#KZJaia3

Hizkuntzaren eboluzioa burmuinaren eboluzioaren bidetik bilatzen

Luis Pastor (@aloxieusko) EHUko Gogo Elebidun taldeko ikertzailea da.
 

 
Hizkuntza komunikatzeko daukagun gaitasun biologikoa da eta gainerako gaitasun biologikoek bezala eboluzionatu du gizadiaren zehar. Hizkuntza haurrengan berez garatzen da, modu oharkabean eta inolako irakaspen formalik gabe. Hala da hizkuntza gaitasun inatoa delako, hau da, genetikoa da. Beraz, giza eboluzioaren momenturen batean garatu eta gure informazio genetikoan barneratu zen. Askok jakin nahi izan dute noiz, nola eta zergatik sortu zen hizkuntza. Hasierako teoriak nahiko espekulatiboak ziren eta xelebre samarrak ere. “Guau-guau” teoriaren arabera onomatopeietan zegoen hizkuntzaren sorrera. “Ay-ay” teoriarentzat, berriz, interjekzioetan. “Ding-dong” teoriak hizkuntzaren sorrera soinu eta esanahien lotura ez-arbitrarioaren ondorioz sortu zela defendatzen zuen.“Aaah-hú” teoriarentzat lan fisikoaren eraginez egiten diren soinu eta purrustadetatik sortuko zen. Eta azkenik, “la-la” teoriaren arabera hizkuntza bizitzaren alde erromantikotik sortuko zen, maitasunari lotutako soinuetatik alegia.
 

 
Teoria espekulatibo gehiago ekiditeko asmoz, 1866an, Parisko Société de Linguistique-k hizkuntzaren sorrerari buruzko lanak publikatzea debekatu zuen, eta horrela izan zen XX. mende bukaerara arte. Baina, 1990ean, Steven Pinker eta Paul Bloom psikologoek hizkuntzaren sorreraren gaia gorarazi zuten “Natural Language and Natural Selection” artikuluarekin. Artikulu horretan hizkuntza, gainerako gaitasun konplexuak bezala, hautespen naturalaren bitartez garatu zela defendatzen zuten, Noam Chomsky hizkuntzalaria eta Stephen Jay Gould paleontologoaren iritziaren aurka, zeinentzat hizkuntza eboluzioaren azpiproduktu bat zen.
 

 
Hamarkada bat geroago, 2002an, Hauser eta Fitch biologoek eta Chomsky hizkuntzalariak, Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean, hizkuntzaren-ahalmena bitan banatu zuten: Hizkuntza-Ahalmena Zentzu Zabalean (HAZ) eta Hizkuntza-Ahalmena Zentzu Hertsian (HAH). Lehenengoa beste espeziekin partekatzen ditugun osagai eta ezaugarriez osatuta dago (adibidez, soinuak sortzeko organoak); eta bigarrena, berriz, giza hizkuntzarena bakarrik den osagaiaz osatuta dago, sintaxia alegia. Bi hizkuntza-ahalmen hauek (HAZ eta HAH) elkarri eragiten diote eta horregatik gai gara komunikatzeko.
 

 
20150329201108
 
Iturria: Hauser, Chomsky & Fitch (2002), Science 22: 1569-1579 [moldatua]
 

 
Artikulu horretan, Chomskyk ordura arte defendatzen zuen hizkuntzaren eboluzioaren ideia moderatu zuen eta hizkuntza gradualki eboluzionatu zela onartu zuen. Baina bakarrik beste espezieekin partekatzen duguna. Gizakien berezkoa den hizkuntzaren osagarriaz ez zuen ezer zehatzik esan eta bat-batean sortu egin zela iradokitzen jarraitu zuen. Egia esan ez da gai erraza, giza hizkuntzak ez baitu hondakin fosilik uzten. Hala ere, hurbilketa bat egin genezake burmuinaren handitzeari eta genetikari erreparatuz.
 

 
Hizkuntzak badauka bere tokia burmuinean, batez ere Broca eta Wernickeren eremuetan. Brocaren eremuak gramatika, soinuak, etab. kudeatzen ditu; eta Wernickerenak, bestalde, hitzen formak eta esanahiak. Horregatik, biologo eta antropologo asko saiatu dira hizkuntzaren sorrera gure arbasoen garezurren fosiletan bilatzen. Zoritxarrez, burmuinak, hizkuntzak bezala, ez du hondakin fosilik uzten, baina igeltsu molde eta programa informatikoen bitartez gure arbasoen burmuinen formak berregin ahal izan dituzte.
 

 
Homo Habilis-ak (orain dela 2,5 milioi urte) 640-800 bitarteko burmuin-bolumena zuen eta haren garezurretan burmuin-ildoen markak aurkitu dira. Haietan Broca eta Wernickeren eremuak nahiko ondo bereizita ikusi dituzte, baina ez daude ziur hizkuntzarako erabiltzen ote zituztenik. Haren ondorengoetan burmuin-bolumena asko handitu zen, sua erabili eta okela jaten hasteagatik. Izan ere, okelak gero eta handiagoa zen burmuin bati behar zuen elikagai kantitatea ematen ziolako.
 

 
20150329201135
 
Iturria: Bolhuis et al. (2014), PLoS Biol. 12: 1-6 [moldatua]
 

 
Gure azken arbaso hurbilena, Homo Sapiens-a, orain dela 200.000 urte agertu zen eta haren burmuin-bolumena 1.200-1.500cc bitartekoa zen, ia gurea bezalakoa (1.300-1.400cc). Handitze hau batez ere neokortexean gertatu zen eta burmuin esparruen berrantolaketan eragina izan zuen, hau da, burmuin esparruak jarduera kognitibo ezberdinetan espezializatu ziren: memoria, emozioak, mugimenduak, kontzientzia, hizkuntza, etab. Batzuek defendatzen dutenez, berrantolaketa-espezializazio hori orain dela 60.000-40.000 urte gertatu zen sormen leherketarekin, Homo Sapiens-aren kulturan, teknologian, pentsamendu sinbolikoan eta artean eragina izan zuena.
 

 
Burmuinaren handitzearekin zenbait gene erlazionatuta egon dira: ASPM eta HAR1F geneak. Lehengoak burmuinaren handitzearekin zerikusia du eta bigarrenak, berriz, burmuinaren konplexutasun eta plastizitatearekin. Baina hizkuntzarekin erlazionatuta dagoen gen bat ere aurkitu dute: FOXP2-a. Hizkuntza eta gen horren erlazioa Ingalaterrako KE deritzoten familia aztertu ostean aurkitu zuten. KE familiako ia kideen erdiak (15 pertsona) hizkuntza arazo larriak (aho-artikulazio arazoak, gramatika arazoak) zituzten eta beste erdiak, berriz, ez zuen halako arazorik. Oxford Unibertsitateko genetistak arazoa geneetan bilatzen ahalegindu ziren, baina ez zuten arrakasta izan familiatik kanpo arazo bera zuen ume bat aurkitu zuten arte. Orduan, familiako eta umearen DNAren azterketa konparatiboa eginez ikusi ahal izan zuten arazoa 7 kromosomaren baitan zegoela, FOXP2 genean, eta gen honen mutazio batek hizkuntza arazoak sorrarazten ziela. Hala ere, ezin zaio FOXP2 geneari hizkuntzaren genea deitu, gen hau burmuina, birika, heste eta bihotz-garapenarekin erlazionatuta baitago ere.
 

 
FOXP2 genea, gainera, beste animali batzuetan ere aurkitu da. Txorietan, diamante mandarin espeziekoetan adibidez, kantuaren ikaskuntzarekin erlazionatuta dago. Baina genea inhibituz kantu berriak ikasteko arazoak erakusten dituzte eta haien kantuak nahasgarriak bihurtzen dira. Saguetan, berriz, genearen mutazioak garapen arazoak erakusten ditu eta haien bokalizazio patroietan eragina du. Baina gizakietan eta beste animalietan aurkitu den FOXP2 genea ez da berbera, geneak eboluzioan zehar mutazio desberdinak izan baititu. Saguaren FOXP2 bertsioak mutazio bakarra izan du eta gizakiarenak, berriz, bi mutazio. Horregatik, haren eragina gizakietan eta animalietan desberdina da. Gainera, Max Planck Institutuko antropologo batzuek ikusi dute gizakion FOXP2 bertsioaren mutazioak, animalienarekin konparatuta, oso azkarrak izan direla eta azkenengo 200.000 urteetan gertatu zirela kalkulatu dute. Beraz, baliteke Homo Sapiens-ak hizkuntza edo protohizkuntza bat izan zuela. Neandertal-etan ere aurkitu dute FOXP2 genearen bertsio bera, baina adituak ez daude ziur Homo Sapiens-etan zuen eragin bera eduki ote zuenik.
 

 
20150329201153
 
Iturria: Enard et al. (2002), Nature 418: 869-872 [moldatua]
 

 
Hau dena kontuan izanda, esan daiteke hizkuntza ahalbidetzen duten elementuek giza eboluzioan zehar garatu zirela, hau da, hizkuntza “zentzu zabalean” (HAZ) –Hauser, Chomsky eta Fitchek ulertzen duten moduan– hautespen naturalaren bitartez garatu zen: burmuinaren handitasuna eta berregituraketa… Baina, hizkuntza “zentzu hertsian” (HAH), hots sintaxia, azkenengo 50.000 urteetan garatu zitekeen, bere kabuz edo beste gaitasun batzuen ondorioz (adimena, kontzientzia, garapen soziala…). Dena dela, hizkuntza eboluzioaren gaia ez dago oraindik itxita, eta nork daki azkenean zeinek edukiko duen arrazoia: Pinkerrek ala Chomskyk? Izan ere “zure” hizkuntza eboluzioaren teoria “zure” hizkuntza teoriaren esku baitago.
 

 
20150329201217
 

 
Erreferentziak:
 
CELA CONDE, Camilo José & AYALA, Francisco J. (2005). Senderos de la evolución humana. Madrid: Alianza.
 
CRYSTAL, David (2006). How Language Works. Londres: Penguin.
 
HAUSER, Marc D., CHOMSKY, Noam & FITCH, W. Tecumseh (2002). The Faculty of Language: What Is It, Who Has It, and How Did It Evolve?, Science 298, 1569-1579.
 
KENNEALLY, Christine (2007). The First Word: The Search for the Origins of Language. Londres: Penguin.
 
LORENZO, Guillermo & LONGA, Victor M. (2003): Homo Loquens. Biología y Evolución del Lenguaje. Lugo: Tris Tram.
 
MARCUS, Gary & FISHER, Simon E. (2003). FOXP2 in focus: what can genes tell us about speech and language?, TRENDS in Cognitive Sciences 7(6), 257-262.
 
PINKER, Steven (1994). The Language Instinct. New York: Harper Perennial Modern Classics. [euskaraz: PINKER, Steven (2010). Hizkuntza-sena. Bilbo: ZIO bilduma]
 
PINKER, Steven & BLOOM, Paul (1990). Natural language and natural selection. Behavioral and Brain Sciences 13(4), 707-784.
 

 
kzjaia3_banner
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.
 

Utzi erantzuna