Genetika, genomika ta beste

Azaroa, zoroila

Beti maite izan dut azaroa. Nire urtebetetzea izateaz gain udazken koloreek gure bazterrak janzten dituzte. Nola ba ez dut zemendia maiteko! Baina 32ak bete ditudan honako hau aktiboa eta mediatikoa izan da:
 
– Blog honetan astero idazten ditudanak, bi asteko geldialdia barne!
 
– Urte bat jakintsuagoa izan aurreko egunean UEU eta Info7 -ko Aditu duzu!-n solasaldi eder bat izan genuen
 
#txiotesia2 ko epaimahaian izan nintzen
 
– Diario Vascon nire hitzak ekarri zituzten #txiotesia2 aren harira
 
– Eta Azpimarran ere #txiotesia2 ari buruz aritu nintzen!
 
Baina aste honetan azken txanpa izan dut:
 
– Astelehenean asteroko idatzia “Espezieen jatorriaz” liburuaren 155. urtemugan
 
– Martitzenean Zientzia Kaieran genetikaren historiari buruzko bigarren atala
 
– Eguestenean #txiotesia2 ko sari banaketan izan nintzen
 
-Eguenean Azpimarran izan nintzen genetika eta genomikari buruz hitz egiteko
 

 
Nola da posible ni bezalako lotsati batek tour mediatiko hau egitea? Eta nola da posible ni bezalako alper batek (hiper)aktibitatu hau izatea? Sekretu bat kontatuko dizut orain inork ez gaituela irakurtzen: dibertigarria delako. Lotsatia eta alperra izango naiz baina nire lanaz edo zientziaz orokorrean hitz egitea asko datsegit. Eta edozein leku ona da eta edozein aukera baliatu behar da zientziaz hitz egiteko, bai gai konkretuotaz bai kontu orokorrotaz. Bai erantzukizunagatik (gai batez dakigunok egiten ez badugu nork egingo du?) bai ikusgarritasunagatik (ez baditugu aukerak baliatzen zientzia iluntasunean gelditzen da). Azkenean gizartean kultura zientifikoa hedatzea gure erantzukizuna da eta, gainera, horrela jendea zientziaren garrantziak jabetzen da. Iaz I+G inbertsioa jaitsi dela dakigula eta murrizketa berriak jasan ditugula ezinbestekoa da ikertzaileok pausu bat aurrera eman eta zientziaren apologia egitea. Ez bakarrik gure lana jokoan dagoelako baizik eta gizarte osoaren ongizatea ere.
 
Aukera guztiak baliatu behar ditugu eta aukera berriak sortu gauza interesgarri eta baliagarriak egiten dituzten tipo jatorrak garela erakusteko. Bakoitzak bere jakintza arlotik gauza asko eskaini ditzake eta ondorio positibo asko ditu. Zaila da gure gai abstraktuak azaltzea, baina beti bideren bat dago jendea erakartzeko. Egia esan, abagune handia dago zientziaz, euskaraz batez ere, hitz egiteko. Eta, garrantzitsuena, jendeari eta belaunaldi berriei grina pizteko.
 

 
Zientzia, jalgi hadi plazara!
 

 
PS Eta orain #KZJaia3rako prestaketak hasi…
 

Utzi erantzuna