Genetika, genomika ta beste

Zergatik dibulgatzen dut?

Orain dela urtebete zergatik dibulgatzen ez nuen azaltzen saiatu nintzen . Ordutik blog honetan 52 sarrera idatzi ditut zientzia edo zientziarekin lotutako gaiak jorratuz, Ekaian artikulu bat argitaratu , Euskalnaturan erreportaje bat idatzi eta #txiotesia n #kafepintxo ekin zein ondo ikertzen den kontatu dut . Eta agertzeke daudenak. Zer dela eta aldaketa hau? Ezer ez kontatzetik ia astero txapa ematera. Zer aldatu da?
 
Orain urtebete bost zutabe aipatzen nituen ez dibulgatzeko eta orain nola ikusten ditudan laburtuko dut:
 
Zailtasuna. Bai, ez da erreza gai abstraktuak azaltzea, baina bidean lantzen dudan gaiaz gehiago ikasten dut. Ingelesek win-win egoera horietako bat bilakatzen da: jendeak zer egiten dudan jakin dezake eta egiten dudana hobeto ulertzen dut.
 
Denbora. Bai, denbora behar da gauza hauek ganoraz idazteko. Hori horrela da. Baina oso probetxugarria den denbora. Kontzeptuak eta gaiak nola azaldu pentsatzen denbora ematen dut baina, lehen esan bezala, ariketa bikaina da. Eta denbora primeran pasatzen dut.
 
Foroa. Urte honetan zera ikasi dut: sare sozialak kriston lanabesa direla. Nire txoko berde honetan idatzi, twitterren idatzi dudala jarri eta bertxio eta aipamen bidez hedatzen doa. Eta interesa duenak irakurriko du. Gainera #kzjaia edo Zientzia Kaierako “Zientzia begi bistan” ekimenek jendeak klik egitera animatzen du. Foroa jada ez da garrantzitsua, sare sozialek oztopo hori gainditu dute.
 
Interesa. Gehienon zientzia gaien inguruko interesa pixkat postureoa iruditu zaizkit beti, nirea barne. Baina zuzentasunaren postureoaz haratago badago jakin-mina duenik. Eta pertsona horien interesagatik bada ere, astero batailatxo bat kontatzeak merezi du.
 
Formazioa. Nola zientzia gaiak gizarteratu? Orain urtebete ez nuen ideiarik eta urtebete geroago ideiarik izan gabe jarraitzen dut. Baina nire idatziak sortzen oso ondo pasa dut. Formarekin eta adibideekin asko jokatu dut eta asko atsegin izan dut. Sarreraz sarrera pixkat ikasten zer den erakargarria eta zer ez.
 

 
Oro har, ikusten duzun bezala, urte honekin oso pozik nago. Orain urtebete jarritako asmo bete dut: Nire lanaren zati bat izan behar duen, eta hutsune handi bat zen, alderdi batekin bete dut. Eta plus moduan jende interesgarri eta oso jatorra ezagutu dut! Oraindik gutxi batzuk desbirtualizatzea falta bazaizkit ere.
 
Hortaz bi kontu:
 
Zientzia gaien irakurlea bazara, mesedez, jarraitu irakurtzen. Eta ahal baduzu sartu jendea honetan. Ez da droga baina sentsazio gogorrak eragiten ditu. Zuek gabe honek ez du zentzurik. Bai zentsu hertsian, publikorik ez badago zertarako dibulgatu; bai zentzu zabalean, jendartean ez badugu zientziarekiko jakin-mina pizten, gure lana epe erdira-luzera pikutara doa. Zientziak zu behar zaitu.
 
Zientzian lan egiten baduzu, mesedez, zure lanari buruz idatzi, hitz egin, hedatu. Bestaldean dagoen jende horrek gure soldatak ordaintzen dituzte. Gure nagusiak dira eta, hortaz, ze arraio egiten dugun jakin behar dute. Eta, gainera, gure lana oso interesgarria da. Ez pentsa guk egiteagatik txapa bat dela edo interesik ez duela. Hori ez da jarrera. Jende oso arraroa dago munduan eta euskaldunen artean are gehiago. Ziur zure gaia interesgarria irudituko zaion norbait dagoela.
 

 
Behin esan beharrekoak esanda “Zergatik dibulgatzen dut?” galdera labur-labur erantzungo dut: asko #datsegit eta! Horrela ere #kafepintxo a hartzeko aitzakia daukat, sarrera ganoraz prestatzeko!
 

 
20140916103113
 
Ospakizun #kafepintxo a!
 

Utzi erantzuna