Lewis Carroll-en Alicia-ren 2. liburuan (“Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena”) Erregina Gorriak “Orain, hemen, ikusten duzu, egin korrika ahal duzun guztia, leku berean gelditzeko” esan zuen. Hitz horietan oinarrituta Leigh Van Valen biologo ebolutiboak Erregina Gorriaren hipotesia proposatu zuen biologia ebolutiboaren alorrean. Liburu batetik ateratako metafora zientzian hipotesi bihurtuta, nork dio zientziak eta letrak ezin daitezkeela uztartu?
Erregina Gorria. Berak ere bere eboluzioa izan du.
Van Valen-ek espezieen desagerpena denborarekin erlazionatuta ez zegoela ikusterakoan zera proposatu zuen: espezie batek etengabe aldatu behar zuela ez desagertzeko. Era berean, espezie horrekin elkarrekintza duten beste espezieek, parasitoak eta bere ostalariak adibidez, aldatzen jarraitu beharko dute ez desagertzeko. Hots, eboluzioan korrika egiten jarraitu dauden lekuan bizirik jarraitzeko. Bizitza aldakorra baita eta geldi geratzeak desagerpen bidera jartzen du.
Hipotesi honi zor diogu koeboluzioa deitzen den kontzeptua: lehen aipatutako parasito-ostalari, edo harrapakari-harrapakin harremanetan, batak eta besteak aldaketak dituzte, berrikuntzak dituzte, bestearen aldaketei aurre egiteko. Esate baterako ostalari batek defentsa-mekanismo berriak garatuko ditu parasitoari aurre egiteko eta honek mekanismo berriak lortu defentsa berri horiek saihesteko.
Egia da espezie guztien patua desagertzea dela. Baina erregina gorriak esan bezala, gero eta korrika gehiago egin bizirauteko probabilitate gehiago. Baina arazo handi bat dago: berrikuntzak zoriz gertatuko dira.
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du