Zientziagintzaren barnean bi eragile nagusi daudela iruditzen zait, zientzialariak eta zientziazaleak. Zientzian jarduten dutenak eta zientzia gustuko dutenak. Bi eragileek harreman estua dute eta pertsona bat, momentu eta testuinguruaren arabera, bata edo bestea izan. Edo bien nahasketa bat.
Egia esan zientzialari hitza gutako gehionentzat handiegi gelditzen zaigu. Oraindik zientzialari izateko asko falta zaigun ikertzaile eta zientziaren apologistak besterik ez gara. Behin lagun batek galdetu zidan ea benetan gure buruak eta ingurukoak (garai hartako gure nagusiak) zientzialari moduan ikusten genituen, berarentzat hitz hori handiegi gelditzen zitzaigun. Eta egia da. Gutako gehienok ez dugu nahikoa digieboluzionatu zientzialari bezala hartuak izateko. Ez diogu zientziari ekarpen nahikoa egin status hori edukitzeko.
Apaltasun hau azaltzea eta gure mugak onartzea beharrezkoa dugula iruditzen zait, aho handiko harroputz asko baitaude. Harrokeriarekin destainaz begiratzen duten horiek, bere ikerkuntza bere zilborrarekin nahasten duten horiek, min handia egiten diote zientziagintzari. Batetik zientziazaleak uxatzen dituztelako, bestetik giro txarra sortzen dutelako. Honek ezagumendua sortzea, zaintzea eta transmititzea oztopatzen du eta, hortaz, zientziagintza kaltetu.
Baita ere iruditzen zait zientziazaleei ez diegula merezi duten begirunea eta errekonozimendua onartzen. Izan daitezela lerro hauek zientzia gustuko eta zientziarekin gozatzen duten pertsonei nire esker ona emateko, askotan errez jartzen ez badiegu ere. Gaur egungo testuinguruan zientziazalea izatea, pozgarria ez ezik, ausarta ere bada. Gainera zientziarekiko zaletasuna bultzatzearekin batera, zientzian aritu daitezkeen pertsonen kopurua handitzen da, hori argi dago. Etorkizun hurbil edo urruneko ikertzaileak (eta, ekinaren ondorioz, zientzialariak) gaur egungo zientziazaleak (gazteagoak edo zaharragoak) dira. Ez badute zientzia gustuko ez dira inoiz zientziagintzara gerturatuko.
Honek ondorio argi bat dauka: ikertzaileok eta zientzialariek zientziazaleak mimatzeko betebeharra dugu eta denok zientziazale berriak erakartzeko. Inork ez du zientzia hobeto salduko zientziarekin gozatzen duen pertsona batek baino. Azken finean hau maitasun ipuin bat da: zientzia maite dugu eta, edozein maitemindu bezala, hitz eta begi onak besterik ez ditugu zientziarentzat. Ahotik ahora, zientziarekiko dugun zaletasunarekin matraka eman, grina hori, horiek dira propagandarako armarik onenak.
Argi daukat zientziazale bikaina izateko ez dela zertan ikertzailea/zientzialaria izan behar. Zientzia gustuko izan horretan jarduten ez badu ere. Hain argi ez dudana da ikertzaile on bat (eta noizbait zientzialari izatera) izan daitekeenik zientziazale izan gabe. Zientziarekiko grinik gabe lana bete daiteke, bai, baina sorkuntzan ez da pasiorik egongo, zaintzen ez da arduratuko eta transmisioa ez da egokiena izango. Lana bete eta listo. Teknikari ona izango da bai, ospe handikoa ere, baina ez du zientziagintza berea egingo. Ez du zientzia sustatuko zientziaren plazer hutsagatik. Beste lehentasun batzuk izango ditu, beste parametro batzuetan funtzionatuko du, eta zientziagintzari kalterik ez badio egiten, gaitzerdi.
Kalteak eta giro txarra ekiditeko lari ta zaleen arteko elkarrizketa jarraia beharrezkoa dela iruditzen zait. Zer behar den, zer eman daitekeen, esparru eta interes ezberdinak nola uztartu, bata besteari lagunduta eta bata bestearen iparrorratza izanda. Zientzia hedapena, zientziaren apologia egitea, denon ardura baita. Zeren, gero gure buruari galdetzen diogu zergatik ez dauden zientzialariak izan nahi duten haurrak edo interes txikia dagoen zientzian. Beno, agian orain arte erakargarria egiteko saiakerak mugatuak izan direlako.
Egia da azken boladan lari eta zaleen arteko elkarrizketa eta elkarrekintza sustatzeko hainbat formatu berritzaile eta interesgarri egiten ari direla, esate baterako, Zientzia azoka, Zientziateka, Bertsozientzia, Wolfram Deuna edota Pint of science. Zientzia laborategi eta bulegoetatik atera eta arkupe, kultur-gune, udaletxe eta tabernetara eramatea. Plazara ateratzea. Beste edozein zaletasun bezala sustatzeko eta lariek gozatu ahal izateko. Bai, zientzia beste edozein zaletasun bat bezalakoa da eta zientzian jarduten dugunok eta zientzia maite dugunok zaletasun hori elikatzen jarraitu behar dugu. Izan ere, guzti honetaz ere gogoeta egiteko, hau da, jendea nola erakarri zientziara Josu eta biok antolatu dugun UEUko udako ikastaroa aproposa izan daiteke, non gauden eta zer den beharrezkoa aztertzeko. Denon ardura da, bai, baina ziur nago denon artean lortuko dugula zientziaren zaletasuna sustatzea, argi dago eta zientzia oso moloia dela.
One comment on “Zientzia jalgi hadi plazara (2): Lariak eta Zaleak”