A gripeak (H1N1 motatakoa) 2009-2010an zeresan handia eman zuen , batez ere heldu gazte eta osasuntsuek pairatzen zutelako, beste gripe motetan arrunta ez dena. Pandemia bat izan zen, mundu guztian kasuak egon zirelako eta, deigarriena, hasieran heriotza tasa normalean baino altuagoa zelako. Pandemiak aurrera zihoala heriotza-tasa jaisten joan zen eta, azkenean, ez zen hain arriskutsua izan. Hala ere, pertsona osasuntsu askok ospitalean denbora pasa zuten A gripeaz kutsatu ostean eta beste hainbestek beste edozein gripe baten moduan pasa zuten, hots, etxean manta eta zopekin. Baina… zergatik sentikortasun ezberdintasun hau?
Bartzelonara lanera joan nintzenean horretan ari ziren, A gripearekiko sentikortasun hori aztertzen. Ea geneek sentikortasun hori azal zezaketen hain zuzen ere. Horretan aritu nintzen eta orain dela gutxi PLOS ONE aldizkarian lan horren emaitzak argitaratu dira . Ondorio nagusia, txapa guztia irakurri ez nahi baduzu, osagai genetiko aipagarririk ez dagoela da.
A gripe gogorra pairatu zuten eta normala pairatu zuten pertsonen material genetikoa konparatu genuen. Baita populazio orokorraren material genetikoarekin. Horretarako geneei buruz eta egitura genetikoari buruz aztarnak eman ditzaketen 500.000 markatzaile genetiko inguru aztertu genituen, SNP deitzen direnak (Zientzia Kaieran azaldu dizuet zer diren ). Markatzaile hauen maiztasunak A gripe gogorra eta normala izan zuten pertsonetan ikusita jakin daiteke zeintzuk markatzailek lotura izan dezaketen. Eta hortik ondorioztatu zein genek eragin dezakeen.
Konparaketak egin ostean zera lortu genuen: markatzaile esangarri bakarra gaixotasunarekin harreman gutxi duen gene batean. Ez, ez zen etorkizun handiko emaitza. Egia da populazio orokorrarekin konparatuta hainbat markatzaile esangarri lortzen zirela, baina modu ez-zuzenegia zen zerbait argia lortzeko. Baita ere beste ikerketa batzuetan proposatu diren markatzaileak aztertu genituen baina, gure populazioan behintzat, ez ziren esangarriak.
Egia esan emaitza aipagarririk ez lortzea ez da txarra. Pena pixka bat ematen du baina ez da porrota. Askotan ikerkuntza baten emaitzak gehiegi saldu nahi dira eta ondorioak behartzen dira, gaininterpretatzen dira. Baina ohitu behar gara emaitza negatiboak deitzen ditugun horiek izatera. “Ez dago harremanik”, “ez dago erlazio aipagarririk”, “ez da ezer aurkitu” bezalako emaitzak ez dira txarrak edo porrotak, emaitzak baizik. Eta esperimentua ondo diseinatu denaren seinale. Azken finean metodo zientifikoak duena da: hipotesi bat duzu, hipotesi hori frogatzeko edo baztertzeko esperimentu bat egiten duzu eta emaitzen arabera hipotesia ontzat ematen edo baztertzen duzu. Ikertzaileok gizartea emaitza negatiboetara ohitu beharko genuke, zientziaren prozesuaren parte baitira. Gure hipotesia gaixoen genetikak eragina zuela zen. Hainbat markatzaile genetiko aztertu genituen eta ez genuen harremanik aurkitu. A gripea txarto pasa zenuela? Ez da zure geneen eraginagatik edo ez behintzat aztertu genituen geneengatik. Beste zerbait izango zen. Baina hori beste ikerketa bat da.
One comment on “A gripearekiko sentikortasuna eta genetika”