Genetika, genomika ta beste

Ez da erreza Ig Nobel bat irabaztea

Gaur gauean 2014ko Ig Nobel saridunak ezagutu dira . Horrek bi gauza esan nahi ditu: Nobel sarien atarian gaudela (bi aste inguru falta dira) eta zientzian ere umorea badagoela.
 
Askotan Ig Nobel-ak “antinobel” moduan ikusten dira, agian Oscar eta Razzie-n eraginagatik baina ez da horrela. Ig Nobelak “lehengo barregura eta gero pentsarazten duten” lanak saritzen ditu. Lan hauek ikerkuntza aldizkari serioetan argitaratzen dira artikulu zientifiko guztiek pasa behar dituzten berrikuspen eta kontrolak pasa dituztela. Hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
 
Pentsa ikertzaile guztiok gure lana, esperimentuak eta lan-hipotesiak pentsatzen ditugunean ez dakigun zerbait jakiteko egiten dugula. Ez dakizkigun hainbeste gauza daude agian batzuk, planteamenduagatik, barregura sor dezaketela. Ikertzailearen kuriositate, baliabide eta, zergatik ez, ausardiaren arabera lan barregarri baina zehatz hori egingo da. Irizpide zientifiko guztiak betetzen dituen lan zintzoa. Izenburua irakurrita “baina nola da posible hau argitaratzea?” pentsatzea. Behin irakurrita “kontxo, hau interesgarria da” esatea.
 
Hori egitea meritu handia duela iruditzen zait. Bai, egileen eta lanen zerrenda irakurtzerakoan adarra jotzen has zaitezke baina, “barre egin eta pentsarazi”, hori ez dago edonoren eskuetan. Buelta eman diezaiogun: argitaratu lan bat bere hipotesi, esperimentu, emaitza eta ondorioekin irri egitea lortzen duen gai bati buruz. Benetan, errazagoa iruditzen zait Nobel bat irabaztea Ig Nobel bat baino. Eta hori azken honek kategoria gehiago dituela. Zientziaren norabidea aldatu duten lanak argitaratzea meritua du, bai, baina gauza serio batekin barregura eragitea? Hain serioa dirudien mundu honetan gainera!
 
Zorionak irabazleei eta ea noizbait halako ideia bikain bat bururatzen zaidan. Ig Nobel-a Harvard bisitatzeko aitzakia bikaina da. Zer uste zenuen, sarien banaketa edonon zela? Barregura sortzen duten sari serioak dira hauek!
 

Utzi erantzuna