Kafepintxo

Zintzotasunagatik

Abertzale ezkertiarrak gazi-goxo gabiltza hauteskunde ajean. Goxo Nafarroan aldaketa posible delako; lur-jota botere asko galdu dugulako, Gipuzkoa eta Donostia galtzea zaplastako erraldoia izan da. Twitter-eko denbora-lerroan mota askotariko gogoetak, 140 karakteretako solasaldi luzeak eta, oro har, etsipen puntua ikusten nabil.
 
Bai, egia da, ostia galanta izan da. Hausnarketa, gogoeta eta autokritika dira gehien irakurri ditudan hitzak. “Ezkertiarragoa izan behar zen”, “abertzaleagoa”, “ez dugu asmatu”, “pedagogia falta izan da”, “arinegi joan gara”, “soilik kudeatu da”, “ez da aldaketa nabaritu”. Bakoitzak bere arrazoiak aurkitu ditu, aurkituko ditu. Ziur kasuistika anitza dela eta denetarik egongo dela. Ezin dugu ahaztu orain lau urte kanpaina ilegalak izaten hasi zela; bidegabekeriagatik bozka mailegatu asko egon zitekeela eta hauek berera itzuli direla; baita zigortu gaituen jendea dagoela edo harrapatzen jakin ez duguna. Hori horrela da eta mundu guztia buru belarri dabil gertatu zaiguna argitu nahian.
 
Hala ere, dena eta denak kontra izanda ere, 300.000 bozkatik gora jaso ditugu. Eta oraindik ez dut inor hausnarketa alderantziz egiten ikusi, hots, zergatik botere faktiko, indar bizi eta beren morroien kontrako kanpainaren ostean 300.000 pertsonatik gora EHBildu bozkatu dugu. Bai, bere helburua lortu dute: botere asko kendu digute. Ados. Baina horretarako beren garroetako bat sakrifikatu dute, etorkizunerako beharrezkoak diren zubi asko erre dituzte eta gure aurkako aurreiritzi eta fobiak sustatu. Zentralitatea deitzen den gezur hori betetzeko trikimailu guztiotaz baliatu dira. Eta, hala ere, 90 gehiengo oso, 21 erlatibo eta, garrantzitsuena, 1195 zinegotzi. Eta inork ez digu galdetu zergatik bozkatzen jarraitu dugun kaosa dakarren aukera! Hain inkonformistak gara lortutakoa (ia) ahazten dugula!
 
Nire arrazoia argia da: zintzotasunagatik. Beno, ezkerrekoak eta abertzaleak gara, beti zerbait “-ago” bat nahi dugu. Beti independentistagoa, ezkertiarragoa edota iraultzaileagoa den zerbait egin behar dela usteko dugu. Baina niretzat zintzotasuna da gakoa. Garrantzitsuena hori da. Lau urte hauetan zintzotasunez jokatu da? Bai. Nire konfiantza mantentzeko beharrezkoa dena. Gainontzekoa eztabaidagarria da, ñabardurak jarri daitezke edota ikasten joan gaitezke. Baina zintzoak izan. Kea saltzea eta hitz politak zintzotasuna baino gehiago saltzen dute, baina epe laburreko estrategia da. Zintzotasunak epe luzera ematen ditu fruituak, baina bide sendoagoa da. Inork ezin du eztabaidatu Juan Carlos eta Martin zintzotasunez jokatu ez dutenik. Mirenek bera alkatea ez izatea xenofoboak Gasteizko udaletik botatzeko, politikoki buruaz beste egitea izan daiteke, baina zintzotasun erakustaldi ederra . Edo Enekok Arrasate gertatutakoaz argi idaztea . Jende zintzo honekin nahi dugun tokira helduko gara.
 
Nire aldetik eskerrak eman nahi dizkiet lau urte hauetan zintzotasunez jokatu duten ordezkari guztiei. Baita zerrendak bete dituzten guztiei, batez ere nire denbora-lerroan ditudanak, egindako lana eskertu nahi diet. Eta nire indarra bidali 1195 zinegotzi horiei, gure ahotsa baitzarete. Bereziki Nataliari, Joni eta Javiri eta Meritxelli, Josebari eta Zigorri, nire ordezkariak Basauriko udalbatzarrean eta Bizkaiko batzarretan. Ñabardurak ñabardura, zintzotasunez jokatzen duzuen bitartean nire babesa izango duzue.
 
Eskerrik asko denoi eta animo ekipo, asko dugu irabazteko!
 

Utzi erantzuna