Genetika, genomika ta beste

Genetika zientzia-fikziozko telesailetan (4)

#KZJaia3a bukatu baino lehenago zientzia-fikziozko serieak aztertzen dudan segida hauen atal berri bat idatziko nuela esan nuen eta emandako hitza betetzera nator.
 

 
20150329200905
 
Gure hezur-muinak nahi dituzte.
 

 
Iaz “The 100” seriea hasi zen (The CW katea, ), orain gutxi bigarren denboraldia bukatu zuen eta hasieran nerabe-kontuetara bideratuta bazirudien ere, serie nahiko gordina da oro har. Egia esan genetika nahiko albo-kontu bat da gauza oso dramatiko eta odoltsuak justifikatzeko. Spoiler batzuk egingo dizkizuet, barkatu, gaia kokatzeko. Guda nuklear baten ostean Lurrean bizitzea ezinezkoa da eta gizateriaz gelditzen dena planetaren orbitan dagoen espazio-estazio batean bizi dira. X urte pasa dira eta estazioan arazoak daudenez adinez gutxiko 100 gaizkile Lurrera bidaltzea erabakitzen dute ea bizitzea posible den. Orain spoilerrak hasten dira. Bai, posible da, eta bi buruko animaliekin aurkitzeaz gain, nahiko topikoa da erradiazioak sortutako mutazio/eraginek halako aldaketak sortzeak, bizirik dauden gizakiekin topo egiten dute. Gainera bigarren denboraldian mendi baten barruan dagoen base batean kanpoko erradiaziotik babestuta bizi diren beste gizaki-talde bat dagoela ezagutzen dugu. Orain arte, ezer arrarorik ez, ezta? Ba, beno, mendi barruan bizi diren hauek kanpoan bizi izan direnak ehizatu eta bere odola “osatzeko” erabili izan dute, kanpokoak erradiazioari aurre egiteko egokitu direlako. Eta espazioko hauek heltzerakoan, bere odola askoz hobea denaz konturatzen dira, eguzki-erradiazioetara moldatu baitirelako, eta hezur-muinaren transfusioa egiten bada (espaziokoa hil behar badituzte ere) beraiek basetik ateratzeko (erradiazioak modo oso dramatikoan erretzen ditu) eta bizitzeko gai izango direla ondorioztatzen dute. Hemen bi arazo potolo daude: lehena, zer esan nahi dute moldatzearekin? Bakarrik erradiazioan bizitzeko moldatuta zeudenak biziraun dutela edo baldintza horietara moldatu direla? Beste arazo potoloa: hezur-muin transfusioa oso ondo, transfusioa jaso duena bizi daiteke, baina beraien ondorengoek ez, aldaketa ez delako material genetiko maila gertatu, eta inoiz ez dute hori aipatzen. Badakizue zein susmo dudan? Lamarckismoaren kutsua duela dena: erradiazioaren aurrean babesa garatu dutela eta babes hori nolabait eskuratu daitekeela txertatuz. Baina badakigu eboluzioak ez duela jokatzen eta, Lamarckismoa intuitiboa eta tentagarria bada ere, hanka-sartze nahiko handia da hau. Beharrengatik ez baita organoa edo ezaugarria garatzen, baizik ere zoriz hobekuntza hori agertu eta baldintzen arabera hautatu egiten da. Orain lizentzia hori dramatismoaren eta gidoiaren beharren arabera hartu badute, ba, zer egingo diogu.
 

 
20150329200954
 
Nazkagarriak izateaz gain memoria genetikoa dugu.
 

 
Segida honen lehen atalean , Stargate munduan hasierako serieak hanka-sartze nabaririk ez zuela egin esan nuen. Momentu horretan ez nintzen kontu batez gogoratu eta normala iruditzen zait ahaztu izana. Serie guztiko nemesiak, Goa’uld-ak, (jatorrizko filmetik zetozenak) parasito batzuk dira… memoria genetikoa dutenak. Entzun duzue hori? Bai, nire neuronak eztanda egiten da hori. Bitxo nazkagarri horien material genetikoan beren arbasoen esperientziak gordeak dituzte. Entzun duzue beste hori? Bai, ni barrez lehertzen da hori, ezin izan ditut hitzak barre egin gabe. Hankari ez bururik. Agian ordenagailuek etorkizun ez hain urrun batean DNA informazioa gordetzeko erabiliko dute baina izaki bizidunok gure memoria eta esperientziak gordetzeko eta horrela gure ondorengoei transmititzea sinesgaitza da. Horrek obulu/espermatozoideen DNA manipulatzea esan nahiko luke eta esperientzien informazio hori gehitu DNAren hizkuntzan. Arinago bukatzen duzu liburu bat idatzita eta zure ondorengoek irakurtzea.
 

 
20150329201013
 
Orain superbotereak ditut nire DNAn estralurtarren proteinak daudelako.
 

 
Marvel’s Agents of SHIELD (ABC katea iaztik, ) Marvel-en filme eta serieen unibertsoan kokatzen den beste pieza bat da. Banoa spoilerrarekin, 2. denboraldiaren erdialdera protagonistako batek, Skyek, transformazio bat jasotzen du eta lurrikarak sortzeko gai da. Zergatik? Bere DNAn estralurtarren proteinak eta halakoak txertatu zaizkiolako bere material genetikoa konplexuagoa eginez. Benetan, zergatik beti DNA estralurtarra nahasten denean superbotereak lortzen dira eta ez tumoreak, azken honek zentzu gehiago badauka ere? Behintzat sasiazalpen bat egiten saiatu dira, baina, benetan, beti matraka berdina ematen dute kontu honekin. Zer gertatzen da? Proteina horietan lurrikarak sortzeko informazioa doala? Bai? Benetan? Zentzugabea dena.
 

 
20150329201038
 
Eskutatik joan zaigu dena baina the show must go on.
 

 
Azkenik Helix-ekin bukatuko dut berriro ere, sarrera sorta honen inspirazioa eta erruduna dena. Aurrekoan 2. denboraldi honek jada bere altxortxoa utzi zigula esan nizuen eta oraindik gehiago emango zizkigutela. Ba maila mantendu dute eta seriea eskutatik guztiz joan bazaie ere, hor izan ditugu zentzugabekeriaz zentzugabekeria. Agian libratzen dena hautespen artifizialaren ingurukoa da, baina gero kontua bihurritu zuten dramaren mesedetan. Egia esan serie honetan ez nau ezerk harritzen baina kontu bat egon da ia autoparodian sailkatuko nukeela. Aurreko denboraldian hezur-muin transfusio baten bidez (bai, badirudi hezur-muinak ere arrakasta dutela edozer justifikatzeko) hilezkorra bilakatu zen protagonistetako bat. 2. denboraldi honetan gauza berdina eginaz hori lortu beharrean tipo bat ia hiltzen dute eta deformatuta gelditzen da. Eman zuten azalpena? Oraindik prozesatzen nabil. Esandakoaren arabera aurreko denboraldian arrakasta izan zuen zelulak oraindik gizaki-normal gizaki-ilezkor bilakatzeko prozesuan zeudelako eta oraingoan jada urtebete daramatzatenez ilezkor izaten ba ez dute eraginkortasun hori eta hartzaileak erreakzio txar bat du. Ulertu al duzue? Lasai, ez dago ezer ulertzerik, kaka besterik ez den azalpen bat da. Ez baldin badago DNA hartzailean txertatu dezakeen bitartekaririk (bektore bezala izendatzen den hori) ez dago zer egiterik. Denboraldi honetan ezta bitartekari hori jartzen ez dira saiatu.
 

 
Hau da oraingoan zientzia-fikziozko telesailen azterketak eman duena. Seriefilo bezala adi jarraituko dut serie ezberdinei eta genetikari moduan horiei merezi dutenean egurra ematen.
 

 
kzjaia3_banner
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.
 

Utzi erantzuna