Josuk homeopatia egurtu zuenean Zientzia Kaierari txio honekin erantzun nion.
@zientzia_k nik uste, genetikan diogun bezala, @Josu_lg-k alergia horren geneak konstitutiboki aktibo dituela urte osoan zehar 😉
— Koldotxu (@koldotxu) April 14, 2016
Badakizue zientzian kontzeptu sinpleak izendatzeko hitz potoloak erabiltzea gustatzen zaigula. “Konstitutiboki aktibo” (euskaraz ez nuen/dut itzulpen hobeagorik aurkitu) egoera normalean piztuta dagoen gene bat izendatzeko erabiltzen dugu. Hau da, funtzionatzen egon ohi den genea. Genetikan geneak adierazten direla esaten da, asko, gutxi, edo dena delakoa. Horrekin gene horrek idatzita duen funtzio biologikoa mugatua (gutxi adierazi) edo jo eta ke (asko adierazi) dagoen ondoriozta dezakegu. “Konstitutiboki aktibo” beti adierazten den genea da eta, ondorioz, zelula horrek bere lana betetzeko behar dituen funtzio biologikoak. Josuren zelulen kasuan, homeopatiaren aurka urte osoan zehar egiteko.
Honekin lotuta “konstitutiboki azpiadierazita” edo “konstitutiboki gainadierazita” kontzeptuak ditugu. Gaixotasun batean edo egoera batean (demagun ariketa fisikoa egin ostean) bere funtzioa aldatuta duten geneak bilatzeko ohitura dugu. Egoera normalean baino aktiboagoa badago “gainadierazita” dagoela diogu eta aktibitate gutxiago badu “azpiadierazita”. Imajina argi-lanparak, argi-intentsitatea kontrolatzeko duten horietakoak. Beharren arabera argiari intentsitate gehiago edo gutxiago ematen diozu, ezta? Ba zelulek ere, beharren arabera, geneen intentsitatea moldatzen dute. Baina jatorri genetikoa duten gaixotasunetan, gerta liteke, gene bat pertsona osasuntsuek baino gehiago edo gutxiago adieraztea, hau da, aktibitate-maila aldatu hori gaixotasunaren ezaugarri bat izatea. Orduan gaixotasun batean gene bat “konstitutiboki azpiadierazita” edo “konstitutiboki gainadierazita” dagoela esaten da. Hots, egin beharko lukeena baino gehiago edo gutxiago funtzionatzen ari dela beti gene hori eta, hortaz, funtzio biologiko hori aldatuta dagoela.
Zergatik gertatzen dira adierazpen aldaketak? Beno, hori beste sarrera baterako gaia izango da. Jakin-mina gainadierazita uzten zaituztet.
One comment on “Konstitutiboki aktibo”