Egin duzue. Opari guztiak banatu ditut. #KZJaia3a hasi baino lehen izaki bizidunen taldeak banatuko nituela esan nizuen eta 102 opari horiek banatu ere. Badazpada birus taldeak nituen buruan ere, definizioz ez dira izaki bizidunak baina biziarekin harreman estua dute, eta 7 horiek banatu ere. Eta orain Be planari ekin behar diot, edo Behi plana hobeto esanda: behien arrazak banatzeari. Euskal arrazekin hasiko gara eta horiek agortu ostean gainontzeko arrazekin.
Be(hi) plana
Laburpenak jarraitu badituzue, nire behitxoen laguntza izan dut ere, 2. laburpenean Margarita, 4.-ean Kuh, eta falta direnetan gainontzekoek lagunduko didate. Baina, zergatik behien inguruko kontu guzti hau? Hara, pasadizo bat kontatuko dizuet.
5 bar urte atzera egin behar dugu, tesia irakurri nuen egunera. Tesian behiaren erretrobirus endogenoen azterketa muina izan zen. Tesia euskaraz egin nuenez, euskara ez zekiten epaimahaikideentzat gazteleraz memoria bat idatzi nuen. Presagatik, nahasteagatik edo nire subkontzienteagatik, behia jarri behar nuen bakoitzean “vaca” jarri beharrean “la vaca” jartzen nuen. Eta epaimahaikide batek akatsaz ohartarazi zidan, esanez “la vaca” behi jakin bakarra zela eta oro har behietaz hitz egieko artikulu gabe zihoala. Noski, arrazoia eman nion, nire hanka-sartzea izan zen. Baina ñabardura txiki bat egin ere. Berez sekuentziatuta behi bakarra dago, “Dominette” izena duena, eta hortaz, umorez bera “la vaca” zela esan nion, la azpimarratuz, eta ikerketa guztia behi horretan egin dagoela. Publikoa, ondo ezagutzen nauten pertsonaz betea, nire ñabardura-txantxarekin barrezka hasi zen, han egondako batzuek noizbehinka gogorazten didate.
Pasadizo honen ondorioz behiak opari moduan jasotzen hasi nintzen: figurak, itsulapiko eta, batez ere, nire gogokoenak, peluxeak. Nire behi aldarea lan egiten dudan lekura nirekin dator eta laguntzen nautela esatea gustuko dut. Niretzat esanahi berezia dutelako.