Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) kimikari eta zientziazalea da.
Homeopatia kimikaren eta biologiaren oinarrizko printzipioak ukatzen dituen sasimedikuntzaren atala da. Homeopatiaren legeak Samuel Hahnemann-ek finkatu zituen 1810ean, eta hauexek dira:
1- Antzekotasunaren legea: antzekoak antzekoa sendatzen du (similia similibus curantur), hortaz, substantzia toxiko batek pertsona osasuntsu bati eragiten dizkion sintomak substantzia horrekin berarekin senda daitezke. Nolabait esateko, hipotesi horren arabera erredurak sendatzeko egokiena zaurian sugarra aplikatzea litzateke.
2- Dosi minimoen legea: Sendagaiaren efektua bere kontzentrazioarekiko alderantziz proportzionala da, alegia, sendagai bat dosi txikian hartzen bada, haren sendatzeko ahalmena handia da. Halaber, dosia zenbat eta txikiagoa izan, sendatzeko ahalmena orduan eta handiagoa da.
Gezurra badirudi ere, bi lege horietan oinarritzen den sasimedikuntzak jarraitzaile asko ditu (geroz eta gehiago, dirudienez). Horietako bat bazara, , edo irakur dezakezu. Nik ariketa sinple hau proposatzen dut, kontzeptuak kimikaren ikuspuntutik argitze aldera: egun, farmazia gehienetan aurki daitezkeen pilula homeopatikoen (ikus. irudia) konposaketa aztertzea.
“Sendagai” horiek prestatzeko, homeopatiaren dosi minimoen legeak dioenaren arabera, diluzio zentesimal hahnemanndarrak (C edo CH) erabiltzen dira. Diluzio horietako bakoitzean, jatorrizko disoluzioaren 1 mL hartzen da eta 99 mL ur gehitzen zaizkio. Esaterako, 2 CH disoluzioa prestatzeko bi aldiz errepikatu behar da pauso hori: jatorrizko konposatuaren disoluziotik 1 mL hartu eta 99 mL ur gehitu, eta ondoren, bertatik 1 mL hartu eta 99 mL ur gehitu. Garrantzitsua da pauso bakoitzaren ondoren disoluzioa ondo nahastea (sendagaia gehiago indartzeko, Hahnemannek Bibliarekin kolpeak ematen zizkion ontziari, baina, badirudi egun pauso hori ez dela beharrezkoa). Prozedura hori behin eta berriz errepikatuz, 30 CH, 100 CH edo 200 CH disoluzioak prestatzen dira eta, amaitzeko, likido horrekin sakarosazko pilulak bustizten dira. Bide batez, gogoratu homeopatiaren legeen arabera 200 CH pilulak eraginkorragoak direla gaixotasunen aurka 30 CH pilulak baino, esaterako.
Kasu zehatz bat aztertzearren, demagun 30 CH calcarea carbonica ostrearum (homeopatek kaltzio karbonatoari jarri dioten izen “fina”) duen pilula dugula. Intoxikaziorik izan ez gertatzeko, pilulek saccharosae (alegia, etxeko azukrea) ere baduela ohartarazten da etiketan. Egin ditzagun orain kalkulu batzuk:
Kaltzio karbonatoaren ur-disolbagarritasuna kontuan hartuta, 100 mL-tan gehienez 0,0013 g disolba daitezke (25 ºC-an). Beraz, hori izango da pilulak prestatzeko erabilitako jatorrizko disoluzioaren kontzentrazio maximo posiblea. Kaltzio karbonatoaren masa molarra 100,09 g/mol denez, eta mol batean 6,022 × 10^23 molekula daudenez (Avogadroren zenbakia, hain zuzen ere), disoluzio horren litro batean 7,82 × 10^19 kaltzio karbonato molekula daude. Disoluzio horrekin 30 diluzio zentesimal hahnemanndar egiten badira (30 CH), amaierako likidoaren litro batean 7,82 × 10^-19 molekula daude (sic).
Zer esan nahi du horrek?
Alde batetik, kalkuluak aztertuta ikus daitekeenez, 9 CH diluziotik aurrera disoluzio litroko molekula bat baino gutxiago egon beharko litzateke, eta hori ezinezkoa da, molekulak zatiezinak direlako (zatitzen bada ez da kaltzio karbonatoa izango).
Bestetik, 30 CH egin ondoren, disoluzioan gutxienez kaltzio karbonato molekula bat dagoela ziurtatzeko likido horren 1,28 × 10^40 litro behar dira. Urez beteriko kubo batean ur litro horiek sartzeko, kuboaren aldea Lurretik Eguzkiraino dagoen distantzia baino 16 aldiz handiagoa izan beharko litzateke (!). Kubo erraldoi horretatik edatea irudiko pilulak irenstearen parekotzat jo daiteke. Kaltzio karbonato molekula bakar hori irentsiko bagenu ere (tira, probabilitatea ez da 0), organismoan efektua izango lukeela pentsatzea kimikaren eta logikaren beraren aurka doa.
Beste era batera planteatuta, sendagai puru baten 1 mL-ri 30 CH egitea honen parekoa da: 106 argi-urte kubikoko bolumena duen ontzi batean mililitro hori disolbatzea (Alfa Centauri Lurretik 4,3 argi-urtera dago). Eta horrekin sendatu behar gara? Plazebo efektua, besterik ez (plazebo efektu garestia, hori bai).
(Gaiari buruzko informazio interesgarri eta osagarria , eta irakurgai)
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du