Genetika, genomika ta beste

Ikertzaile ez hain gazte baten ateraldia

Gaurkoan bost urte betetzen dira tesia irakurri nuenetik. Aproposa barrura begiratzeko eta ikertzaile izateari buruz hausnartzeko.
 
Teknikoki 35 urte izan arte ikertzaile gaztetzat jotzen gaituzte. Horrek ogibide honen lehen arazoa azaleratzen du: ezegonkortasuna mozorrotzeko helduoi gazte esaten digute. 32 urte ditut, ilea galtzen eta urdintzen, gazte izatetik urrun. 5 urte hauetan ezegonkortasuna izan da nagusi, askoz jota bi urte leku batean, langabezia, ezjakintasuna, hamaika egitasmo baina gauza gutxi gauzatu. Nire eskuetan zegoen guztia egin ostean, lan txukuna egin ostean, oztopoek egindako lan guzti hori ez ikustea (eta mahai gainean ezin jartzea) eragiten dute. Eta lo egin gabe gau asko eman ditut. Lan honetan guzti horrekin bizitzen jakin behar duzu. Behin-behinekotasuna normalitate bilakatu. Buruarekin pentsatzeko egoerarik onena ez bada ere
 
Edonola ere beti mezu positiboa izaten saiatu naiz. Barrutik beste gauza bat pentsatzen banuen ere, irri bat jarri eta aurrera jarraitu. Horrela zientzia umorearekin hartzen duen pertsonaia garatu dut, eguneroko beste edozein arloetan bezala txantxa puntu batekin, umore beltzarekin jolastuta ere. Baina ez dakit pertsonaia, karikatura, eskuetatik joan ez zaidan eta beldur naiz pailazoa edo bufoia izaten bukatu ez izana. Bizitza den antzerki erraldoi honetan batzuetan pertsonak gure pertsonaiaz atseden hartu beharra dugu.
 
Agian arintasun horrek, zientzia normaltasunez egin edo azaldu nahi izanak ezkutatzen du nire lanean profesional zorrotz eta nekaezin bat naizela. Bai komunitate zientifikoan (18 ikerkuntza artikulu eta hamaika komunikazio kongresuetara) baita gizarteari (ia 100 dibulgazio artikulu) egin dizkiodan ekarpenak hor daude eta, nire apaltasunean, pertsonaia bere dimentsio osoan epaitzeko alboratzeko ohitura dut. Zeren, onartzen dut, bost urte hauen ostean (eta aurreko lau t’erdiak gehituta) lan honetan harroputz asko (gehiegi) dagoela iruditzen zait. Top Gun parafraseatua, beren egoek egindako lanak ordain ezin ditzakeen txekeak betetzen dituzte. Iritzi onegia dute bere buruaz eta esaten dutena Egi absolutua. Baina ikertzaileak, gure subjektibitatetik abiatuta, errealitatearen eskribauak besterik ez gara. Ezin dezakegu inoiz hori ahaztu. Gizarteak ezin digu hori ahazten utzi.
 
Kontua zera da, ezin dugula sinistu pentsatzen duguna. Behaketek kontrakoa esaten badute pentsatzen dugun hori aldatu beharko dugu. Eta, tamalez, beren txokoa mantentzeko, gehiegik hau ahaztu dute. Ez gara izaki garbi eta aratzak. Beste edozeinek bezala gure filiak eta fobiak ditugu, argi izan behar dugu pertsona eta ikertzailearen arteko marra. Eta gizarteak ezberdindu behar du aditu bezala ari garenean edo aditu etiketa baliatuta gure iritzi pertsonalak saltzen ditugunean.
 
Ez dut ilusioa galdu, ez, ez da hori. Nire lana asko gustatzen zait, nire lanaz maiteminduta nago, eta pribilegiatu bat naizela iruditzen zait. Oro har nahi izan dudan zientzia egiteko aukera izan dut eta nire lanaz harro nago. Zientzia buruarekin, ez diruarekin. Ospea eta tituluak diru asko biltzen (eta xahutzen) dutenak dira baina dituzten baliabideak izanda, normala emaitzak lortzea, baina egiten duten zientzia buru gutxi erabilita da. Beno, hau nire iritzia da, urteekin ikusi dudana. Nire helburua ez da ez hori aldatzea ez portadarik eramatea. Ez naiz izar bat, ezagumenduaren langilea naiz. Nire helburua nagoen tokian lan txukuna egitea, lan itxurosoa egitea eta ezagumendua handitzea da. Baina hori bai, arraioa, ze zaila den esker on pixkat lortzea. Ez bakarrik gizartearena edo lankide batzuena, baita gertuko pertsonena ere.
 
Egia da ikasturte hau berezia izan dela. Adibidez hainbat medioetan agertzeko aukera izan dut edota #KZJaia3a koordinatzeko. Inplizituki errekonozimendu bat da eta egia esan oso eskertua nago zientzia eta gizartearen arteko lotura hori egiteko aukera eman zaidalako. Baina orain beste batzuen txanda da, zientzia guztion ardura baita, eta beldur naiz nitaz saturatua bukatzea eta ni saturatuta bukatzea. Pausu bat atzera eman, freskotasuna berreskuratu eta proposamen berriekin itzuli. Hau (zientzia zein zientziaren gizarteratzea) lasterketa luzea da. Lanean belaunaldi berriei laguntzen nabilen bezala, bigarren mailan kokatu protagonismoa beraiei uzteko. Dibulgazioan, hitzartuta ditudanak bete, Edonolako kafepintxoari atseden eman eta #dazientziat traola erabiltzea zuen eskuetan utzi. Adi egongo naiz, beti bezala, baina publikotik. Zuengandik ikasten jarraitu nahi dut, lanean belaunaldi berriekin ikasten nabilen bezala. Bidea luzea da eta bertan aurkituko gara.
 

 
Laster arte,
 

 
Koldo.
 

One comment on “Ikertzaile ez hain gazte baten ateraldia

Utzi erantzuna