Genetika, genomika ta beste

Gauza bat da esatea eta beste bat egitea (IV)

Urte erdia pasa da segida honen azkena idatzi nuenetik, animatuta nago eta berrartuko dut. Lehenengoko atalean gene guztiak aldi berean aktibo ez daudela azaldu nizun , gero, aktibo badaude ere aldaketak jaso ditzaketela eta baita ere aktibo egotea nola kontrolatzen denari buruz zerbait . Gaurkoan gene bat eta betetzen duen funtzio biologikoaren arteko harremana guztiz zuzena ez dela azaltzera nator.
 
Baina, nola da posible hori? Orain arte beti esan dut proteinek funtzio biologikoak betetzen dituztela eta proteinak geneetatik itzultzen direla! Ba, beno, zerbait onartu behar dizut. Hori horrela da baina ez da. Funtzio biologiko batzuk betetzeko proteina ezberdinak behar dira eta, hortaz, gene ezberdinen parte-hartzea. Har dezagun adibidez gure odol sistema, AB0 delakoa. Gene batean A, B edo 0 odola izango dugula “idatzita” dagoela uste dezakezu. Eta hala da. Baina gene horrek (ABO izen originala duena) beste gene batek ekoizten duen proteina baten lana beharrezkoa du jarduteko, H genea deitzen dena. Gene honek ez badu bere lana egiten ezin daiteke A edo B motatako odola izan. Honi Mumbai fenotipoa deitzen zaio, nahiko gertaera arraroa dena milioi batetik 4, beno Mumbain izan ezik, hor hamar milatik batek izan dezake.
 

 
20150522123859
 
Errezeta guztiak ondo egin eta konbinatzen badira ganorazko janaria lortzen da. Funtzio biologikoekin, antzeko zerbait.
 

 
Eredu hau nahi beste konplikatu daiteke “konplexuak” deitzen diren ezaugarrietan. Proteina askok eta, hortaz, gene askok parte hartzen dutenean, gene horiek kontrolatu eta behar den neurrian aktibo egotea beharrezkoa da. Hortaz, dena behar bezala funtzionatzeko, hainbat gene batera doazela esan dezakegu, beren aktibitatea erlazionatuta dagoela. Bazkarien konparazioekin jarraitzeko, jakin badakigu errezeta batek goarnizio ezberdinak eraman ditzakeela, edariarekin konbinatu behar dela, etab. Ardo ederra aukera dezakezu, goarnizioa goxoa izan baina janari garrantzitsuena ez bada ondo egiten, kakapiloa jango duzu. Ba halako zerbait. Geneen arteko harreman horiek ezagutzea beharrezkoa da zeren, hainbat gaixotasunean, gene bat edo bestek huts egin beharrean, batera doazen gene hauen arteko harremana aldatzen da. Sotila ezberdintasuna baina ondorio handiak izan ditzakeenak. Nola kontrolatzen da guzti hori? Beste baterako utziko dugu.
 

Utzi erantzuna