Zientzia metodo zientifikoan oinarritzen den oro dela esan ohi dugu, jakintza-arloen artean egiten diren banaketa artifizialei (eta mingarriei) aurre egiteko. Egia esan, oso astunak gara metodo zientifikoarekin, mantra bat dirudi, baina zientzia, zientziagintza, zuzen funtzionatzeko oinarrizko araua besterik ez da. Zientziagintzan aritzeko minimo etikoa.
Nahiko sinplea da kontua: behaketak egin ostean, horiek azaltzeko hipotesi bat plazaratzen da. Hipotesi hori baieztatzeko edo ezeztatzeko esperimentuak egiten dira eta emaitzen arabera hipotesia errefusatu eta, hortaz, berria egin; edo onartu, teoria bezala izendatzen duguna, behaketa eta esperimentu berriek errefusatu arte. Beste era batera esanda: zientzian dena da behin-behinekoa ezagumendua etengabe sortzen baikabiltza. Gero hor sar gaitezke metodo induktiboan, deduktiboan, hipotesiak gidatutako ikerkuntzan, emaitzek gidatutako ikerkuntzan, eta nahi diren ñabarduretan eta tekniketan. Baina oinarria hori da.
Hala ere, dena ez da hain idilikoa. Denborarekin metodo zientifikoa jarraitzearekin ez da nahikoa izan. Gogoratzen dut PRBBra lan egitera joan nintzenean sinatu behar izan nuen lehen gauza praktika zientifiko onen kodea jaso eta irakurri nuela izan zela. Niretzat, zientzia-pertsona moduan, inflexio-puntua izan zen. Ikerkuntza, partekatzea, interes-gatazkak, ikerkuntzaren komunikazioa, artikuluen autoretza, artikuluen errebisioa eta kontu legalak. Hor zegoen dena, txukun, errez eta momentu horretara arte inork transmititu ez zizkidanak. Hain sinple, hain agerikoa, hain logikoa dena, baina ordura arte nire begien aurrean ez zidatena jarri. Eskuliburu horretan proposatzen diren gidalerroak zientzia ondo egiteko minimo batzuk besterik ez dira, baina garrantzitsuak eta sakonak. Ezagutzea garrantzitsua direnak, askotan ez baitira betetzen eta, ondorioz, zientzia txarra egiten baita.
Gai honekin oso tematuta nagoela aitortzen eta onartzen dut. Oinarrizkoa eta berebizikoa iruditzen baitzait zientzia ona egitea. Horretarako esparru guztietan zintzotasunez jokatu behar dela iruditzen zait: emaitzak aztertzerakoan, emaitzak plazaratzerakoan, lankideekin, zientziagintzan ari den gainontzeko pertsonekin, komunikazioan, mugen aitortzan eta bakoitzari berea dena onartzean. Solitariora tranpak egiten baditugu, ez baditugu gauzak behar eta diren bezala azaltzen, zientzia txarra egiten gabiltza. Eta horrek kalte handia egiten dio zientziagintzari (ezagumendua sortu, zaindu eta transmititzeari) eta gizarteari.
Adibidez Pedromicsen binetak dioen bezala lehen “Natura benetan ulertzeko gertaera honi azalpen bat bilatu behar diot” buruan izanda jarduten zen; orain gehiegik “Naturen nire artikulua argitaratzeko nire kontakizunera egokitzen diren emaitzak lortu behar ditut” dute buruan. Hori gero eta gehiago ikusten den zientzia txarraren, etika zientifiko gabeziaren, isla besterik ez da. Tentazioa oso handia da datu bat hemendik kentzeko, beste hori kontutan ez izateko, ezagutzen denaren aurka ez joateko. Baina hori metodo zientifiko beraren aurka doa.
Marra horiek lausotzean iruditzen zait gehiago gerturatzen garela sasizientziara eta sasizientziari kritikatzen diogun guzti horretara. Izan ere, batzuetan bere burua zientzialaritzat jotzen duten batzuek, etika faltagatik, sasizientzian aritzen direnetik ez dira aldentzen. Horren aurka egiten dutela badiote ere. Askori kamera bat hipotesi bat baino gehiago gustatzen zaie eta, noski, horrek bere ondorioak ditu, Kardashian indizea, esate baterako. Gauza bat da ospea, bestea hori nola lortzen den eta zertarako erabiltzen den. Adibidez autoritate falaziatik aldendu beharko ginateke, baina askotan justu kontrakoa da. Gure jakintza-arloan aditua izateak ez gaitu superbotererik ematen gauza guztiei buruz iritzia izateko eta egiaren jabe izateko. Zientzian dena behin-behinekoa bada inork ez du egia bere eskuetan. Ez gara Egiaren jabedun izaki argitsuak.
Hauek niretzat praktika txarrak direnen adibide solte batzuk besterik ez dira. Haserrea baino etsipena sortzen didatenak. Zientziagintzan beste estandar eta parametro batzuekin jokatu beharko genuke baina, tira, dagoena dago. Testuinguru batean bizi gara eta harroputzak esparru guztietan daudenez zientziagintzan ez gara horietaz libratzen. Baina aktan jasoa geratu dadila abisua.
Askotan aipatzen dugu kultura zientifikoa garrantzitsua dela gizarte kritiko eta jantzi bat eraikitzeko. Beno, noski, kultura horren barruan etika zientifikoa gakoa dela iruditzen zait, jokatzeko arau minimoak baitira. Adibidez, iruzurtien aurrean, medikuntza eta hezkuntza ebidentzian oinarrituta egon behar direla diogunean, kultura zientifikoa gaude zabaltzen, baina baita etikoki ez dela onargarria frogatua ez dagoen zerbait osatzeko edo hezteko erabiltzea. Izan ere, benetan uste badugu zientziaren baloreak eta jokamoldeak onak eta mesedegarriak direla gizarte osoarentzat, zientziagintzan ari garenok, izan lari, izan zale, “eredu” izan behar gara eta oso fin ibili, arrazoizkoak eta zintzoak izanda. Apaltasunetik onuragarria den hori dotoretasunez hedatu printzipio eta oinarri zentzudun eta zentzuzkoak izanda.
Guzti honekin esan nahi nuena txio honetan laburtu nuen
Zientzia ona
Zientzia garunarekin
Zientzia bihotzarekin
Zientzia guztion eskura
(Nire eguneroko mantra)— Koldotxu (@koldotxu) January 18, 2016
azken finean horiek izan beharko lirateke zientziagintzan ari den ororen minimo etikoak.
One comment on “Zientzia jalgi hadi plazara (3): Etika zientifikoa”