Lehertuta bukatu genuen. Durangotik etxerako bidean kotxean ixiltasuna zen nagusi, atseden hartzeko gogoak genituen. Ez bakarrik ostegun gauean lo gutxi egin genuelako, baita bakoitzak buruan bere kontuak zituelako: Ainarak bere lehen kongresua zuen eta saria irabazi; Amaiak hitzaldia eman ostean lasaitua hartu zuen; eta ni gazigoxo, niretzat ikertzaile gazte bezala Ikergazten parte hartzeko aukera bakarrik nuelako hau, parte-hartzekotan hurrengokoak beste modu batera izan beharko dira. Eskarmentua zuenak kotxea gidatzen ikertzaile gazteak beren helmugara eramaten. Metafora polita gelditu zitzaigun nahi gabe.
Kongresuak emandakoari buruzko laburpenak eta gogoetak baude. Ez ditut errepikatuko hor esaten direnak baina bai hitz batekin geldituko naiz: inflexio-puntua. Egia da UEUrentzat eta euskarazko ikerkuntzarentzat inflexio-puntu dela, mugarri bat. Baina niretzat, pertsonalki, ziklo baten bukaera da, itxiera bat. Tesia euskaraz egiterakoan sentitu nuen bakardade eta ulertezintasuna orain egiten dutenek ez dute izango. Beste arazo batzuk dituzte baina behintzat hizkuntzaren aldetik bakarrik ez daudela badakite. Beren lana euskaraz azaltzea munduko gauzarik naturalena eta normalena da. Itxiera ere diot, azken egunean mikrofonoa hartu eta esan nituenak agur moduko bat ere direlako.
@koldotxu : "Guk ikertu behar dugu, denbora galtzea pentsatuko bagenu ez lukeelako inork egingo" #IkerGazte
— Iker Gazte (@IkerGazte_) May 15, 2015
Guk ez badugu egiten, ez du inork egingo, ta hutsune hori bete gabe geldituko da. Nire interbentzio lapidarioa #IkerGazte n
— Koldotxu (@koldotxu) May 15, 2015
Ditudan konpromisoak bukatu ostean pausu bat atzera emango dut, arnasa hartzeko, hain gogoko dudan anonimatura itzultzeko. Nire burua besteen egitasmoen esanetara jarriko dut, baina horiek proposatuko dituztenak beharko ditugu.
Ikertzaile bezala posterrak nahiko nukeena baino arrakasta gutxiago izan du. Azken finean guztiok gure lana maite dugu eta mundu guztiari azaldu nahi diogu. Egia da Uxunek (@uxunem) txiokatu zuen argazkia, non Iñakiri (@inakialegria) lana azaltzen diodan, transdiziplina adibide ederra dela.
'Azaltzen ez den zientziak, ez du ikusgarritasunik" Posterretan mugimendua. Zertan zabiltza #IkerGazte ? pic.twitter.com/rec4CvXcGE
— Uxune Martinez (@UxuneM) May 13, 2015
Soziologo baten (@UxuneM) argazkian biologo bat (@koldotxu) informatikari bati (@inakialegria) osasun ikerkuntza bat azaltzen #IkerGazte
— Koldotxu (@koldotxu) May 13, 2015
Orain eskuetan ditugun emaitzak baieztatzen badira, behintzat lanaren planteamendua gauzatzeko lan-pilotua, ahaztuta gelditu ohi diren saiakera horiek, euskarazko ikerkuntza kongresu batean aurkeztu genituela harrotasunez esango dugu eta artikuluen bilduman azaltzen dugula. Eta ikertzaile bezala ezin dut PZ Myers-en (@pzmyers) hitzaldia ahaztu. Edozein ikertzailek estimatzen dituen horietakoa.
Euskaldun bezala plazer bat izan da, gutxitan jasotzen ditugun oparitxo horietakoa. Lehen esan bezala euskaldun ikertzaileak bakarrik ez gaudela, asko garela ikusi delako eta, itxaron daitekeen moduan, lan ikaragarriak egiten ditugula. Gure inguruan sortu den falazia hori, medikuekin asko erabiltzen dena, vasconum seu bonum (euskalduna edo ona) deituko dudana, berriro ere gezurra dela erakutsi dugu. Euskaldunak eta gure lanean oso onak. Puntu. Eta euskalgintzako plaza den Landako gunea hartu izana metaforikoa ere bada.
Landako gunea zientziaz betea
Euskaraz zientzia egiten dugunok euskal kultura egiten dugu ere. Agian batzuetan ez zaigu behar beste aitortzen hori kulturgintzatik, agian Karmele Artetxek lehen egunean aipatu zituen Lizardi ta besteen aurreiritzi batzuk ez direlako guztiz gainditu. Bai euskarak, bai zientziek, uztartzerakoan, bizia hartzen dute.
#IkerGazte n argi gelditu da: euskara ta zientziak bata bestearen arnasgune dira
— Koldotxu (@koldotxu) May 15, 2015
Pertsonalki ikaragarria izan da hainbat pertsona desbirtualizatzea eta beste batzuekin sarean dudan harreman hori errealitatera eraman izana. UEUko komunikazio gerrillarekin afariko guda adierazlerik onena izan da.
#IkerGazte komunikazio taldea vs txiolari xume hau pic.twitter.com/tblNCxXmm8
— Koldotxu (@koldotxu) May 14, 2015
Baita ere harrobi bikaina dagoela ikusteak asko poztu nau. Jende ezberdina ezagutu dut, zaharrak eman dezakeen laguntza eskaini diet eta etorkizunean berriro ikusiko garenaz ziur nago. Egia da oharkabe pasatzeko asmoarekin joan nintzela baina, beno, zer egingo diogu, jende asko ezagutzen dut. Hori bai, mundu guztia sakelakoarekin zegoen baina sarean betiko lau pelmak eman dugu kaka. Askok twitter ez izateak asko harritu nau. Hor badago zer hobetzerik.
Azkenik eskerrak eman nahi dizkiot IkerGazte posible egun duten guztiei, bai antolaketaren aldetik bai edukiz bete dutenei. Ziur nago zaharragoa naizenean lehenengo IkerGazten egon nintzela harrotasunez kontatuko dudala, zaharra zarenean kontatzen duzun bataila horietakoa. Eskerrik asko, bihotzez.
One comment on “Ikergazte, euskara eta zientzia bata bestearen arnasgune”