aktibazioa ikus daiteke. Ez dut uste beraiek gaixotasuna sortzen dutenik, baizik eta genomak duen makinaria errepresiboak poto egin duenez, osagai mugikorrek aske beren burua kopia dezaketelako. Osagai mugikor bakoitza zein modutan desaktibatzen den ezagutuko bagenu, aktibatzen denean zein mekanismo puskatu den ezagutu genezake. Eta, horrela, zer konpondu behar den jakin.