Karrera zientifikoa zientziagintzan modu egonkorrean aritzeko bidea da. Oztopoz betea. Baina momentuz daukagun bide bakarra da. Teorian ideia bikaina da: ikasketa arautu batzuk egiten dituzu, egokia zarela frogatzen duzu hainbat arlo ezberdinetan eta, gero, zure meritu anitzen arabera, akademian lekua izango duzu karrera zientifikoa egiteko. Beno, behintzat lehen doktoretza osteko egonaldira arte. Gauza horiek egiten zauden bitartean eta ostean, egiten dituzun ikerketak publikatzera bidaltzen dituzu, gaian adituak direnen iritziak, kritika eraikitzaileak eta iradokizunak jaso, aldatu aldatu beharrekoa eta aldizkari zientifiko batean argitaratzen dira emaitzok. Horrela komunitate zientifikoak zure ikerkuntza aztertzeko aukera du eta, gainera, gizartearekin partekatu daiteke egindakoa. Hau da, zientziagintzaren sormena eta transmisioaren zati potolo bat akademian eta akademiatik gertatzen denez, akademian pertsonarik egokienak egotea bermatzen da eta egindako ekarpen zientifikoak onenak izatea. Kontu praktikotarako bi kontzeptuei (zientziagintzan dabilen erakunde ofizialei, izan publiko, fundazio edo diru publikoz lagundutako pribatua, eta zientziaren publikazio sistemari) akademia deituko diet.
Nire esperientzia pertsonala, ordea, ez da hain idilikoa. Jende prestatu asko ezagutu badut ere, jende nola-halako gehiegi ikusi dut, eta ez bakarrik zientziagintzari ekartzen diotenean, batez ere besteekin jarduterakoan. Denborarekin, gainera, egiten diren azpijoko eta trikimailuez ohartzen joan naiz eta, azkenean, onartu behar izan dut akademian behar baino oztopo gehiegi ikusi ditudala. Baina hau ez da herratsu baten negar-bilduma bat izan nahi, bakarrik arazo batzuen diagnosia egitea, atzetik datozenak aurkitu ditudan arazo eta oztopoekin ez trabatzeko.
Lehena, zintzotasun ariketa hau egitea da. Enperadorea biluzik dagoela esatea. Akademian jarduten dugunok ez diogu publikoki zerbait txarto dagoela, agerikoa bada ere, egon daitezkeen ondorio eta errepresalien ondorioz. Mugitzen dena argazkian ez baita agertzen eta trapu zikinak ez baitira atera behar. Beno, Nobel sariduna ez bazara, noski, zeren maila bat lortzen duzunean gauzak diren bezala esan daitezke eta gauzak bere lekuan utzi, Randy Schekmanek egin zuen bezala.
Bigarrena, aurrekoa gertatzen da akademian “boterea” izan dezaketen batzuek denon onura buruan edukita jardun beharrean, beren interesen arabera jarduten dutelako. Joseba Sarrionandiak bere “Lapur banden etika ala politika” liburuan, zeina Mondragon Unibertsitatean emandako hitzaldietan oinarritzen den, ederto azaltzen du hori. Honek, okertze sotilen bidez, ideia ona dirudien sistema zapuztu dezake. Nork erabakitzen ditu puntuak emateko baremoak? Nork neurtzen ditu meritu bakoitzak zenbat puntu dituen baremo horien arabera? Nork ezartzen du prozesu guzti hori egokia dela eta zintzotasunez egin dela? Esate baterako, kongresu batera joan eta urtero talde berdinetakoak hizlari izatea. Agian saio batean behin baino gehiagotan. Azkenean susmatzen bukatzen duzu talde horietako arduradunen esku-sartzea dagoela protagonismo osoa izateko. Eta gauza bera argitaratzen diren artikuluetan. Edo diru-laguntzak eskatzerakoan: dirua beti berdina ikertzen duten berdinei ematen zaie… hori baita ikertzen dena! Guzti honen ondorioa argia da: ideia eta pertsona berriak sartzea gero eta zailagoa da.
Hirugarrena, sor daitezkeen arazoak ekiditeko-edo, dena zuzen egiten dela bermatzeko sistema, prozesu luze eta korapilatsuz betetako burokrazia hutsa izaten bukatu du. Esate baterako zure emaitzak kongresu zientifiko batean partekatzeko baimena eskatzea odisea bat bilaka daiteke. Ulertzen dut eta beharrezkoa iruditzen zait prozedurak behar bezala egiten direla bermatzen dituen sistema bat izatea iruzurrak eta praktika txarra ekiditeko, baina eskuetatik joan zaigu.
Orain arte irakurri dituzunak akademiaren eta enparauen inguruan diren ohiko kexak dira: omertà, endogamia eta burokratizazioa. Baina, egia esan, konpondu daitezkeen kontu eramangarriak dira. Beti horien inguruan jarduten dugu gure zilborrari begira gelditzen garelako. Kartzelan bazkari eskasa ematen digutenaz kexatzen gara baina ez kartzelan gaudenaz. Sistema honek badu tranpa handi bat: zer egiten du sistemak onenak ez garen onekin? Ba iruzurtiak garela sentiaraztea. Nature Jobsek Iruzurtiaren sindromeari buruz artikulu oso interesgarri bat argitaratu zuen. Artikuluaren hasieran ikaragarria iruditzen zaidan esaldi bat dago:
Heroia izatera bideratutako esparru batean lan egiten dute non lorpen handienak lortzen dituztenak kirol-izar bezala hartzen diren, beste asko utzita bere buruari isilpean galdetzen ea ordezkoak diren edo txarragoak.
Dirudienez isilpean pasatzen ditugu halako duda uneak. Beno, batzuetan gertukoak garenon artean talde-terapia egiten dugu halakoetan gaudenean. Orain publikoki daitort, eta zuekin partekatuko dut, nahi nukeena baino gehiagotan zalantzan jarri dudala nire egokitasuna ikertzaile moduan eta ez ote nintzen zoriontsuagoa izango zientziagintzatik kanpo. Halako egoerak sortzen dituen sistema ez zait ez osasuntsua ezta egokia iruditzen. Bikaintasuna sustatu behar dela, talentua erakarri behar dela, eta halakoak esaten direnean sortzen diren koste pertsonalez ohartu behar gara. Hemendik gaudenak ez gara ba bikainak eta adimentsuak? Ez dirudi. Karrera honek bide bazterrean pertsona egokiak botata uzten baditu agian beste zerbait pentsatzen hasi behar dugu.
Zeren guzti honek beste galbideratze bat sortzen du: beste gauza guztien gainetik puntuak ematen dituzten gauzak egitea merituak biltzen joateko. Honek praktika txarrak eragin ditzake, adibidez artikuluen egileen inflazioa sortzea (guztiok guztiona sinatu edo mesedeak ordaintzeko) edo artikuluak pisura publikatzea (kantitatea kalitatea ez dagoenean). Baita ere albo batera uztea punturik ematen ez dituzten jarduerak, dibulgazioa esate baterako. Ez da bakarrik norbanakoaren koste pertsonala, baita ere zientziagintzari egiten zaion kaltea.
Hala ere gehien arduratzen nauena atzetik datozenak dira. Hasiberriak izango dira baina ez itsuak, eta ohartzen dira sistemak dituen gabezia hauetaz. Batek baino gehiagok behin tesia bukatuta ikerkuntza (eta zientziagintza) utziko dituela onartu dit etorkizunik ikusten ez dutelako. Gogorra da pertsona langile eta apartek hori esatea, karrera hasi baino lehenago uztear direla esatea. Agian oztopoz betetako karrera hau ez da hain egokia. Agian kontrapisu moduan funtzionatu behar duen zerbait asmatu beharra dago dagoen bide bakarrari astindua emateko. Agian beste modu eta parametro batzuekin funtzionatzen duen zientziagintza herrikoi bat behar dugu.