Kafepintxo

Morralla gara behelaino artean

Lehenengo PSEko gazteak izan ziren, hemen jada landu nuena ; Korrikaren berotasuna oraindik desagertu ez zela Mendiak erdaldunak oso eskuzabalak izan zirela bota zuen eta batzuk euskara behartuta ikasi behar izan zutela; orain Maroto eta Oyarzabal agertu zaizkigu, moroen inbasioen ostean, euskaldunen kolonizazioaz ohartzeko eta euskalgintzari “morralla” deitzeko. Euskara ez-nazionalistak omen direnen jomugan.
 
Euskaldunok jakin badakigu guzti hori gezurra dela. Euskararen jazarpena eta debekua historian zehar eta orain euskaldunok bizi dugun diskriminazio sotila (eta ez hain sotila) jakin badakizkigu. Ez naiz soziolinguista diglosiaz eta bere ondorioez aritzeko, baina edozein euskaldun horretaz jakitun da. Egia esan Mendia, De Andres eta enparauen erasoak ez nau harritzen, beren logikaren barruan kokatzen baita, txuri onaren logika, harritzen nauena eraso horiek hain merke ateratzea. Badirudi hiztun talde bat, bertoko hizkuntza gutxiagotua hitz egiten duena eta bere suspertzean lan egiten duena, erasotzea zilegi dela. Bertoko indioak erasotu daitezke beren hizkuntza inposatu nahi omen dutelako. Kanpoko etorkinak erasotu daitezke lapurtzera omen datozelako. Ez-nazionalistak “Far West”-ean daude batak zein besteak zibilizatzen. Merkeegi ateratzen zaie hori erosteko publiko bat dutelako. Eta hori da arduratzen nauena.
 
Ezarri nahi duten logika, eta jende gehiegik erosten duena, gutxiago jakitea hobeagoa dela da edo, askoz jota, “praktikoak” omen diren gauzak bakarrik ikasi behar direla. Beste kontu bat da praktikotasun hori nork eta nola ezartzen duen. Zeren pertsonei bertoko hizkuntza batean hitz egin ahal izatea erabilgarria dela ukatzea defendaezina da. Azkenean ezjakintasunaren eta alferkeriaren apologia egiten dute, gehiago dakienari aitortu behar ez zaiola gehiago dakiela. Ez duela merezi euskara jakitea gaztelaniarekin nahikoa delako; kuriositate moduan bai, afizio bezala, baina ez funtsezko ezagumendu bezala.
 
Gainera 3000 milioien kontua atera dute euskaran xahutzen dena adierazteko. Nork eta PPk, ziniko hitz motz gelditzen da. EAE kontutan hartuta, horrek 40,82€/pertsonako/urteko esan nahiko luke. Baina kontutan hartuta euskalgintzarako / euskalduntzerako beste euskal lurraldeetako administrazioek duten grina, diru hori guztion artean banatu beharko genuke, modu batean edo bestean EAEn ordaindutako egitasmoen eragina beste euskal lurraldeetara hedatu baitaiteke, horrek 28,57€/pertsonako/urteko inbertsioa suposatuko luke. Bai zifra bat zein bestea aise gainditzen du edozein euskaldun Abenduko hasieran egun bakarrean. Diruaren aldetik badoaz, hor, hor ez dute zer eginik.
 
Azkenik, eta nire ustez garrantzitsuena, guzti hau askatasun eta errespetu kontu bat da. Baina ez euskalfoboek saldu nahi duten moduan. Nik euskara, gaztelera, ingelesa, katalana eta frantses pixkat ulertzen ditut. Laupabost hizkuntz horietako bat aukeratu dezakezu nirekin hitz egiteko. Aske zara zein hizkuntzetan hitz egingo didazun erabakitzeko. Agian ez dizut hizkuntza horretan erantzungo, trebezia nahikorik ez dudalako, baina zuk ez duzu zure hizkuntzari uko egin behar. Katalunian bizi nintzenean beraientzat erosoagoa bazen katalanez hitz egiteko eskatzen nien. Ulertzeko no tinc cap problema, arazorik ez nuela. Eta barkatzeko erantzuna katalanez guztiz ez izatea. Leku batean bizi zarenean pertsona bati toki horretako hizkuntza ez erabiltzeko esatea, zuk hizkuntza hori ulertzeko esfortzua egin nahi ez duzulako, askatasun eta errespetu falta itzela iruditzen zait. Zein hizkuntzetan zuzendu nahi zaren askatasuna ematen dizudan bezala askatasun hori niretzat nahi dut ere. Hori pertsonekin. Erakunde eta administrazio mailan, argi dago, hautatzen dudan hizkuntzan zuzendu behar zaizkit. Hor eztabaidarik ez dago. Ez dago aitzakiarik nirekin nire hizkuntzan zuzentzea ez bermatzeko. Beno, bai, alferrak izatea.
 
Euskara jomugan jarri dute. Euskaldunak iraindu gaituzte. Baina ez ditugu euskalfoboak ezertaz konbentzitu behar. Euskalfoboa izatea garestia izatea lortzea baizik.
 
Morralla bat.
 

Utzi erantzuna