Genetika, genomika ta beste

Zientzia jalgi hadi plazara (1): Sortu, zaindu, transmititu

Zientziagintzaren lan nagusia ezagumendua sortzea, zaintzea eta transmititzea da. Edo beharko luke. Nire ustez behintzat, oinarria hori izan beharko litzateke. Badaude dakizkigun gauzak eta, horietan oinarrituta, gauza berriak ikertzen eta jakiten ditugu. Bernardo Chartreskoak esan bezala (beranduago Newtonek famatu egin zuena)

Ipotxak gara erraldoien bizkar gainean igota.

DSC_0121

Honek zientziagintzan ari garenoi hasieran aipatu ditudan hiru betebeharrak kontutan hartzera behartzen gaitu, modu inkontzientean bada ere:

  • Ezagumendua sortzen dugu. Baina ez gara hutsetik hasten. Zerbaiten gainean egiten dugu lan, inspirazio-iturriak ditugu, ideiak han eta hemen erabiltzen ditugu gero beste batzuek erabiliko dituztenak. Baina zerbait berria da, lehen jakina ez zena. Egia esan ezagutzen ez genuen zerbaitez jabetzen garen momentu hori ia magikoa da.
  • Ezagumendua zaintzen dugu. Aurretik jakina dena eta jakin berri dugun hori nonbait gorde behar da ez galtzeko. Askotan gure buruetan gordetzen dugu edota gure kaieretan, beranduago argitaratzen direnen zati bat. Egia esan liburu edo artikuluetan idazten duguna da gordeta gelditzen den ezagumendua. Garrantzitsua da gordetako ezagumendu guzti horiek zaintzea, Alexandriako liburutegia ez errepikatzeko eta ezagumendu guzti hori ez galtzeko.
  • Ezagumendua transmititzen dugu. Bai ezagumendu berriak sortuko dituztenei bai jakite hutsagatik jakin nahi duenari (oraindik hori jakin nahi duela ez badaki ere). Lehenak katea ez apurtzea baimentzen du, bigarrenak katebegi berriak izatea. Oso garrantzitsua da transmisio egokia egitea, ez bakarrik ezagumendua beragatik, baita zientziagintzara jende berria erakartzeko.

Egia da zientziagintzan ari garenok ez ditugula hiru gauzak aldi berean eta 100% egiten. Ezta egin behar. Norbera arlo batean edo bestean trebeagoa da edo erosoagoa sentitzen da eta hiru gauza hauetan proportzio ezberdinean ari da. Gainera denboran ez da zertan mantendu behar, batzuetan ezagumendua sortzera eta zaintzera mugatzen zara, besteetan sortutako hori transmititzera berria sortzen duzun bitartean. Bestalde ez dira konpartimentu estankoak, hiruen arteko fluxu etengabe bat dago, modu kontzientean egiten ez badugu ere.

Baten batek esan lezake deskribatu dudan hori kultura (edo artea) deitzen dugun horretan ematen dela. Hasieratik argi eta garbi esango dut: kulturgintza zientziagintzaren parte bat da eta zientziagintza kulturgintzaren parte. Zientziak eta letrak, zientziak eta arteak, zientziak eta kulturak,… dikotomia guzti horiek artifizialak eta mingarriak dira. Eskutik joan beharko liratekeen esparruak ezin daitezke bizkar emanda bizi. Denbora eta energia gehiegi galtzen dugu banatzen gaituena eta gureari garrantzia ematen, bestearen gainetik gelditzeko, garrantzitsuena denaren kaltetan: sortzen, zaintzen eta transmititzen. Izan Giocondak dituen sekretuak, izan anatomia. Esaiozue Leonardo da Vinciri zientziagintza ala kulturgintza aukeratu behar zuela. Badakizue horrek zein galera handia ekarriko ligukeen.

353px-Da_Vinci_Vitruve_Luc_Viatour

Da Vinciren Vitrivioko Gizona, artea eta zientzia uztartuta.

Pentsa liteke hau zientziagintzaren ikuspuntu idealista bat dela, guztiok nahiko genukeen egoera, baina egunerokotasunak zail egiten duena. Bai egia da, hemen nahi beste oztopoen zerrenda egin dezakegu, baina niretzat argi dago: ezagumendua sortzea, zaintzea eta transmititzea ez da mundu ideal bateko nahia, zientziagintzak funtzionatzeko beharrezkoak dituen minimoak baizik.

Bestela arazoak eta oztopoak agertzen dira edonondik: txarto egiten diren esperimentuak, zuzen interpretatzen ez diren emaitzak, modu errazagoak ezagutzen ez direlako beharrik gabe errepikatzen diren prozedurak, etab. luze bat. Bai oso nekagarria da burokraziarekin borrokatzea, diru-laguntzak banatzerako orduan zure ikerketa behar bezala saltzea, gero eta berdeago datozen ikasleei gauzak erakustea eta gero bizitza bat izatea. Baina horiek guztiak gauzak ondo eta behar bezala egiteko pasa beharreko ordainsari garestiak dira, baina ez bidea. Bidea zientziagintzan ganoraz eta dotore aritzea da.

Egia da zientziagintzari gauza asko erantsi dizkiotela eta, horrek, desitxuratu duela. Ikerketari Garapena eta berrikuntza (I+G+b) erantsi zioten eta oinarrizko ikerketa, zientziagintzaren muina eta arima, desitxuratu. Aplikazioak eta berritasunak lehenetsi dira oinarrizko galderen kaltetan. Orain hauen inguruan ikertu ahal izateko beti bere etorkizuneko aplikazioei buruz zerbait erantsi behar da. Ke hutsa bada ere. Badirudi ezin dela ikertu, zientzia egin, jakin-mina asetzearen plazer soilagatik, ezagumendua handitzeagatik. Zientziagintzan jarduten garenoi “Zertarako balio du horrek?” galdetzen digute ageriko aplikaziorik ez badu. Galdera horren aurren beti defentsiban jartzen gara eta justifikazio arrazoitu bat bilatzen dugu.

Bada garaia ikerkuntzaren I hori aldarrikatzeko eta eranskin guzti horiek kentzeko, zientziagintzarekin zerikusirik ez baitute. Bada garaia halako galderen aurrean “Zergatik ezjakin izaten jarraitu nahi duzu?” erantzutea, jakin-mina eta hau asetzea aldarrikatzeko, zientziagintzaren muinak baitira. Bada garaia, hitz batez, zientziagintza den balore positiboaren aldarrikapena egiteko. Zientziagintza ona eta onuragarria da. Ezagumenduaren sorkuntza, zainketa eta transmisioa beharrezkoa da gizarte duin eta jantzia izateko. Zientziagintzan ari garenok aurreko belaunaldiei eta hurrengokoei zor diegu behar bezala ezagumendua sortzen, zaintzen eta transmititzen jarraitzea.

2 Comments on “Zientzia jalgi hadi plazara (1): Sortu, zaindu, transmititu

Utzi erantzuna